Kontzeptua

Axular

Mitologia.

Atxular. Gero euskarazko lan garrantzitsuaren egilea den Pedro de Agerre, 1556an Atxular etxean jaio zen; Sarako abadea izan zen 1600 eta 1644 urte bitartean

Bere jakituriaren eta jarreraren bitartez lortu izan zituen entzute eta ospe ikaragarriak bere oroimenaren eta izenaren inguruan "pertsonaia legendarioen" edota beste izen batzuen gerizpean jada antzinatik zetozen gai mitiko asko bilduz joan zitezen zio izan ziren.

Ondoren Axularren legendaren bertsio ezberdinak azaltzen ditugu.

Etsai jeinuak -deabru bat- Sarako haizpeetan katedra bat ezarri zuen -beste batzuen iritziz, Zugarramurdiko kobazuloan-. Bertan Teologia eta magiaren arteak ikasi zituzten D. Juanek, Ondarrabiok, Arruitek eta Axularrek beste batzuekin batera. Ikasketak bukatzean, ikasleetariko bat deabruaren zerbitzutan gelditu behar zen: hori zen Etsairen lanaren ordaina. Axularren anaia bati maisuaren menpe egotea egokitu zitzaion. Axularrek bere anaiaren errukia izanik, bere tokian gelditzea erabaki zuen. Bertan bere jabeak lan neketsu bat eginaraztea ezarri zion: azpitzat galbahea zeukan galdara batekin urtegitik ura ateratzea. Bestalde deabruak unerik une nekaraziz galdegiten zion "Axular, non zaude ?" itaunari "hemen nago" erantzun beharra ere bazion. Axularrek bere galbaheari -beste batzuen iritziz bere txapelari- "hemen nago" erantzuten irakatsi omen zion deabruak bere ohiko galdera egiten zionean. Noizbait, Etsai urruti xamar zegoen une jakin baten, kobazuloaren atera lasterka joan zen kartzela hartatik ihes egite asmotan. Ate-muga igarotzean deabruak ikusi egin zuen eta berehala burdinazko kakoa bota zion. Axular ia kanpoan zegoen. Kakoak bere orpoaren oinarriari eta iheslariaren gerizpeari heldu zien eta horiek izan dira Etsairen eragin-esparrutik kanporatu ez direnak. Horrela lortu zuen Axularrek bere askatasuna eta Sarako abadea izatera iritsi zen; baina bere itzala eta bere hanketako orporik gabe -beste bertsio batzuen arabera bere oskietariko bat- gelditu zen.

Deabruak gauzarik garrantzitsuena eskuratu zuen: Axularren gerizpea -arima- zena; baina oraindik ere Axular zigortzeko abaguneari so zegoen, eta aukera laster izan zen. Baserritar batek bere behiak hartzuloaren inguruan eta Etsairen etxebizitzan aurkitzeari ekin zion. Hartzuloaren atera hurbiltzean, bertan "nik erakutsiko dizkizut zure behiak non dauden Sarako apaizari pakete hau eramatearekiko konpromisoa zeureganatzen baduzu" esanez eskuetan pakete bat zeukan jite oneko gizona ikusi zuen. Baserritarrak baietz erantzun zion eta hartzulokoak behiak non zeuden erakutsi zion. Baserritarrak Axularri hartzuloko gizonak eman zion paketea eraman zion, eskaria zein tokitan eta nola jaso zuen garbi adieraziz. Axularrek paketea zabalduz eroaleari paketearekin tolestuta zihoazen setazko inguratzaile gorriak bertan zegoen zuhaitz baten enborrean kiribildu zitzala eskatu zion.

Axularrek anaia bat zeukan, bera bezala Etsairen eskolan hezia; baina beraren ezberdina zen. Behin baten Axularri jite egokia zeukan gizon bat aurkeztu zitzaion eta Sarako artotzetara begiratuz hauxe esan omen zion: "nik uzta hori bizkor eultzituko luketen zaldi onak ditut". Axularrek bisitari misteriotsu hartan bere anaia ikusiz, hauxe esan zion: "nik ere ondo helduko lituzketen aho-uhalak ditut". Eta gero anaia biak banandu egin ziren. Egun hartan Axularrek bere etxeko amari hauxe esan zion: "Larrun gainean lainotxo bat ikus dezazunean, esadazu". Gero mendi haren gainean lainotxo bat agertu zen. Axularrek Bulentegiko muinora korrikan egin zuen. Bertatik ekaitza madarikatu egin zuen. Harritea hurbiltzen zetorrenez, Axularrek hanka astindu zuen bere oskia airera jaurtiz. Oskia desagertu egin zen eta harriteak atzera egin zuen Sarako uztaren gainean erori gabe.

Axular zahartu egin zen eta Etsairen menpean bere itzala egon zedin bitartean heriotzari beldurra zion. Mezatan, kontsagrazio-gunean baino ez zetorkion bere itzala. Behin baten bere sakristauari hauxe esan zion: "Bihar kontsagrazioan zehar hil egin behar nauzu, horretara baino salbatuko ez bainaiz".- "Ez, nik ez zaitut hilko" erantzun zion sakristauak. "Hil nazazu mesedez; bestela, ez dut betiko glorian sartzerik izango".- "Horrela baldin bada, zure agindua beteko dut". Unea iristean sakristauak ez zuen Axular zauritzeko adorerik. Axularrek bere eskaria berretsi zuen. Baina bigarren egunean ere ez zen sakristaua bere apaiza hiltzen ausartu. Axularren eskari berria hirugarren egunez. Orduan Sarako abadea hil egin zuen eta horrela bere arima salbatzea lortu. Ikus ATARRABI, ORMARRABIO, MIKELATS.

Aurretiaz agertu diren elezaharretako gai batzuk herrialde eta toki desberdinetako kontakizunetan sakabanatuta aurkitzen dira. Kobazulo baten katedra jarri eta bere ikasleetariko baten gerizpea menpean duen deabruaren gaia M. Cerquand-ek argitaratutako Musculdyren Légendes et récits populaires du Pays Basque, "Bulletin de la Société des Sciencies, Letres et Aarts de Pau", 1874-1875, kontakizun baten agertzen da. Bertan abade bat, geroztik Barcuseko apaiza izan zena, "vieux diable"ren ikasle bezala Salamancako kobazuloan izana, azaltzen da.

Musculdyren elezaharra J. Vinsonek "Le Folk-Lore du Pays Basque", Paris, Maison-neuve, 1883an errepikatua izan zen. Vinsonek berak, gorago aipatutakoaren aldaera bat argitaratu zuen "Essai d'une Bibliographie de la langue basque", Paris, 1891, urte batzuk geroago eta bertan Axular izan zela dio deabruak bahitutako gerizpearen jabe zen ikaslea.

Vinsonen lanetik G. Sorarrainek kontakizuna kopiatu eta bere "Catálogo de obras euskaras", 59 eta 60 orr., Bartzelona; 1891, lanean argitaratu zuen. Toledoko eta Salamancako kobazuloak deabruak arte magikoak irakasten zituen irakastoki bezala aintzat hartuak izan ziren. Eurez dihardu Martin del Riok bere "Disquisitionum magicarum libri sex", Moguntiae, 1612. Cartapacio de D. Gaspar Garcerán de Pinos y Castro, año 1600 izeneko eskuizkribu baten Salamancako hartzuloez ere hitz egiten da, non "zazpi sartzen ziren eta zazpi urtetan zeuden bertan eta ez zuten maisurik ikusten, eta gero ez zuten seik bestek irteten, eta haren geriza hartu besterik ez zuten..." (Marcelino Menendez y Pelayoren arabera, "Historia de los Heterodoxos españoles" lanean, III, 341 orr.).Beste albiste batzuen arabera, Cebrianeko (Salamanca) hartzuloan Villenako markesa izan omen zen deabruaren ikasleetariko bat, bertatik ihes eginaz.

Axularri hartzuloko gizon misteriotsuak igortzen dion setazko gerrikoaren gaia, gaztainondo bati inguratzea agindu arazi eta horren ondorioz zuhaitzaren hondamendia ekarriz Igorreko (Bizkaia) "Eusko Folklore"n [1921, 42. orr. Ikus. BALZOLA, SUGAAR] argitaratutako elezahar baten zati bat da.

Galbahearen edo iheslariaren izenean deabruari erantzuteaz arduratzen den txapelaren gaia ere Torto mitoaren aldaera baten ere agertzen da, ikus TORTO, eta Dar-dar ipuinean ere, bertan erantzuteari ekiten diona txistua izanez. Gaia antzinako mundu zaharreko esparru handi baten erabat hedatuta dago, bereziki Europako Mendebalean, Afrikako erdi-gunean, Indian, Indonesian, Melanesian, etab. Stith Thompsonen Motif index of Folk-Literature (D 1611-1611, 14). izenekoan ikus daitekeen bezala.