Eskultoreak

Barrenechea Torralba, Leon

1892ko ekainaren 26an Irunen jaiotako eskultore Gipuzkoarra. Parisen hil zen 1947an.

Marrazketako ikasketak egin zituen 1907tik aurrera, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan eta eskultura Madrilen ikasi zuen sei urte eman zituen Querolen tailerrean.

1912an, Flor de otoño izeneko emakumezko bustoarekin ohorezko aipamena jaso zuen Erakusketa Nazionalean. 1911ko eta 1913ko Arte eta Dekorazioko Erakusketetan bigarren eta hirugarren mailako dominak irabazi zituen. Orduan jada Madrilen bizi zen, oso miretsia zen lekuan. Madrilgo Udalerako pertsonaia hauen bustoak egin zituen: Quevedo, Ercilla, Calderon, Lope de Vega, Tirso de Molina eta Quintana. Madrilgo Patio de Cristales-en daude, Mateo Inurriaren beste sei bustorekin batera.

Hauek dira Barrenechearen lan ospetsuak: Monumento a la reina María Cristina, 1917ko lehiaketan irabazia eta Juan Gurayaren laguntzarekin egina eta bi urte beranduago Donostian inauguratua; Sarasateri Iruñan eraikitakoa eta 1919. urtearen amaieran I. Mundu Gerrako hildakoen oroimenez Donostian (Frantziako eskola) eraikitakoa. Mota hartako beste obra baterako proiektuarekin bigarren saria irabazi zuen garai hartan Monakon antolatutako nazioarteko lehiaketa batean. 1920an, Barrenecheak eta Julio Beobidek lehen sari bana irabazi zuten Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak antolatutako Artista Berrien Lehiaketan. Urte berekoak dira Eibarko Niceto Muguruza medikuaren eta Peñalver kondearen monumentuak.

Barrenechearen alderdirik originalena ondoren landu zituen euskal eszena eta pertsonaien eskulturetan oinarritzen da. Constantin Meunier-en antzera -jende txiroaren bizitzako eszenak zaletasunez zizelkatzen zituen maisu belgikarra- Leon Euskadiko langileen zale bihurtu zen eta harrira eta marmolera eraman zituen. Gogokoen dituen gaiak landako indarraren erabilerari buruzkoak dira, muskuluak indarrez marrazten direnekoak. Eskulturara eraman ditu kirol euskaldun guztiak: traineru-estropadak, harri-zulatzaileak, idi-probak, laiariak eta palanka-jaurtiketa. Horrez gain, eskultura erlijiosoak ere egin ditu, besteak beste, Madrilgo San Fermin de los Navarros elizako San Antonio eta Kubara bidalitako San Frantzisko.

1936an, gerra piztu zenean, Madrilen zegoen eta handik Frantziara joan zen emaztearekin -frantsesa zenarekin- batera. Paristik Espainiako gobernu errepublikarrari lagundu zion, armak kudeatzen. Eusko Jaurlaritzako jendearekin eta artistekin ere, Bienabe Artia pintorearekin esaterako, adiskidetasuna eta tratua izan zuen. Bi gerretako gorabeheren ondorioz, eskultura alde batera utzi eta altzariak diseinatzen hasi zen ondoren berak zuzenduko zuen aitaginarrebaren enpresarako.

  • PLAZAOLA ARTOLA, Juan. Historia del Arte Vasco. IV. Lasarte-Oria: Etor-Ostoa, 1984. 805-810 or.