Kontzeptua

Banderaria

Lapurdiko inauterietako segizioan dantzaria eta talde burua.

XIX. mendearen bukaeraz geroztik bildu diren testigantzetan hainbat alditan ageri den pertsonaia da. Dirudienez, antzinako pertsonaia da. 1823 eta 1828 inguruan, hainbat kronikariek aipatzen dutenez, harrera ofizialetan Kaxkarotak dantza egiten ageri ziren Baionan, alkatearekin batera eta herriko bandera eskuetan zutela. Izen berak aditzera ematen duenez bandera edo banderatxoa hitza dute oinarritzat.

Pertsonai hau ez zen inoiz maskara batez jantzita azaltzen. Jantzia Kaxkarotek zeukatenaren antzekoa zen, edo bestela zeremoniazko jantzi berezia zeramaten. 1905ean Uztaritzen honela deskribatzen dute: belusezko janzki beltza, frantses kutsuko galtza motzak, belaunetan lotuak, eta Mao-ren antzeko lepoa zeukan jaka militarra. Bular aldean, urre kolorezko zintak oihalitsuak mugatzen ditu. Besoetan urre kolorezko zinta josita darama, hirusta osatuz. Beste hirusta galtzetako zangoetan ikus daiteke, kanpoaldean. Eskularruak eta galtzerdiak janzten ditu, eta zapata beltzak belarridunak. Buruko beltza darama, zinta josita dauzka eta urre kolorezko borlak albo batean. Hogeiko hamarkadaren erdi aldera janzkera aldatzen hasten da, eta jantzi urdina erabiltzeari ekiten diote, neurri batez, garai hartako Espainiako zezenketarien antzekoa. 1922an Hazparnen militarren antzeko jantzia darama eta zeharrean hiru kolorezko banda. Segizioan oso pertsonai garrantzizkoa da eta batzuetan honen burua ere bada. Uztaritzen dantzari trebeena (arinean) aukeratzen zuten pertsonai hau antzezteko. Kontutan izan behar da adin bereko gazteen eta Kaxkaroten arteko erlazioa.

Jantzia inauterietako segizioan erabiltzen zen Udaletxeko Frantziako bandera handiaren bila joateko. Horrek errekrutatzea gogora ekartzen digu. XX. mendearen erdi aldera poliki poliki ikurriña erabiltzen hasi ziren.

  • DASSANCE Louis. "Les sauts basques et les vieilles danses Labourdines", Bulletin du Musée Basque, 1927.
  • GUILCHER Jean Michel. "Danses et cortèges traditionnels du Carnaval en Pays de Labourd", Bulletin du Musée Basque, 1969.
  • TRUFFAUT Thierry. Joaldun et Kaskarot, Des carnavals en Pays Basque, Elkar, 2005.