Eleberria

Bai... baina ez (1986). Laura Mintegi

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Bai... baina ez eleberriak Euskaltzaindiaren Azkue Eleberri Saria jaso zuen 1985ean, eta 1986an argitaratu zuen lehenengoz Susa argitaletxeak. Mintegiren lehen eleberria da. Aurretik, ipuinak zituen argitaratuak. 1986az geroztik, beste bi argitalpen egin dira: 1988an (Susa) eta 1999an (Elkarlanean, Donostia). Bigarrena lehenaren berdina da funtsean, baina hirugarrenerako zuzenketa-lan handia egin zen: sintaxia, hiztegia, estiloa... berridatzita eman zen argitara; eta hirugarrenean markaturik daude aurrekoetan markatugabeak ziren elkarrizketak. Hirugarrenak beste irakurketa batzuk ekarri ditu (Gabilondo 1999; Urkiza 1999; Padron 2001; Olaziregi 2002), atzean utziz lehenari eginiko kritikak, bai literatura-ikuspegitik (Antza 1987; Gartzia 1987) bai hizkuntzarenetik (Gartzia 1987). Kortazarrek gogorarazi du garai batean normalak zirela "idazlearen euskara aztergai zuten kritikak" (2000: 304), egun ohikoak ez badira ere.

Lehenengoz argitaratu zenean, Antzak (1987: 20) "hasiera batean pertsonaiak taxutzerakoan darabilen estilo komizitzailea [sic]" nabarmendu zuen, eta izenburuari ere kritikagarri iritzi zion: "izenburu izugarri itxusi hori". Sariak ez zuen kritikatik babestu eleberria, nahiz eta interesgarri iritzi. Nobelaren izenburua trukatuz eman zion amaiera kritikari: "amaitzeko hiru hitz: "Ez... baina bai"", aipuaren "Oui... but ez" izenburuari kontrajarrita. Bestalde, Gartziak (1987) euskara trakets erabili izana kritikatu zuen, eta narrazio-teknikak eta "elkarrizketak narrazioan txertatzeko joera" ere bai. Narratzaileaz ere kritika zorrotza egin zuen Gartziak: "Orodakiena da, baina batzutan ez daki ezer, irakurlea haserretzerainoko xehetasun edo ahaleginik ezaz dihardu".

Zuzendurik argitaratu zenean hirugarrenez, ordea, Gabilondok bestelako irakurketa egin zuen: "Munstroak beti izan ditugu inguruan eta Bai... baina ez (1986), kurioski halako baten istorioa da" (1999: 9), eta munstrokeria ardatz gisara harturik, galdezka hasi zen: "Mintegi zertan zebilkigun 1986an Frankesteinen kronika berri bat idazten? Are, zergatik datorkigu berriro [...] 1999an [...] munstroa bizirik dela aldarrikatzera?" (1999: 11). Baina ez da munstrokeria Gabilondok eleberrian ikusiriko elementu bakarra, eleberrietan istorio bera kontatu nahi izate horretan barne-testuartekotasuna sumatu baitu (1999: 14).

Padronen aipua (2001) Gartziarenetik oso bestelakoa da, bai hizkuntzaz bai teknikaz: "sinpletasunez ematen digu ideia, teknika oso zainduan", eta estiloaz dio "ezin preziatuagoa" dela "muturren arteko literatur oreka osatzeko duen estiloa". Gartziaren iritzitik aldentzen da Olaziregi ere, hark gaitzetsia goresten baitu: "pertsonaia sekundarioen solasaldiak modu modernoan (modernistan) transkribatzen dira, ahozko solasak inongo akotaziorik gabe adieraziz" (2002: 117).

Urkizak gogoeta egin du lehen argitalpenak eraginiko kritikez, sakoneko arrazoiak zein ote diren hauteman nahirik, gaia eta emakume egilea izatea aintzat hartuz. Bi hipotesi ditu: batetik, "gaia onartzeko gizartea ez zegoela prest"; bestetik, "emakume bati ez zitzaiola [...] gai edo tratamendu berri bati oratzen zitzaionik onartu nahi" (1999: 64).

Gaia zuen mintzagai Uriartek ere: "sorpresa gaiak berak ematen digu, eta hurrengoa gai horren tratamenduak" (1987: 39). Badirudi nobelaren hasierako harrerak zerikusia duela Olaziregik (1999: 26) aipatu arazo orokor batekin: emakumeek idatzitako literaturari tarte txikia egin izanarekin. Idazle gazteak agertu berriak ziren (Lasagabaster 1986), eta boladan zegoen literaturaz eta emakumeaz mintzatzea. Bai... baina ez giro horretan sortua da, eta horren lekuko da Azkue Saria erabakitzean epaimahaikoek esan izana nabari zela egilea emakumea zela. Mintegik, ordea, nabarmendu zuen eleberria ez dela emakumeez mintzo, pertsonaia nagusien artean hiru gizon eta emakume bakarra baitaude, baina onartu zuen normala zela antzematea emakume batek idatzia dela: "eszena erotikoetan nabaritu dute [...] ohitura gutxi dugulako gai horretaz emakumeen gauzak irakurtzen" (Landa 1985: 35). 1986an emakumeaz eta literaturaz antolaturiko jardunaldi batzuen harira, emakumeek idatzitako literaturan pertsonaia gizonezkoek duten tratamendua aztertu zuen Lasartek, eta sakon aritu zen, Bai... baina ez nobelako hiru pertsonaia gizonezko nagusiez, eta ez du uste gizonak direnik protagonista, emakumea baizik (1987: 85). Saria eskuratu berritan, Mintegik zioen gaiaz pentsatu ondoren asmatu zuela bilbea; hots, gaiaz erabaki ondoren pentsatu zuela pertsonaiez, giroaz, denboraz, lekuaz, gertaerez... Egilearen hitzetan, ordea, zailena "egitura, ikuspuntua eta tonoa erabakitzea" (Landa 1985: 35) zen.

Mintegiren hitzak aintzat harturik, aipatzekoa da eleberrian bat datozela pertsonaiak, giroak, gertaerak... Franz pertsonaia -Roberto Hurtado deritzana, Frankesteinen historia antzeztu izanagatik baitu Franz ezizena (10. or.)1- deskribatzeko baliaturiko epitetoak nobelaren hamaika ataletan nabari den giroaren adierazgarri dira, eta pertsonaien bizimodua azaltzeko balio dute: hertsia, zaputza, iluna, desatsegina eta itsusia. Eleberriak iradokitzen duen giroaren eta bizimoduaren isla da Franz. Giro hits hori sumatzen da langabeziaren arazo gordina ageri den VII. eta X. ataletan -geroztik León de Aranoaren Los lunes al sol (2002) filmean antzekoa ikusi dugu-, baita Willyri buruzko VIII. atalean ere. Lasartek dio (1987: 86) "gizarte honek norbait baztertzeko [...] adjektibo guztiak" direla. Izenondo berberek ematen diote (hertsia, zaputza eta iluna) nobelari amaiera ziklikoa, eta hasierara garamatzate berriro: "Franzen aurpegia, beti bezain hertsia da, beti bezain iluna eta zaputza. Edo apur bat ilunagoa, zaputzagoa." (157. or.).

Alabaina, izenondo horiek ez datoz bat eleberriaren hasieran zehazturiko urtaroarekin, Donibane jaiaren aurreko astean abiatzen da-eta eleberria. Kontuan izan behar dugu kontrajarpena dela bilbea harilkatzeko Mintegik darabilen baliabide edo estrategia nagusietako bat, izenburutik abiaturik. Bai... baina ez izenburua kontrajarpen hutsa da, nobelaren izaerarekin eta egituratzeko erarekin bat datorrena: aurrerabide dira kontrajarpenak. Asko dira eleberrian barna -Urkizak dioenez, "edukiz eta formaz zaindutako dikotomietan banatuta" (1999: 30)-: dikotomia neoplatonikoa dugu errealitatea eta monotonia mundu errealean berdintzean, eta kontrakarrean jarririk ditugu mundu idealean ametsak eta fantasia. Kontrajarpen batzuek nobela osoari eragiten diote; beste batzuek, aldiz, atal jakin bat besarkatzen dute; eta badira paragrafo barneko kontrajarpenak ere, askotan baitugu baina agerikoren bat edo kontrajarpen inplizituren bat.

Haatik, giroa oro har iluna bada ere, alaiagoa da Franzen eta Rosaren arteko harremana sortzean: Donibane suari begira pizten da amodioaren sua, erne eginiko amets batean (17. or.). Franzek ametsean irudikaturiko maitasun arrosa horren beste protagonistak Rosa du izena eta arrosa kolorearekin lotzen da (34. or.). Donibane jaia monotoniari kontrajarririk dago; baina, gehiago dira nobelan monotonia adierazten duten osagaiak bizipoza aditzera ematen dutenak baino; auzo txiro batean kokaturiko eleberria izaki, lanaren eta egunerokotasunaren (7.-9. or.) monotonia ageri baita Franzen berri ematean. Langabeziaren ondorioak ere giro monotonoaren bidez deskribatzen dira (140. or.).

Monotoniari kontrajarriz, amets ugari dute Franzek eta Rosak. Franzen amodio-ametsez mintzo da narratzailea eta erromantizismoa irudikatzeko, Clark Gable eta Maureen O'Hara aktoreak dakarzkigu gogora (15.-16. or.), baina "Franz ez zen Clark Gable" (16. or.). Rosa ere, zortzi urteko haurra zelarik, egunerokoari aurre egitearren, fantasietan murgildurik -mundu idealean- bizi zen (44.-45. or.). Rosarekiko harremanak Franzen monotonia apurtzen du, baina ez filmetan bezala, hasieran hala uste izan arren. Ez da ohiko harremana: handia da adin-tartea -Franzen "alaba izan zitekeen" (20. or.)-, eta Rosa xaloa eta maltzurra da aldi berean. Neskaren harremanak ez dira ohikoak: ama hil ondoren, aitarekiko harreman intzestuzkoa (IV.-VI. atalak); Boby eta, batik bat, Willy (85.etik aurrera); eta VII. ataletik aurrera, aita eta maitale izan daitekeen Franzen etxera doa. Hortik aurrera ez dugu Rosaren aita Pacoren berri izango, baina bai Willyren berri, hirukotea egun batzuez teilatupe berean izango baita (IX. atala).

Rosaren haurtzaroa kontatzeko aitzakiaz -kontakizun nagusian ipuin laburrak ere txertatu dira, esaterako, hiru txerritxoena (46. or.)-, hirugarren ataletik seigarrenera arteko atzera begiratzean, aitarekiko intzestuzko harremanaren berri ematen zaigu. Aurrekari gisara, Rosak Elektra konplexua duela esaten da (45. or.). Psikoanalisiaren osagaiak ere azaltzen dira, marrazki baten aitzakian (50-52. or.), deskribapen iradokitzailea egiten baita alaba nanotua eta aita indartsua kontrajarriz. Pertsonaien bizimodu monotonoan eta bizitza ziklikoetan, etengabe ageri dira Eros eta Tanatos, kontrajarpen ziklikoa eratuz (30. or.).

Bestalde, atalak kateatzean askotan jotzen du Mintegik errepikara, bigarren atalaren hasiera lehenaren hasieraren errepika baita funtsean (23. or.). Atalak kateatzeaz gain, denboraren iragatearen berri emateko ere balio digute errepikek. Rosaren haurtzaroa eta nerabezaroa mintzagai den ataletan (IV.etik VI.era) ere beste horrenbeste dugu: "Rosa jaio zen egun berean" (40. or.), "Rosaren ama hil ondoren" (55. or.) eta "Rosa emakumetu egin zen" (62. or.).

Azken batean, esan daiteke eleberriaren mamia bera nobelaren hasieran azaltzen den monotoniarekiko kontrajarpen hutsa dela, eta amaieran berriro sumatzen direla monotonia itzuli den edo itzuliko den zantzuak, amaieran hasieran bezala baitago Franz.