Arkitektoak

Barriocanal y Gredilla, Nemesio

Donostiako udal-arkitektoa. Briviescan (Burgos) jaio zen 1824ko abenduaren 19an. 1897ko urriaren 1ean zendu zen.

Madrileko San Fernando Akademian karrera egin ostean eta artean arkitekto-titulua jaso gabe zuela, burdinbidearen hainbat tramuren instalazioan parte hartu zuen, horietako zenbait Nafarroan zehar, esate baterako, Iruñea Tafallarekin, Alesbesekin eta Altsasurekin lotzekoak. Biriketako gaixotasun batek jo eta Madrilera joan behar izan zen. Han, azkenik, ikasketa amaierako azterketa egin ahal izan zuen eta, modu horretan, 1860ko uztailaren 24an arkitekto-titulua eskuratu zuen.

1866an Segoviako udal-arkitekto izendatu zuten. Denbora laburrez izan zen kargu horretan, izan ere, hurrengo urtean Donostiako udal-arkitektorako plaza eskuratzeko lehiaketara aurkeztu zen, Eskoriatzako arkitektoak utzitakoa. Hiru hautagai aurkeztu ziren. Bakarra ere ez zen donostiarra eta, azkenik, 1867ko abuztuaren 1ean Barriocanal hautatu zuten aho batez Donostiako udal-arkitekto izateko, izan ere, hari buruzko txostenak ezin hobeak ziren. Hogeita hamar urtez izan zen Donostiako udaletxeko obretako buruzagi, 72 urterekin zendu zen arte.

Bere ibilbide luzean zehar Nemesio Berriocanalek udaletxeak agindutako obra ugari proiektatu eta zuzendu zituen. Jarraian garrantzitsuenak zerrendatuko ditugu. Zerrenda Serapio Mugicak egindako Arquitectos municipales de San Sebastián ikerketatik hartu dugu:

  1. Atotxako pilotalekuaren horma eta zola
  2. Morlanseko ur-eroatea gauzatzeko hodi berria
  3. San Vicente Parrokiako Koroaren oholtza, basamentua eta organo-kaxa barnea
  4. Pozo kaletik arrain-garbitegira urak eramateko aurrekontu eta baldintzak, eta bonba gordetzeko etxolaren proiektua
  5. Zurriolako musika-kioskoa
  6. San Martin auzoko lurren aitorpena, zabalguneko lurretan egindako konpentsazioekin
  7. Askatasunaren Hiribideko zoladura
  8. Udaletxeko teilaturako armadura
  9. Gipuzkoako plazako arkupeen lauzadura
  10. Antigua auzora ur-eroatea
  11. Errotazarreko ur-eroatea eta depositu handi baten eraikuntza
  12. Atotxako pasealekua luzatzeko Norteko Trenbide Konpainiarekin lurrak konpentsatzeko proiektua
  13. Peñaflorida kaleko ikastetxeak
  14. Arrandegiko planoak eta hiltegia handitzeko proiektua
  15. Barrutiko kartzelaren proiektua
  16. Zabalguneko proiektua aldatzeko memoria, planoak eta aurrekontua
  17. Urumea birbideratzeko proiektua (lagunduta)
  18. Bretxako merkatu berriaren proiektua
  19. Errepidea Santa Katalinako zubitik Kristina-eneara desbideratzeko proiektua
  20. Institutua eraikitzeko proiektua, aurrekontua eta baldintzak
  21. Militar-esparrua egiteko Antiguako hareatzak lautzeko ikerketa, aurrekontua eta baldintzak
  22. 1871-1876 bitarteko gerra zibileko gotorlekuak
  23. Konkorrenea gotorlekua
  24. Polloeko hilerria eta sarbidea
  25. Txoritokietako ur-eroatea
  26. Igeldoko errepidea eta ikastetxea
  27. Antiguako kartzela
  28. Añarbeko ur-eroatea (lagunduta).

Erref. Serapio Mugica. "Arquitectos municipales de San Sebastián", Euskalerriaren Alde 1921, 81-85 orr.