Kontzeptua

Aste Santua

Aste Santuaren zikloaren barnean egun jakin batzuk bereizi behar dira, egun nagusienak. Egun horietako bakoitzean ekitaldi berezko edo bereziak izaten dira.

Horrela, Erramu-igandez, udalerri askotan "astotxoaren prozesiora" jo ohi du jendetzak sortak hartuta. Prozesio horrek Jauna Jerusalemen garaile sartu zenekoa irudikatzen du.

Erramu-egunez, oraindik ohikoa da erramu- edo palma-sorta moztu edo erostea. Ondoren, elizara eramaten dira bedeinkatzera. Bi landare horiek etxea babesteko baliatu izan dira, batez ere erramua. Horretarako, urte osoan zehar balkoietan eta oheburuetan zintzilikatzen dira. Gainera, Busturialdean erramu-sorten bedeinkapen klasikoa antolatzen da. Dena den, horretarako, landare-gurutze txikiak erabiltzen dira (sahats eta erramuaren arteko nahasketa). Ondoren, baratze eta sail ezberdinetan zehar banatzen dira, haien izaera profilaktikoa probestuz. Halaber, nekazaritzako uztak, itsasaldekoak eta aziendak babesteko aipatu erramua bedeinkatzen da. Horrez gain, aspaldidanik, apirila eta maiatzean, apaizek egiten dituzte bedeinkapen horiek lau puntu kardinalak adieraziz.

Asteazkenean "Monumentu" delakoa ezartzen da edo ezartzen zen elizan. Egitura apaingarri landu eta artistikoa izan ohi zen, ostia sakratuak gordetzen ziren sagrarioaren inguruan paratzen zena, Ostegun Santuan gurtzeko edo Aste Santuan zehar gordeta izateko. Egitura hori, gainera, Sakramentu Santuaren ikurra zen. Aste Santuko ospakizun handien aurreko egunetan, zehazki Asteazken Santuan, arestian aipatutako "Monumentu" artistikoa egin eta paratzen zen elizan. Egurrezko egitura hori pintatu eta ehun, mihise edo damasko ugariz estaltzen zen; horretarako, orratz eta iltze kopuru izugarria erabiltzen zen. Orobat, elizako irudi guztiak eta partikularrek etxeetan zituzten irudiak estali egiten ziren eta, horrekin batera, musika isildu egiten zen. Egun horretan bertan, prozesioetako pausoen izendapena egiten zen. Nafarroako erriberako zenbait herritan, era berean, eskaintza publikoa egiten zen "pausoa eramateko" eskubidea ezartzeko.

Eta asteazken, ostegun eta ostiralez "Guruzpideak" egiten ziren, inguruko mendialde batean amaitzen zirenak. Arratsaldez, "donabera" egiten zen, Kristoren heriotzaren eraginez sortutako lurrikara biblikoa irudikatzen zuena eta, orokorki, Judas, deabrua edo judutarrak "hiltzearekin edo haien kapa haustearekin" lotzen zena. Hileta-ofizio hori Kristoren Pasio osoaren eta matutien kantuen errepasoa zen, eta tenebrarioko kandelak pixkanaka itzaliz matraka, karraka, mailu edota aulkien zalaparta hasten zen. Sarritan, zalaparta horren ondotik gaiztakeria handi eta lotsagarri samarrak egiten ziren.

Era berean, hiru egun horiek erdi aroko giroz beztitzen ziren, bereziki prozesio nabarmenen bidez. Prozesio horiek "pauso edo bultoen" multzo artistikoz osatzen ziren. Hala, denbora-sekuentzia bat jarraitzen zen, azken afaritik Jesukristoren gurutziltzatzea edo berpizkundera iritsi arte. Tokiko prozesio horiek Vera Cruzeko kofradia jatorrizkoaren inguruan garatzen ziren. Prozesio horietan, halaber, penitentzigileak (arantza-koroz hornituta, katez lotuta, zartailuz kolpatuta, etab.), Bibliako pertsonaiak, San Migel hieratikoa edo San Grabiel, tropa erromatar ikusgarriak eta "nazaneroen" talde ezinbestekoak irudikatu ohi ziren.

Zalantzarik gabe, prozesioaren usadioa Aste Santuaren ospakizunarekin estu lotuta dago eta ekitaldi hedatuena da gainera. Ez zegoen doktrina jakin bat barreiatuz egiten ziren prozesio horiek ospatzen ez zituen herririk. Hala, bakoitzak tokian tokiko berezitasunak mantentzen bazituen ere, gehienetan, aipagai dugun kulturaren aldaera guztietan, antzekoa zen prozesio horien egitura fisikoa eta hura garatzeko protokoloa. Modu horretan, pauso edo prozesioko irudi horiek doktrinatze hori eta enpatiazko irrika hori gauzatzeko beharrezkoa den giroa sortzen zuten edo dute (Jesus Anasen aurrez aurre, Pietatea, Azken Afaria, Heriotza, San Joan Ebanjelista, etsaiak edo kolpeak, Simon, etab.), sorbaldaz sorbalda garraiatzen direlarik. Ostegun eta ostiralez gure herrietan egiten diren prozesioen artean nabarmentzeko modukoak dira Segurakoa, Urduñakoa (bertako erdi aroko giro paregabearekin), Lekeitiokoa, Corellakoa, Hondarribikoa, Bilbokoa eta Azkoitikoa.

Ostegun Santuko arratsaldean parrokiako kanpaien sortasuna zen nagusi (haien ordez matraka eta karrakak entzuten ziren). Jendetzak alaitasun keinu oro ezkutatzen zuen, erlijiozko irudi oro lutoz beztitzen zen, aldareko Sakramentua ardura handiz gordetzen zen eta kofradiako kideek afaria egiten zuten gauez. Ostegun arratsaldez eta ostiral goizez fededunek, tradizioari jarraiki, zazpi elizei egiten zieten bisita. Eliza edo kapera bakoitzean zazpi aitagure errezatzen zituzten (zegozkion agurmaria eta loriekin) edo ibilaldia egiten zuten "Guruzpidearen" 14 geltokietan barrena.

Ostiral Santuko goizaldea "isiltasunaren prozesioarekin" abiatzen zen eta luto hertsiak prozesioko turutei zerien gerra-soinua ere irensten zuen. Egun horretan, tokiko parrokietan "zazpi hitzen predikua" entzun zitekeen, eguerdiko hamabietatik arratsaldeko hirurak arte. Une horretatik aurrera, derrigorrez bete behar zen Kristoren heriotzarengatiko dolua. Horregatik, ezkilak isilik mantentzen ziren eta elizetako kandela edo argizariak itzali egiten ziren.

Egun horretan ohikoak ziren gurutze-bideak, "pasio bizidun" bereziak eta ostegunetik kaleak betetzen zituzten prozesioen joan-etorriak. Duela mende askoz geroztik (agertzen diren lehenengo datak XVI. mendekoak dira) prozesio handiak egiten dira Ostegun Santuan eta Ostiral Santuan. Prozesio horiek eliza nagusitik abiatzen dira eta berriro leku berera itzultzen dira ohiko ibilbide aurrezarria egin ostean. Herri gehienetan penitentzigileen kofradietan antolatu dira. Kofradia horiek, hasiera batean, Vera Cruzeko prozesio jatorrizko eta penitentziazkoa egiten zuten. Duela zenbait urtez geroztik kofradiako partaideek abitua janzten dute eta txota edo txanoz estaltzen dute aurpegia; hori iraganean ez zen horrela egiten, izan ere, aurpegia agerian zutela zeharkatzen zituzten kaleak. Partaide horiek hainbat izendapen dituzte tokiaren arabera: nazarenoak, penitentzigileak, txanodunak, tunikadunak, maskaradunak, anaiak, mozorroak, morroteak, damutuak, kofradeak, bocacil, carrachupete, etab.

Gaur egun funtsezkotzat jotzen diren pertsonaia horiekin batera erdi aroko laguntzaileak, zartailudunak edo zumedunak (klaustro eta prozesioetan ohikoak ziren), besozabalak eta katez lotutakoak edo penitentzigileak joan ohi ziren prozesioan. Musikari dagokionez, tokiko musika-banda nahasten zen prozesioko danbor eta tronpetekin. Dena den, beste garai batzuetan (XVII. mendeaz geroztik) txirula eta danborren soinua (Bilbo eta Urduña), tuba berezien hotsa edo koruak entzun zitezkeen. Guardia erromatar ikusgarriak (Segura, Hondarribia, Urduña, etab.) edo alarbadariak (Corella) ere ikus daitezke zenbait prozesiotan. Oinarrizko lau elementuak irudikatzen ziren egun horretan ohorez eramaten ziren zutoihal edo banderetan; izan ere, herriaren pentsamoldean sendo mantendu da Naturaren oinarrizko lau elementuen (haizea, ura, sua eta lurra) ikuskera klasikoa. Gainera, bizitzaren edo giza izatearen sostengu gisa ulertu izan dira elementu horiek. Atzerago Santu izerkaria edo Veronika eramaten ziren. Eta zenbait prozesiotan (Segura, Zarautz, Elorrio) aingerutxoz edo Arkanjeluz jantzitako neska-mutiko multzo bat ikus zitekeen, ezpata eta ezkutua eskutan, mekanikoki aurrera eginez edo zendutako Kristoren zerraldoaren aurrean dantza motelean. Antzinatik, udal-agintariek derrigorrez parte hartu behar dute bi egun horietako erlijiozko ofizioetan. Are, korporazio hori azturazko ordena bati jarraiki egituratzen zen eta halako erlijio-ospakizunetan aintzat hartu beharreko errespetuzko jarrera finkatzen zen.

Pausoei dagokienez, herri batzuetan fededunen arteko enkantera ateratzen zen haiek eramateko eskubidea. Bestetik, azpimarragarria da tailuen kalitate artistikoa. Prozesioetan irudi asko ikus daitezke. Irudi horien helburu nagusia doktrina jakin bat ematea izan da, Pasioari dagozkion gertakariak kronologikoki agertuz. Horrela, hainbat egoera antzezten dira, esate baterako, Jesus Jerusalemen sartu zenekoa, Azken Afaria, baratzeko otoitza, Jesus Anasen aurrez aurre, Astinduak, Arantza-koroa, Gurutze-bidea, Topaketa, gurutziltzatzea eta Kristoren Zerraldoa. Haatik, erlijiozko suhartasun horretan badira, besteak beste, izendapen bitxiak (Anatxu prakagorri, larrugorritako heriotza, Gurutzearen katxia, etab.), biraoak (Judasi, erromatarrei, fariseuei eta judutarrei), barau egunetan egiten diren afari oparoak edo dragoi berezi bati (deabrua irudikatzen duena) egiten zaion mihi-bustitzea (malba zuriko karameluz egiten duten Lekeitioko neska-mutikoek).

Arestian esan bezala, gauez egiten zen isiltasunaren prozesioarekin (horrela izendatzen da penitentzigileek eta pauso-eroaleek isilean zeharkatzen dituztelako kaleak) abiatzen zen eguna. Prozesio horretan aipagarri da, Barrabas bezala, gurutze batez zamatuta anonimoki dabilen preso bati askatasuna ematen zaiola. Zenbait lekutan, esaterako Urduñan, tuben soinu marrantatuek apurtzen dute isiltasun hori. Egun horretan, ondoren, Guruzpideak, pasio bizidunak edo prozesioak egiten dira. Arratsaldez, ehorzketa-prozesio handia egiten da eta, Ostiral Santuko gauetik Larunbat Santura bitartean (Berpizkundearen ordura arte), "gaueko adorazioa" egiten zen. Bijilia edo aldareko Sakramentuaren gaubeila ere ohikoa zen egun horietan. Gaubeila horretan herriko biztanle askok edo erlijio-elkarte ezberdinetako kideek (Mariaren Alabak, Jesusen Bihotza, Ekintza Katolikoa, San Bizente Paulekoa, Luistarrak, etab.) parte hartzen zuten ordu erdiko txandatan.

Pasio bizidun herrikoi edo ikusgarriak berriagoak dira eta ikuspegi errealista eta konpromiso handiagoa erakusten dute. Haien jatorrian prozesio klasikoen osagarri ziren antzezte edo eszena zehatzak kokatzen dira. Lanestosa eta Erriberako zenbait herritan nahiz Nafarroako hegoaldeko zonaldean hasi ziren halakoak egiten (XIII. mendearen bigarren erdialdean). Balmasedan egiten dena XIX. mendearen amaierakoa da eta berriagoak dira Castro Urdiales, Berango, Zaratamo (Arkotxa auzoa), Durango edo Arasekoa.

Halaber, ospakizun-garai horretan otoitz klasiko edo erromantze arras deskriptiboak esaten edo oroitzen zitzaizkien gaztetxoei. Otoitz horien bidez, Kristoren heriotza eta Berpizkundea azaltzen zitzaien neska-mutikoei. Gaztetxo, mezalagun eta mutikoek elizako karraka, mailu edo matrakei eragiten zieten. Ezkilen hotsa ordezten zuen zurezko artilleria horren zarata zakarrarekin dei egiten zitzaien herritarrei ofizio jainkotiarretara urrera zitezen.

Loria Larunbatean ohikoa izan da komentu edo bestelako erlijio-gune batzuetara treska edo botilak eramatea ur bedeinkatuz beteta itzultzeko. Ondoren, ur hori etxean erabiliko zen ekintza erlijiozko edo profano ezberdinetan. Ur hori ohetik jaikitzean eta oheratzean gurutze santuaren seinalea egiteko, ekaitzak aurreikusten zirenean uzten gainean isurtzeko eta fruituen kalitatea bermatzeko ere erabiltzen zen. Orobat, hil-hurren zegoen pertsona bat edo zerraldoa bedeinkatzeko ura hori baliatzen zen. Gauez, han-hemengo parrokietan, liturgia-garaia berritu eta aldatzen zen. Hori irudikatzen zuten, oraindik elizetan pizten diren Paskual argizariak eta kandela ezberdinek. Fededunek su bedeinkatu eta berri hori etxeraino eramaten zuten. Era berean, kandeletako argizaria ere bedeinkatu egiten zen eta, zenbait lekutan, argizari hori etxe eta baserrietako ate zein leihoetan funditu egiten zen begidun gurutze txikiak sortuz. Gurutze horien bidez Kristoren zauriak irudikatzen ziren.

Aurrez esan bezala, Loria Larunbatak eta Piztuera-igandeak liturgia-garaiaren amaiera adierazten dute. Azken egun horretako ezkilen dantza alaiak, guardia erromatarraren zorabioak, Ama Birjinari dolu-tapakia kentzearen laguntza aingeruzkoak (Tutera) eta "topaketaren prozesio" direlakoek Salbatzailea bizitzara itzuli dela adierazten dute. Gainera, jende askok egun horretan arropa berria jartzeko ohitura zuen. Hala, dibertimendu publikoen (dantza, jolas, ikuskizun, etab.) aroa abiatzen zen eta ezkontza-ospakizunen geldialdia eteten zen.

Bi egunetan Judas irudikatzen zuen panpina bat atera ohi zen (zenbaitetan haren bikotea ere bai). Panpina barregarri hori herri askotan paseatzen zen (Añana-Gesaltza, Moreda, Eltziego, Lizarra, Samaniego, Tutera, etab.) eta herrietako biztanleek biraoak esaten zituzten hark egindako traizioarengatik. Eta azkenean, ezin zen saihestu plaza publikoan panpina harrika hartu edo erretzea. Bestalde, Bizkaiko mendebaldean (Lanestosa, Karrantza, etab.) "Paskua" izenez ezagutzen diren eskeak egiten ziren. Eske horiek zuriz jantzitako neskatoek egiten zituzten, egun horiei zegozkien ahaireak kantatuz.