Sendagileak

Ayestaran Gabarain, Luis

1888an Donostian (Gipuzkoa) jaiotako medikua. Gipuzkoako hiriburuan hil zen 1954an.

Zaragozan eta Madrilen burutu zituen ikasketak. Gerora Vienan, Bolognan, Ginebran eta Parisen osatu zuen prestakuntza.

1914an Donostian finkatu zen San Antonio Abad ospitaleko zirujau gisa. 1936tik aurrera bertako zuzendaritza hartu zuen eta heriotzara arte izan zen kargu hartan. Halaber, Gurutze Gorriaren ospitalean aritu zen kirurgia sailean, eta baita zezen-plazako kirurgia-taldean ere. 1921ean Arantzazuko Andre Mariaren klinika sortu zuen Olalde, Altolaguirre eta Mozorekin batera. 1933an Gipuzkoako Instituto Radio-Quirurgico delakoa (Onkologiko izenez ere ezagutzen dena) sortu eta zuzendaritza hartu zuen. Hura izan zen, Madrilekoa eta Bartzelonaren ondotik, mota horretako hirugarren institutua Espainian.

Donostiako gizartean goi-mailako pertsonaia izan zen. Hala, Medikuen Elkargoko eta Akademia Mediko-kirurgikoko presidente izan zen; horrez gain, Gipuzkoako Ateneoko presidente izan zen, Donostiako Orfeoiaren presidenteorde eta Prentsa-elkarteko ohorezko bazkide.

  • CUADRADO, F.P. Don Luis Ayestarán, CM., XIII, 149: 69-70, 1928.
  • ESTEBAN DELGADO, M. "Resumen biográfico. Doctor Luis Ayestarán Gabarain", Gaceta Médica, 3: 5, 1975.
  • URQUÍA ECHAVE, José María in SÁNCHEZ GRANJEL, Luis (koordinatzailea). Diccionario histórico de Médicos vascos, Bilbo, 1993.