Zinekoak

Ama Lur

Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxeak zuzendu eta 1968an estreinatutako film luze dokumentala. Izenburu mitikoa eta euskal zinemagintza garaikidearentzako halabeharrezko hasiera gunea. Filmaren laburpen ofizialak Ama Lur "batez ere, Euskal Herriari egindako emoziozko aipamena" dela dio eta "zazpi euskal lurraldeetatik zehar bi urte baino gehiagotan zehar filmatutako hirurogeita hamarretik gora gaidun benetako kaleidoskopio bat" bezala irudikatzen du.

Bere egile zirenek film luze hori filmatzera bultzatu zituzten ziorik nagusienak bi izan ziren. Euskal Kultura sustraietan oinarritutako zinematografia-lengoaia propioa sortu eta, indarkeriazko erregimen batek nortasunaren edozein aztarna desagerrarazi zion herri bati informazioa eman. Euskal asmo horretan datzaz, jakina, Ama Lur filmaren gauzarik hoberen eta txarrenak. Filmak dirdira dagi zinemagileek arbasoen mundua oroitu eta mito mailara jasotzeko duten gaitasuna erakusten digunean baina, batzuetan, sentiberatasun hori larregizko enfatikotasun eta hotsandiko ukituan bilakatzen da. Larruquerten eta Basterretxearen talentua, xehetasun horiek gorabehera, zalantza ezina da. Argazkiaren kalitatea, sarri askotan irudi-bandatik aparteko bide bezala asmatutako soinu-bandaren indarra, euskal paisaiaren edertasunaz bere zabaltasun guztian jabetzeko sentiberatasuna edo irudi desberdinak bata bestearekin lotzerakoan egindako muntaia-lan ikaragarria nabarmendu beharrekoak dira. Ama Lur galtze zorian dagoen gizartearen barnera abiarazten den etnologia indusketarako bidaia dugu.

Filmean zehar gai desberdin eta ugari jorratzen dira. Artea, heriotza, herri kirolak, folklorea, nekazarien lana, historiaurrea -Jorge Oteizaren irudiak indar nabarmena hartzen duen gaia alegia- erlijio-magia mundua, herriko jaiak... Euskal Herriaren argazki erakusgarri eta aberatsa osatzen duen kaleidoskopioa, filmaren propagandak adieraztera ematen duen bezala. Ama Lur filmaren beste arlo interesgarri bat zinemagileek behin eta berriro azpimarratzen dutena hurrengoa dugu: euskaldunek edozein giza-ekimen, ohikoena izanik ere, arte edo folklore mailara goresten dutenarekikoa. Baserrian egur-lanetik, adibidez aizkolariak sortzen dira eta horren ostean Mendiburu zizelkariaren lana agertzen da. Inauterien munduak Ituren eta Zubieta bezalako Zanpantzarren irudi harrigarriak edo Lantzeko eszena ameslariak sorrarazten ditu. Horiek guztiak lanari unibertsaltasun ukitua ematen diote.

Zentsura frankista Larruquert eta Basterretxearentzako benetako nekabide bihurtu zen. Garaiko Informazio eta Turismo Ministroa zen Manuel Fraga Iribarnek, erakusketa-baimena emateko, Luzaideko atxo-ta-tupinekinekin agertzen ziren Picassoren "Guernica"ren irudi batzuk eta elurrez jantzitako Gernikako Zuhaitzaren azken irudia ere kentzea exijitu zituen. Irudion sinbologia Francoren erregimen faxistaren ministroaren mentalitaterako iraultzailea zen. Gainera, "España" hitza hirutan gutxienez aipa zezala exijitu zuen. Euskal bizitzaren ohiko moduak zentsuratzaileei hain arrotzak begitandu zitzaizkien, non ez zuten filma espainoltzeko erarik izan. Ama Lur 1968an Donostiako Nazioarteko Zinemaldian gipuzkoar ateneoaren saria lortuz, zentsuraren aurkako bi urte baino gehiagoko liskar gogorra izan ondoren, estreinatu zen. Jada bertan hasi zen filma euskal kulturaren mito izaten.

2006an Euskadiko Filmategiak, filmaren jatorrizko negatiboaren babeslea, (eta aldaki birena ere), filmaren zaintzearen egoera larriaren berri prentsa bidez adierazi zuen. Aldakietariko bat, Argentinan mailegu bezala zegoena, proiekzio bakar bat emanez %80an narriatu eta erabiltezinezko egoeran gelditu zen. Bestea, egoera bikainean dago baina zaintzarako besterik ez da eta ez da proiektatu behar. Arazoa: Ama Lur hirurogeita hamarrean erabileratik kanpo utzitako "2 pi" sisteman filmatu zen. Ez dago aldakiak egiteko tresna egokirik, Estokolmoko Filmategikoa ezik eta hori bada negatibo horiek berregiteko gauza. Baina eragiketaren kostua 90.000 euro da. Eta horren inguruko erabakiren zain, denboraren joan-etorriz betirako galdu daitezke. 2007an E.K.H.E. (S.A.) (Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea), Gara egunkariaren argitaletxe-elkarteak, filmaren DVDzko edizioaren gastuak bereganatu zituen. Digitalizazio prozesua Fernando Larruquertek ikuskatua izan zen. DVD hori Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zen eta Gara egunkariarekin batera salmentan jarri ere.