Kontzeptua

Atabal

Atabala, Tabala

Atabala euskal herri musika talde mota ezberdinetan erabiltzen den danbor bat da. Batzuetan dultzaina eta bestelako musika taldeetan ageri bada ere, bereziki txistulari taldeetan eta Zuberoako txirula edo xirula laguntzeko erabiltzen da.

Tenkatutako bi mintzezko danbor hau Euskaraz nagusiki atabala izenarekin ezagutzen da, Zuberoan "tabala" izendatzen dute, eta gazteleraz atabal izena hartzen du. Batzuetan arratza izena ere ikusten dugu. Hori Iztuetaren Gipuzkoako dantzei buruzko liburutik hartu omen dute. Idatzi horretako gaztelerazko bertsioan danbolinteroen musika laguntzeko erabiltzen diren tambor eta tamboril euskarazkoan, biak, arratza izenarekin azaltzen dira, baina badirudi Iztuetaren arratza hori atabala baino danbolinteroaren danbolina dela.

Itxurari dagokionez, atabalaren gorputza edo kaxa zilindrikoa da eta forma zapala izaten du. Hau da, zilindroaren diametroa zabalagoa da luzera baino. Txistularien taldeetan erabiltzen denak zurezko kaxa izaten du eta Zuberoako txirula laguntzeko erabiltzen den "tabalak" metalezkoa (letoizkoa). Zuberoako "tabalak" gorputzean, makiletan eta zintzilikatzeko uhaletan kontserbatzen ditu bere jatorrizko militar kutsuko formak.

Atabala jo ahal izateko, nagusiki larruzkoak izaten diren bi mintzak tenkatu behar dira eta horretarako bi sistema ezberdin erabiltzen dira:

  • Mintzak tenkatzeko hauen gainetik jarritako bi uztaien artean sigi-sagan pasatako sokazko sistema. Jotzeko momentuan tentsio egokia lortzearren jarritako soka gehiago tenkatzeko larruzko lazoak jartzen dira soka hau gerturatzen den zatietan eta indar eginez mugitzen dira soka zabaltzen den aldera soka gehiago tenkatuz. Saioa bukatzerakoan atabalariak lazoak mugituko ditu soka lasaituz.
  • Metalezko tenkagailuen sistema. Mintzen gainetik jarritako bi uztaien artean, hauek heltzen dituztela, jarritako hariztatutako metalezko hagatxoek tenkatzen dituzte atabalaren mintzak hauen azkoinak jiratzen tentsio egokia lortu arte. Hau da azken garaietan gehien erabiltzen den sistema.

Atabalen larruen hotsa aldatzeko eta handitzeko, hauek azpiko larruaren kontra tripazko edo bestelako soka-pordoia eramaten dute.

Atabalari (Zuberoan "tabalari") izeneko joleak gerriko edo uhalen bitartez atabala gerritik edo paparretik zintzilikaturik eramaten du eta eskuetan makil bana harturik aurrealdeko larruaren kontra jotzen du. Konplexutasun handiko erredoble eta joko erritmikoak eginez musika apaindu eta aberastu egiten du.

Danbolinteroa edo txistularia izenarekin ezagutzen den soinularia, txistua eta danbolina joaz, da ezagutzen dugun formazio sinpleena. Baina txistulariak aspaldidanik ari dira taldeka jotzen, bai bi edo hiru soinulariek osatutako taldeetan eta txistulari banda klasikoa den laukotean ere. Formazio mota guzti horietan atabalaria da taldearen ardura erritmiko nagusia hartzen duena.

Zuberoan jole bat da, txirula eta sokazko danborra den ttunttuna batera joaz, formazio sinpleena, baina aspaldikoa da hauekin batera "tabala" jotzearen ohitura. Azken garaietan bi jolek osatzen dute Zuberoako dantzen musikarako oinarrizko talde arruntena, soinulari batek txirula edo hau eta ttunttuna joaz eta besteak "tabalaz" lagunduz.

Orokorrean atabalarien prestakuntza berezkoa izan da, zuzenean familiako edo inguruko beste atabalari bati ikasia eta askotan nahiko autodidakta. Azken garaietan Musika Kontserbatorio eta Eskoletan perkusio ikasketen barruan jorratu da atabalarien prestakuntza. Arlo honetan aipagarria da 2001ean atabalaria eta perkusio irakaslea den Joxe Inazio Usabiagak egindako "Atabala. Atabala jotzen ikasteko eskuliburua". Bertan atabalari buruzko informazio orokorra eta jotzen ikasteko aholku, teknika, teoria eta mailaz mailako hamaika ariketa ageri dira.

  • ANSORENA, Isidro. Txistu ots gozoa nola?
  • Txistu ots gozoa nola? Bigarren zatia. 1965.
  • BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain, 1996.
  • DONOSTIA, Aita. "Instrumentos Musicales Populares Vascos". Obras Completas del Padre Donostia (2º tomo). Bilbo: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca, 1983; 257-309 orr.
  • OLAZARAN DE ESTELLA, P. Hilario. Txistu. Tratado de flauta vasca. Bilbo, 1970.
  • USABIAGA YEROBI, Joxe Inazio. "Atabala. Atabala jotzen ikasteko eskuliburua". Txistulari, 187. Donostia: Euskal Herriko Txistularien Elkartea, 2001.