Albaitariak

Arzoz Jiménez, Gregorio

Gregorio Arzozek gertutik jarraitzen zituen Pasteurren ikerketak. Hala, Pouilly-le-Fort herriko esperimentuak (1881eko maiatza eta ekaina) baino egun batzuk lehenago zera idatzi zuen:

"Argiro frogatutako dago lupuaren infekzioa bakteridia izeneko parasito mikroskopiko batek eragiten duela" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Hala, 1882an, berari esker Nafarroan, beraz, Espainian, Frantzian egindako esperimentuak errepikatu ziren. Emaitzak zoragarriak izan ziren. Prentsan ere oihartzun handia izan zuen eta "El Navarro de Pamplona" izeneko artikulu bat argitaratu zen.

Handik gutxira, 1883ko urria eta otsaila bitartean, aurreko udan hasitako entseguekin jarraitu zuen, Nafarroako Foru Aldundiak eskaini zion 1625 pezetako diru-laguntza bati esker.

Urriaren 29an 40 ardi eta 6 behi erosi ziren. Lehenengoak 3 sailetan banatu ziren: lehenengoan 16 barneratu ziren eta birus arindu bidez babestu behar zen. Bigarren sailean lehen saileko kopurua, adina eta sexua errepikatu ziren eta lehenengoarekin batera birus kutsakorraren inokulazioa pairatu behar zukeen; hirugarrena erretserban geratuko zen.

Urtarrilaren 24an lehen multzoko ardiei txertoa jarri zitzaien. Otsailaren 8an bigarren txertoa jarri zitzaien. Martxoaren batean baziloa inokulatu zitzaien arratsaldeko bostetan eta martxoaren 3an, ordu berean, txertoa jaso ez zuten animalia guztiak hilda zeuden. Bi ordu beranduago txertoa jasotako animalia bat hil zen. Emaitza horiek Iruñeko "El Monitor" aldizkarian eta "Gaceta Médico Veterinaria" delakoan argitaratu ziren; halaber, Pasteurrek egin berri zituen lanei buruz Chamberlandek osatutako bildumaren eranskin modura ere argitaratu ziren.

Esperimentu horien kontura gorabehera handiak izan ziren "La Veterinaria Española" aldizkariko zuzendariarekin eta Madrileko Eskolako katedradunekin. Hala, Braulio Garcia Carrion (aldizkariko ordezkaritzan) eta Santiago de la Villa (eskolako ordezkaritzan) Pasteurren mikrobioaren teoriaren auka azaldu ziren sutsu, izan ere, entsegu profilaktikoekin gaixotasuna zabaldu baino ez zela egiten uste zuten. Gregorio Arzozek "Gaceta Médico Veterinaria" (Rafael Espejo del Rosal zen bertako zuzendaria) baliatu zuen bere burua babesteko eta denborak arrazoia eman zion.

Baina dena ez zen zoriona izan Gregorio Arzozentzat. Esperimentuak egin eta gutxira "El Monitor" aldizkarian argitaratutako artikulu batean "La Veterinaria Española" aldizkaritik jasotako kritikekin kexu azaldu zen:

"materialismo gozoa oinarritzat hartuta (zeinari ongi lotu behar zaion) inokulazio prebentiboaren edo profilaktikoaren printzipioa barregarri utzi nahi zuen, eta hori gutxi ez, eta behin eta berriz astindu zuen galbidera eraman nahi duenaren gisan" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1884an "Gaceta Médico Veterinaria" baliatu zuen berriz ere, oraingoan Obanoseko eskualdean 1880 eta 1883 bitartean hautemandako lupuari buruzko txosten bat idazteko. Lehen hiru urteetan gaixotasunak eragindako hilkortasuna %10ekoa izan zen batez beste. Azken urtean 1.200 abereri txertoa jarri zitzaien Pasteurren metodoari jarraiki. Hilkortasuna %3ra jaitsi zen, nahiz eta, hainbat arrazoi zirela medio, ez ziren animalia guztiak tratatu.

1883an Pasteurrek, Thuiller albaitariaren laguntzarekin, txerrien min gorriaren aurkako txertoa prestatzea lortu zuela iragarri zuen. Eta, era berean, 1889an, Nafarroako Foru Aldundiaren eskaera aintzat hartuz, Gregorio Arzozek metodo hori baliatuz gauzatutako txerrien gaixotasunaren aurkako kanpainan emaitza positiboak erdietsi ziren.