Miguel Angel Arzuagaren Oñatiko eta Euskal Herriko paisaia-margolari on eta interesgarria dela, XX. mendeko 40ko eta 50eko hamarkadetakoa, bere karrera margolari gisa, eta agian baita argazkilari gisa ere, etenda geratu zelarik auto-istripu lazgarri baten ondorioz. Inpresionismo osteko korronteetara atxikia, Frantziako fauvismoa gehiago bereganatuz, kolore biziekiko zaletasunarekin, landa- eta hiri-paisaiak garatu zituen, azkenean paisaia arin, espresionista eta koloretsuagoa margotu zuen, Ignacio Etxandi, Menchu Gal eta Ana Mari Parraren ildotik, joko asko eman ahal izango zuelarik.
Marrazkilari ona baitzen, arinago eta askeagoa ageri da marrazkietan, eta klasikoagoa liburuak eta aldizkariak irudiztatzen.
1945
- Aloña Zañartutik. Olio-margolana. Inpresionismo osteko paisaia lirikoa. Pintzelkada luze eta arina. Zuhaitzak, etxeak, mendia. Landa-paisaia bukolikoa. Baserriari kantua, aberriaren funts edo esentzien bilgune gisa, mende-hasierako literaturak eta pinturak oso berea zutena: Azorín, Herri-kantategia.
- Burgosko katedrala. Hiri-paisaia. Pintzelkada aske eta arina. Zuhaitzak, etxeak, katedralaren dorreak.
- Zuazolatik. Lau baserri zuhaizpean etzanda, eta atzean mendiak.
1947
- Urrexolako Haitzak. Landa-paisaia, soroak eta baserritarrak idiekin goldaketan bi baserriren aurrean; atzean haitzak. Pintzelkada arin eta kargatua. Postinpresionismoa. Mantxismoa.
1948
- Ibai-paisaia. Landa-paisaia. Baserritarra zuhaitz artean ibai gainean. Atzean mendiak. Teknika bera. Argia interesatzen zaio, baina lanaren antolaketa osoaren zerbitzura.
1949
- Degurixa. Akuarela. Borda baserriaren ondoan eta mendiak. Pintzelkada arina. Grisak eta okreak.
1950
- Antoni Beitiaren erretratua. Emakume gaztearen bustoa aurrez aurre, lepoko eta belarritakoekin, eta atzealde neutroa. Indarra begietan. Pintzelkada arina.
1951
- Otsaileko eguzkia. Baserri txiki bat Aloña elurtuan kokoriko bildua ikuspegi fauvistan. Pintzelkada arina.
- Ibai-paisaia. Aurreko gai berbera, perspektiba handiagoarekin.
- Oñati San Martinetik. Etxeak, atzean parrokiaren dorrearekin. Grisak, berdeak, okreak.
Lehen denboraldi honetan hasten da inpresionismo osteko tankeran landa-paisaia garatu eta gauzatzen; pintzelkada arin eta malguez eta kolore leun eta griseztatuez, Etxandi eta beste margolari batzuenaren antzeko paisaia sortzen du. Nolabaiteko fauvismoa ere sumatzen da. Beraz, Arzuaga paisaia-margolari fin gisa hasten da, Regoyosekin hasi eta gure egunotara arte iristen den tonu eta ñabardurazko paisaiaren euskal tradiziorik onenari atxikia.
1951
- Montmartre. Parisko hiri-paisaia. Kalean pertsonak eta eliza. Pintzelkada arina eta argiari buruzko ardura.
- Paris Sena. Zubipean gabarrak ainguratuta: Ongi kokatzen du gaia. Berdeak, kremak eta arrosak. Halako heldutasun bat erakusten du Parisko gai hauetan.
- Montmartretik jaisten. Parisko kalea, alboetan eta atzean etxeak. Tonu arrosa eta malba interesgarriak. Paisaia lortuak.
- Parisko zubiak. Zubia eta etxea leihoekin.
- Sacre Coeur. Paris. Hiri-paisaia oso arina, betiere halako planimetria fotografiko batekin.
- Pont au Double.
- Parisko grisa. Zubia eta Notre Dame.
- Pont de la Tournelle. Arrantzaleak Senan. Oso arina.
1953
- Sant Angelo. Erroma. Jada lan heldua. Espatula erabiltzen du. Kolore fauvista ausartak: arrosak, okreak, urdinak, grisak.
- Erromako hondakinak. Hiri-paisaia.
- Erromaren ikuspegia. Zubia Sant Angelorekin eta Vatikanoa. Paisaia jada espatula erabilita, arinagoa eta sintetikoagoa.
- San Pedrotik. Zuhaitzak, baserria eta goi-mendiak arrats beherako argiaz.
- Ponte Cesio Roma.
- Arco Triunfo Roma.
- San Migel parrokia. Hiri-paisaia. Berriro pintzela erabili du.
- San Martin baselizaren aurrealdea. Zuhaitz arteko baseliza. Berriro pintzela.
- Paisaia. Zuhaitzak eta mendiak. Mantxista. Pintzelkada luze eta kargatua.
- Andina Arrazolaren erretratua. Neska gaztea eserita, aurrez aurreko erretratua, hiru laurdenekoa, kobrezko txokolate-ontziarekin atzean, adierazkortasuna begietan.
Bere sortze-lanaren bigarren aldi edo une honetan heldutasun handiagoa dago obran, espatula erabiltzen du, eta ardura handiagoa testura eta kolore fauvistekiko; hori Gauguinen eta Frantziako fauvisten (Matisse, Vlaminck, Derain...) herentzia da, eta Euskal Herrian Arteta, Iturrino, Bikandi, Martiarena, Menchu Gal-ena.
1956
- Udalaitz. Landa-paisaia. Espatulaz egina. Ona. Naturari kantua.
1957
- Itsas ikuspegia. Galizia. Akuarela itsasoko harkaitzekin. Oso arina eta ongi marraztua. Okreak, moreak eta urdinak.
- Arcocelos. Portugal. Akuarela. Hiri-paisaia dorrearekin.
- Katategi. Anoeta. Akuarela. Etxetxoa mendipean.
- Oñatiko plaza. Hiri-paisaia espatulaz egina.
1958
- Ibai-paisaia. Arina eta ongi marratua. Mantxismoa.
- Neguko goizekoa. Oñatiko ikuspegi panoramikoa, eskematikoa eta bioleta artean bildua.
- Erretxingua baserria. Baserria mendipean. Okreak. Kolore leunetako margolaria.
1960
- Arabako makalak. Makaldia. Akuarela. Oso arina.
- Santa Maria. Gasteiz. Hiri-paisaia.
- Lore horiak. Murkoa bitxilore horiekin eta sagarrak, bizitzaren eta heriotzaren sinboloa. Natura hila. Azkena margotu zuen lana izan zen.
- Unibertsitateko pasealekua - Geltokia. Hiri-paisaia.
Arzuaga akuarela-margolari fin eta ona da, aisetasunez marrazten dituelarik urkolore edo guaxelan finak. Beste horrenbeste gertatzen da azken urteetan egiten dituen olio-paisaiekin. Ziurrak eta helduak dira.
Margolariak bi autorretratu eta adiskideen zenbait erretratu ere egin zituen: Juanito Ibarrondo , Mari Carmen liburuarekin, J. Victor Balzategi... baina gure ustez ez dira haren lanik onenak, eta maila hobea du paisaietan.
Hobeak eta interesgarriagoak dira, antolaketa nahiz ebazpen aldetik, haren hiru natura hilak: Motxila eta botak, botila eta kataloxarekin, Martin arrantzale txoria, Txoria eta pitxerra, Ardandegia. Ongi asmatuta daude konposizio aldetik eta ongi enpastatuak kolorez. Pena da gehiago ez egin izana.
Eta haren produkzio datatuaz gain, beste hainbat lan geratzen da, agian interesgarrienak eta heldutasun handienekoak, ikonografia aldetik nahiz piktorikoki, eta haren produkzioan aurreratuenak eta berritzaileenak direnak. Aipa ditzagun horietako batzuk:
- Aloña. Landa-paisaia zuhaitzekin eta mendiarekin.
- Bidaurretako monasterioa. Arkitekturak.
- Paisaia gandutsua. Zuhaitza eta mendia. Fauvismoa.
- Aingeru Guardakoa II. Baserriak mendiekin. Fauvismoa.
- Eguzki-sartzea. Lan heldua eta bete-betea. Espatulaz egina. Fauvismoa.
- Ibai-paisaia. Antolaketaz aberatsa eta pintzelkada arinekoa.
- Balmaseda. Sintesi formala eta fauvismoa.
- Arantzazuko errota. Pintzelkada oso arina. Hispanoamerikako Biurtekoetako margolarien, eta euskaldunen artean Etxandiren, joskeraren antzekoa.
- Araotzurruti. Arzuagaren eskutik ateratako margolan interesgarri, biribil eta misteriotsuenetako bat. Aurrekoaren joskera bertsua du honek ere.
- Tolosa. Paisaia arina etxe eta zuhaitzekin.
- Ibaia Unibertsitate azpian. Antolaketa oneko eta fauvismo markatuko olio-margolana.
Akuarela gehienek paisaiari behatzeko eta margotzerakoan sintetizatzeko gaitasun handia erakusten dute. Kalitate eta edertasun handikoak dira gehienak.
- Vitoria
- Calle Soledad
- Ángel de la Guarda
- Portalón Vitoria
- Caserío
- Rincón Vitoria
- Triana desde San Martín
Lan hauetan guztietan, Arzuaga teknikoki heldua eta betea agertzen da, molde eta sortze-modu berritzaileak adierazten ditu, Espainia osoan eta Euskal Herrian sortzen hasia zen paisaia berriarekin sintonian: Benjamín Palencia, Menchu Gal, Ana Mª Parra, Ascensio Martiarena, Gaspar Montes, Ignacio Etxandi eta beste asko. Paisaiaren errebindikapena da, Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, gizakien eta borroken ama eta orube den paisaia, eta artistak menderatzaileen ezarpenagatik margotzera ausartzen ez direna, eta bizirik irauteko beharrizan hutsez egiten dutena. Paisaia eta erretratua, gainerakoaz haiek arduratuko dira eta. Naturaren eta lurraren landa-paisaia, Oñatiko herriko monumentu eta arkitekturen paisaia eta ikuspegiak. Lurraren eta bertan eraikitako monumentu aipagarrienen kantua eta errebindikapena.
Miguel Angel Arzuagaren pinturek, olio-lanek nahiz akuarelek, ixteko lerrorik ez duten arren, eta ezaugarri moderno hori miresgarria da benetan, zalantzarik gabe, haren margolaritza guztia marrazki indartsu eta ahaltsuan oinarritua dago, eta horrek egituratzen eta antolatzen du era egoki eta zuzenean.
Hori erakusten du Txinako tintaz egindako marrazki-bilduma zoragarriak -San Anton Plaza, Unibertsitateko pasealekua, Oñatiko Udaletxea-, haren familiartekoek dauzkatenak, baita Herriko iturriei buruz egindako marrazki-irudi moderno eta zehatzek ere -ziur asko, bere maisu Vicente Cobreros Urangak Oñate aldizkarian Agustin Ansa mediku eta marrazkilariaren irudiekin argitaratutako artikulu baten harira- eta hainbat pertsona ospetsuri eta gairi buruz egindako beste irudi batzuek: Jose Adriano Lizarralde, Magdalenako ermita edo baseliza, Lazarraga dorrea, Bidaurretako hospizioa, San Elias leizezuloa.
Txinako tintaz egindako marrazkietan, garbia eta zehatza da trazuan, zuriunea menderatzen eta beltzezko orbanetan. Aldizkarietarako irudietan gehiago hurbiltzen da irarlan edo grabatuaren teknikara, hauek marrazkiak izan arren, graziaz orbantzen ditu, eta ilun-argizko ukitu erromantikoagoa ematen die. Oñatiko iturrien marrazkietan, espazioaren eta ilun-argiaren kontzeptua ia fotografikoa da, oso modernoa.
Pedro de Anasagastiren Florecillas de la Virgen de Aránzazu libururako egin zituen irudiez, eta horiek beti aipatzen dituzte artigrafoek, esan behar dugu, bai tamaina txikiko lehenengo zazpiek, eta bai orrialde osoko hogeita hamarrek, antolaketaren, marrazkiaren eta orbanaren zentzu klasikoa dutela, linoleo gaineko grabatuaren teknika imitatzen saiatuz, marrazkiak direla uste baitugu, eta horietan bi joera sumatzen dira, antolaketa edo konposizio xume eta pausatukoak, eta antolaketa diagonalagoa eta dinamikoagoa dutenak. Marrazkilariak egunezko eta gauezko efektuak bilatzen ditu, eta mendiko, itsasoko, hiriko, etxeko eszenak gauzatzen ditu, guztiak daudelarik plano onez, perspektibaz, irudibilduz beteak, azken bi mendeetako gubilaren teknikaren baliabideak ongi ezagutzen zituela erakutsiz. Gure gusturako, guztien artean aipagarriak dira: De un mancebo varonil que cantó Maitines con primor y sustentó con primor a los frailes de Aránzazu (Gizon gazte batek fintasunez Matutiak abestu eta Arantzazuko fraideak arreta handiz mantendu zituenekoa), eta De cómo la Virgen de Aránzazu podó de brujas y hechiceras el país vasco-navarro (Nola Arantzazuko Ama Birjinak murriztu zituen Euskal Herritik sorgin eta belagileak). Hemen ere nabarmenak dira paisaia-margolari gisa haren dohain handiak beste gauza guztien gainetik. Lan honen azalak eta kontrazalak egilearen akuarela arin eta koloretsu bat daramate, esandakoa berresten duena.