Organista eta piano-jotzailea, Santiago Azpiazu eta Sagasta piano-jotzailearen semea. Oiartzunen jaio zen 1817ko abenduan eta Habanan hil zen, 1870eko irailean.
Aitarekin hasi zituen musika ikasketak. Ondoren, Maria Cristina Kontserbatorioan sartu zen piano karrera egiteko. 1847an Kubara joan zen bizitzera, eta Cienfuegosen bizi izan zen lehenengo. 1856an organista postua lortu zuen hiriko parrokia-elizan. Handik gutxira, 1857-1858 inguruan, Habanako San Agustin komentuko organista kargua lortu zuen eta Kubako hiriburura joan zen bizitzera; han, gainera, piano-irakasle gisa lan egiten zuen eta, dirudienez, zenbait obra konposatu zituen.