Gipuzkoako politikari eta abokatua. Donostian jaio zen 1932ko otsailaren 12an eta 2011ko urriaren 28an hil zen.
Oviedo eta Valladoliden ikasi zuen, Santiagon lizentziatura titulua eskuratuz. 1956az geroztik abokatu lanetan aritu zen.
Bere pentsaera katolikoa izanik, euskal apaiz abertzaleengandik hurbil, 1963az geroztik Cuadernos para el Dialogo aldizkarian aritu zen eta erredaktore izatera ailegatu zen. Abokatu gisa, besteak beste, Burgoseko prozesuan aparte hartu zuen 1970eko abenduan, baita 1975eko abuztuko prozesuan ere Garmendia defendatuz. Defendatzaile gisa ere aritu zen hainbat gerra kontseilutan. Purchenara erbesteratua izan zen, Almanzorako bailaran (Almeria), erregimen frankistak eragindako salbuespen egoera zela eta.
Erregimen frankistaren ostean Espainian lehendabiziko hauteskundeak burutu zirenean, senatari hautatu zuten Gipuzkoatik (Euskadiko Ezkerra alderdian) 1977ko ekainaren 15eko Gorteetara joateko. Rosonekin -hasiera batean eta gero Barrionuevorekin- negoziatu egin zuen erbesteratuak bueltatzeko eta preso politikoak kartzelatik ateratzeko. Jarraian diputatua izan Gipuzkoatik I. Legealdian (1979-1982) eta Garraio eta Komunikazioetako Sailburua, 1978an autonomia aurreko Euskal Kontseilu Nagusia eratu zenean. 1979an ere funtzio berbera burutu zuen hala eskatu ziotelako.
Berriro ere diputatu lanetan aritu zen II. (1982-1986) eta II. Legealdian (1986-1989). 1982an Euskadiko Ezkerrako presidente hautatu zuten, berau alderdi politiko bihurtu zelarik.
90eko hamarkadaren hasieran bateratze prozesua abian jarri zuen eta horren ostean 1993an EEk eta PSE-PSOEk bat egin zuten Euskal Autonomia Erkidegoan "Euskadin bi talde sozialista demokratikoak edukitzeak ez baitzuen zentzurik", baina hala eta guztiz ere oso kritika zorrotzak burutu zituen zenbat gai zirela eta, besteak beste, PSOEren politika, "euskalduntasuna eta sozialismoa uztartzea" eta ustelkeria.
1993an Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordearen presidente izan zen. Hainbat erakundetako kidea izan zen, besteak beste, Legelarien Nazioarteko Batzordea, Euskal Herrian horien ordezkari izanik, Amnesty International, Herrien Eskubideen aldeko Nazioarteko Elkartea eta Genevako Legelarien Nazioarteko Batzordea.
1994ko udazkenean alderdia uzten du eta politika mundutik ere aldendu egiten da. Handik gutxira gaixo erori zen, eta gaixotasun horren eraginez ez zen gauza komunikatzeko edota bizitza publikoa aurrera eramateko. Ia hamar urtez ez zen inolako berririk izan Bandresen inguruan, baina XXI. mendearen hasieran, 2003ko maiatzaren 14an, Eusko Jaurlaritzak Manuel Irujo Justizia Saria eskaini zion. 2004ko abenduaren 10ean, ia alderdi politiko guztietako buruek omenaldia eskaini zioten Donostian, Udalak Hiriko Mendeurrenaren Domina eman baitzion. Saria eman zioten demokrazia berriaren funtsezko "eredu politikoa" izan zelako eta "askatasunen aldeko borrokan gizarte eredu" ere izan zelako. Saria Pepa Bengoetxeak, emaztea, eta bere seme-alabak, Jon eta Oliviak jaso zuten. Europan Polisario Fronteak zuen ordezkariak adierazi zuenez, "bera izan zen Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara joan zen lehenengo diputatua". Hildako abokatuaren semeak esker berezia adierazi zion Jaime Mayor-i "ETAk bere aita mehatxatu zuenean babesa eman ziolako".
2009an Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari saria jaso zuen. Hil ostean Espainiako Gobernuak Isabel Katolikoaren Ordenaren Gurutze Handia eman zion.