Kontzeptua

Aurrekargako armak

Jarduera horretan espezializatutako artisau-lantegirik garrantzitsuenetako batean (Eibarko Avancargas Anchu), aurrekargako hamabi arma eredu edo modelo egiten dituzte, besteak beste XVI. mendeko metxadun tiro-sistemako arkabuzak, 1828ko metxadun fusilak, 1862 eta 1880ko pistoidun fusilak eta bestelako modelo ugari. Bildumagileen arma zaharrak berregiten eta zaharberritzen ere aritzen dira.

Gehienetan lana sail txikietan egiten da, gehienez hamar piezako sailetan, arma osatzen duten pieza guztiak eskuz muntatuz eta lotuz.

Kanoia eta beste pieza guztiak kaxa baten gainean muntatzen dira. Kaxa hori intxaurrondo zurez egiten da eredu orijinalaren arabera: lehenbizi intxaurrondo zur ohol bat hartu, markatu eta zerraz mozten da. Ohola tornu-zil batekin finkatu ondoren, arbastatzeko hortzarekin eta arrabotarekin egurra jaten joaten dira, armaren kulataren forma osatzen duten kurbak egin arte. Kaxaren aurreko aldeak kanoia heltzen du, eta alde hori ere prozedura bera jarraituz egiten da, baina kasu honetan, kanoia helduko duen zuloa fresatzeko makina batekin egiten da. Zulo hori egiteko, kanoia erabiltzen da eredu gisa, eta gero gubia eta trintxa batekin doitzen da.

Jarraian, tiro-mekanismoa duen platina jartzeko zuloa egiten da. Horretarako, platina hartu eta horren profila markatzen da zurean. Gero, marka horietan oinarrituz, behar den beste jaten da zura, horrela mekanismo bakoitza behar bezala ahokatzeko. Horretarako ere gubia eta trintxa erabiltzen dira, baita kolpekaria eta tiro-pieza guztiak sartzeko zuloak egiteko ere. Azken pausoa kaxaren gainazala eskuz leuntzea da, nahi den akabera lortu arte. Jarraian, kulatak bernizatu edo txaroleztatzen dira, horrela distira iraunkor bat eman eta erakargarriagoak izan daitezen.

Kanoia altzairuzko hobi batekin egiten da. Kanpoko gainazala zilindro-formakoa bada, tornuan nahi den tamainara lantzen da. Beste kanoi batzuk, kanpoalde oktogonala dutenak eta zortzialdeko izenez ezagunak direnak, askotan arkabuz eta txinparta pistoletan erabiltzen dira. Kanoi horiek egiteko, zilindro formako hobia hartu eta kanpoko zortzi aldeak fresatzeko makina batekin egiten zaizkio. Jarraian, kanoiak eskuz leuntzen dira, gainazal fin eta distiratsu bat eskuratu arte.

Kanoia atzeko aldetik ixten duen pieza egitean, fresatzeko makina erabiltzen da, giltza behar bezala ahokatzeko. Bolboraren errekuntza gertatzen zen zuloa edo txinparta sartzen den zuloa egiteko, zutabedun zulatzeko makina erabiltzen da, eta gero kanoira uztai bidez lotzen dira.

Tiro-sistema osatzen duten pieza txikiak egiteko, zulatzeko eta fresatzeko makinak erabiltzen dira, jatorrizko piezen ereduari jarraituz. Beste pieza batzuk, besteak beste tximinia edo pistoi bidezko kolpekatze sistema duen pieza zuloduna, dekoletaje bidez egiten dira. Txinparta eta pistoi bidezko kolpekariek oso geometria konplexua dute. Lehenbizi burdinurtuz egiten dira, eta jarraian eskuz leuntzen dira. Lan horretarako, eskarmentu handiko espezialistak behar dira.

Kolpekaria eragiten duen malgukia armaren funtsezko pieza da eta hori ere eskuz egiten da. Lehenbizi forjatu egiten da, eta ondoren karrakarekin amaitzen da. Jarraian, tenplatu eta leundu egin behar da. Lan hori artisau espezializatuek egiten dute. Ondoren platina eta tiro-mekanismoa muntatzen dira, eta jarraian pieza guztiak karrakarekin ahokatzen dira, armak behar bezala funtzionatzea lortu arte.

Metalezko atalei, ilunketa kimikoaren bidez, patina beltz bat ematen zaie. Bukaerako kolore hori erosleek onartzen badute ere, armagile zaharrek tonalitate zahar baten hutsunea sumatzen dute, ilunketa enpirikoarekin lortzen zen kolorea. Ilunketa hori egiteko, era guztietako produktuak nahasten zituzten, denak sekretupean gordetzen ziren eta gaur egun desagerturik daude. Azkenik, arma osoa eskuz muntatzen zen, horrela piezari amaiera emanez.

Horrelako lantegi batean, baliabideetan egin behar den inbertsioa oso txikia da. Baina ordezkapeneko piezak egiteko eta hainbat arma modelo egiteko, bakoitza pieza ugariz osatuta dagoela kontuan hartuta, baliabide ekonomiko ugari behar da.