Kontzeptua

Danborra

Tambor

Beste ezaugarri batzuk baditu ere, orokorrean danborra erritmoa markatzeko soinu-tresna bat izaten da. Ezaugarri akustikoetan oinarritutako soinu-tresnen sailkapena harturik, hiru tipotako danborrak ezagutzen dira Euskal Herrian:

  • Menbranofonoak. Egitura eta eragiteko eraren arabera, bi mintzeko makilekin kolpatutako danborrak, panderoak edo igurtzitako danborrak izan daitezke.
  • Kordofonoak. Sokazko danborrak.
  • Idiofonoak. Zurezko danborrak.

Larruzko bi mintzeko danborrak. Zurezko edo metalezkoa izanik, denek kaxa zilindrikoa eta bi ahoetan ongi tenkatutako larruzko mintza zirkularrak dituzte. Badira bi makilekin jotzen direnak eta makil bakar batekin eragindakoak.

Bi makilekin kolpatutako danbor hauetako arruntenak danborrariek jotzen dituzten danborrak eta atabalak dira. Lehen multzokoak dira Dultzaina-gaita talde klasikoan nagusitu den danborra, eta musika bandetan, txarangetan, antzinako dultzainero edo txistulari taldeetan eta bestelako musika formazioetan erabilitako caja edo tambor izenarekin ezagutzen dena. Bigarren multzokoak dira txistularien banda edo laukote klasikoan atabalariek erabiltzen duten atabala eta Zuberoan xirula eta ttunttunarekin batera jotzen den tabala.

Makil batekin jotzen den danbolina oso ezaguna da gure artean. Hau da besotik zintzilikaturik txistulariek flautarekin batera jotzen duten danborra. Txistulariak bakarrik jotzen duenean danbolinak hartzen du erritmoa markatzeko erabateko ardura. Multzo honetakoak izan daitezke musika banda, txaranga eta fanfarrea bezalako musika taldeetan, ia ezinbesteko danbor handi eta grabeak diren dunbalak. Hauek oinarrizko erritmoa markatzen dute eta talde osoa batera eraman eta zuzentzen dute. Batzuetan talde handiak osatzen dituzte eta bakarka edo beste soinu-tresnekin batera erabiltzen dira. Halako ekitaldi famatuenak Lizarrako festetan ospatzen den la bombada eta azken garaietan Iruñeko San Ferminetan egiten den el estruendo dira. Bereziak dira Baztan aldean inauterietan erabiltzen diren "zanbonba" izeneko dunbala handiak.

Panderoak. Pandero arruntek zurezko uztai zilindriko bati loturik ongi tenkatutako larruzko mintza dute. Uztai bueltan metalezko txindak edo sonailuak ditu. Pandero-joleak esku batekin heldu eta bestearekin larruzko mintza jo eta igurtziz bere joaldi erritmikoak osatzen ditu. Bakarka eta taldeka, aspaldidanik ezagutzen da bere presentzia euskal musikan, kantu eta dantza saioetan, ahotsa laguntzeko eta beste soinu-tresna melodiko eta harmonikoekin batera taldea osatuz. Gaur egun, besteak beste albokarekin eta bereziki trikitixa taldeetan jotzen da.

Igurtzitako danborrak. Halako bi tipotako danborrak erabili dira Euskal Herrian: igurtzitako ziriaren eraginez funtzionatzen duten zanbonbak edo tupinutsiak eta igurtzitako soken eraginez hots egiten duten eltzagorrak.

Nafarroako erdialdean eta hegoaldean, gutxi bada ere, oraindik erabiltzen da zanbonba arrunta kantuaren erritmo lagungarritzat. Zuberoan ere, mota horretako soinu-tresnak erabili izan dira. Han tupinutsia edo ttipiuntzia izena ematen diete. Aita Donostiak, Thupinautsia izenarekin aurkezten digu halako tresna bitxi bat (Donostia, 1983). Zanbonbak edo tupinutsiak ahoari lotuta ongi tenkaturik jarritako larruaren erdian ziri bat izaten dute eta ziri hau igurtziz bibrarazten da larrua, modu horretan hots emanez. Bibrazio eragilea den kanaberazko ziria gogorra denez posible da erritmoa eskuarekin gora eta behera igurtziz markatzea.

Eltzagorraren kasuan mintzari lotuta dagoen igurtzitako soka baten bitartez bibrarazten da tenkatutako larrua. Eltzegorra, eltzabor, eltzaorra eta eltzagor izenekin ezagutzen den tresna honi buruz dokumentazio gutxi badugu ere, zahar askok ondo gordeta dituzte bere gogoan honen inguruan gertatutakoak eta kontatzen ziren istorioak. Batzuek zuzenean ezagutu eta erabili izan dute. Gure inguruan izan duen funtzioa ez da izan batere musikala, kontrakoa baizik, hemen zalaparta egiteko, jendeari burla egiteko eta ikaratzeko, eta bereziki zaldiak, behorrak, behiak eta bestelako animaliak soroetatik mendira uxatzeko erabili izan da.

Sokazko danborra. Flauta eta danborra batera joaz, euskal danbolinteroak bi motako danborrak erabili izan ditu: larruzko mintzezkoa eta sokazkoa den sokazko danbor hau. Euskal Herrian izendapen desberdinekin ezagutu izan da. Hona hemen horietako batzuk: danburia, ttun-ttun, soinu, arrabita, salterio, tambourin.

Danbor hauek oso ezagunak dira Europan zehar, eta gure inguruan, bereziki Pirinio mendiaren bi aldeetan. Euskal Herriko toki askotan erabili izan da, baina azken garaietan, txirulariek joaz, Zuberoako herri musikan bakarrik erabili izan da. Zuberoan ere atzerakada nabarmena izan du eta gero eta gutxiago erabili da. XX. mendearen erdialdean txirulari gehienek ez zuten jotzen eta erritmoa markatzeko tabalariaren laguntza erabili dute. Gaur egun, berriz ere, Zuberoako txirulari gazteak danburiaren berreskurapenaren aldekoak dira eta gehienek txirula edo "xirula"rekin batera danburia-ttun-ttuna jotzen dute.

Ttun-ttun arruntak sei soka ditu, hiru soka doinuaren tonuko tonikan afinaturik eta beste hiruak bostun batera. Sokak makil batekin jotzen dira erritmoa markatuz eta pordoiarena eginez. Bi funtzio ditu beraz, txirulak ematen dituen doinuei erritmoz laguntzea eta baxu iraunkor gisa, tonika eta bostuna bi notako base harmoniko bat jartzea. Tonalitatea aldatzeko zubi mugikorra edukitzen du.

Aita Donostiak bildu zituen soinu-tresna honen inguruko informazio ugari. Idatzitakoan ikusten denez, soinu-tresna hau Euskal Herriko toki askotan erabili izan da: Zuberoan idatziaren garaian jotzen zen. Lapurdiko Getarian (ttunttun) XIX. mendean. Tuteran 1532, 1565 eta 1580an. Iruñeko Sanferminetan 1610ean bertako jolea, 1641ean baztandarrak, 1643an iruindar bat eta Arizkundarrak, 1697an Pedro Etxeberria beste sei salterio eta rabel joleekin (Donostia, 1994).

Jesus Ramosek, XVIII. mendean Iruñeko Sanferminetara jotzera joandako soinularien inbentario gisako idatzitakoan, garbi ikusten da garai horretan sokazko danbor hauek asko erabiltzen zirela Euskal Herri zabalean. Hiru zuloko flauta laguntzen edo rabel eta biolinekin taldekatuz, 1707tik aurrera XVIII. mendean zehar, berrogeita bederatzi izenek osatzen dute, Iruñeko Sanferminetara joandako salterio joleen zerrenda eta horietako batzuk urte askotan joan ziren. Soinulari hauen jatorriari buruz ere informazio interesgarria ageri da idazlan honetan: Arizcun (7 jole), Soule (3), San Juan de Pie de Puerto (7), Francia (9, denak abizen euskaldunekoak), Vitoria, Baiona (4), Renteria, Tolosa, Baja Navarra (10), Irurre (Nafarroa), San Juan de Luz (2), Irurita, Errazu (2), Zumarreta, Legorreta, Baztán (2), Baigorri (2), Osses, Petilla de Aragón, Valcarlos (2), Berroeta (Ramos, 1990).

Wilhelm Freicher von Humboldt jakintsu alemaniarrak, 1799 eta 1801. urteetan Euskal Herrira egindako bidaien ondoren idatzitako "De la Música del Pais Vascongado" artikuluan, soinu-tresna honi buruzko informazio interesgarria ematen du:

Acompañando al silbo cuando se toca en parajes descubiertos (...) tambor que sirve para marcar el movimiento / / Pero si toca en sitios cerrados, entonces sustituye al tambor una especie de salterio quadrilongo con seis cuerdas (el tambor de los franceses) a que llaman Chunchun. Las 6 cuerdas se templan en quintas (...) puente movedizo se suben o bajan a un tiempo (...) la entonación en que se toca. El mismo que toca el silvo con la mano izquierda, sacude con una varita que tiene en la derecha las cuerdas del Chunchun, que entonces forma un bajo continuo al canto, bastante apagado para no ofuscarlo

(Donostia, 1994).

Zurezko danborrak. Soinu-tresnen sailkapen batzuetan, munduan erabiltzen diren danborren artean zurezko danborrak eta oholezko danborrak ikus daitezke. Euskal Herrian txalaparta izan daiteke horietako bat. Ezin ditugu ahaztu gure herrietan erabiltzen diren beste motako zurezko danborrak, hauek danborradetako barrilak dira. Erronkariko pandereta izenarekin ezagutzen dena ere zurez eta metalez osatutako nolabaiteko danborra izan daiteke.