1984ko apirilaren 26an, Getariako Udalak Balenciaga Herriko Seme Kutun izendatu zuen, eta plaka bat jarri zuen bere jaiotetxean. 1999ko urriaren 7an, Gipuzkoako Foru Aldundian, Balenciaga Fundazioa eratu zen, Hubert de Givenchy jostuna presidente zuela. Bere helburu nagusia artistaren oroitzapena sustatzea eta Getarian bere izeneko Museoa sortzea izan zen.
2003. urtean, Madrilgo Durán Subastas de Artek diseinatzailearen jantzi argitaragabeak atera zituen argitara: jostunaren modeloetako batzuk benetako ezkontzetan erabili ziren, hala nola Constantino eta Ana Maria Greziakoak edo Balduino eta Fabiola Belgikakoak. Berokiak, jaka-jantzi entzutetsuak, gauekoak, koktelekoak eta egunekoak. Gaueko soineko luze ikusgarri bat nabarmendu zen, doupion gorri afresatuan eta Belgikako Fabiolaren ezkontzarako erabilitako zilarrezko apaingarriekin. 2005eko otsailean, hil ostean, Espainiako Moda Sortzaileen Elkarteko ohorezko presidente izendatu zuten jostun gipuzkoarra.
