Sortzaileak

Azkue Aberasturi, Resurreccion Maria

Ez gara Azkuek utzitako lanen zerrenda osoa ematen hasiko, izan ere, bere ekoizpena oso zabala eta anitza izan da; eta gaur egun ere, ezagutzen ez diren eta berak idatzi dituen zenbait idatzi ere bada.

Ez da ukitu ez zuen arlorik: musika, erlijiozko literatura, antzerkia, eleberria, kazetaritza, didaktika-lanak, etab. Bera baino aurretik agertu ziren euskal idazleen lan ugari berari esker berrinprimatu ziren eta berari zor zaio bere aitaren poesia argitaratu izana ere. Horrenbestez, bere lan nagusiak aipatzera mugatuko gara, arrasto luzea utzi duten lan haiek, eta ez dago zalantzarik lau hauek direla esaterakoan: Diccionario, Cancionero, Morfología, Literatura Popular.

Amaieran bere lan batzuei eta literaturan dagokion lekuari buruzko aipamena egingo dugu. Baina bere lanen aipamena egin aurretik, ezinbestekoa da Azkueren izaera zientifikoa aipatzea, bere ezaugarriak ere adieraziz.

Azkuek ikasketak burutu zituenean, dialektologiak zientzia modura eta hizkuntzalaritzari buruzko ikasketek hauspotzea bizi zuten. Luis Luciano Bonaparte printzeak lan mardul eta azpimarragarria egina zuen euskalkien ikerketari, sailkapenari eta interpretazioari dagokionez. Printzeak egindako lanek euskal hizkuntzaren konplexutasuna eta aberastasuna agerian uztea ahalbidetu zuten. Azkuek berak aitortu zuenez, printzeak egindako lanen eraginez hizkuntzalaritzari buruzko ikerketara zaletu ez balitz, bertsoak egitera mugatuko zen, bere aita bezalaxe (Hiztegia, Hitzaurrea, XXXIII. or., bertan eredu modura hartu zituen atzerriko beste idazle batzuk aipatzen ditu).

Garai horretan, halaber, munduko kulturan herrikoiarekiko itzulera eta joera hautematen da. Gramatikalariek eta hizkuntzalariek ere herri-hizkeren formak bilatzen dituzte garai horietan eta lan klasikoen forma hil eta akademikoak lehenesten dituzte.

Kultur giro horretan Azkuek herrikoiaren zentzua eskuratu zuen, bere obran argi eta garbi antzematen den herriaren ahotsa dokumentu bizi gisa baliatzeko zaletasun hori. Hiztegiaren hitzaurrean adierazi zuenez (X. or.) modu horretan jasotako testigantza batek balio gehiago du bere ustez liburu batetik hartutako esaldi batek baino. Baina herrikoiarekiko zaletasun horrez gain, Azkueren psikologian beste zantzu bat nabarmentzen da, aipatutako zaletasunaren aurka doana, neurri batean. Arautzearen kezka purista hain zuzen, herritik hartutako datua kontrolatzen duena eta purutasun eta zuzentasun irizpide batzuk erabiliz zuzentzen duena. Azkueren izaeran bi zantzu horiek elkartzen dira modu berezi samar batean. Hortik datoz bere obran aurki daitezkeen gabeziak. Esate baterako, horrela baino ezin da azaldu, bere aitaren poesiak zuzendu eta orraztu ondoren argitaratu izana. Eta herriaren ahotik hartutako datuak ere birmoldatu egiten ditu eta horrek balioa kentzen die datu horiei, hein batean.