Dantza

Almute dantza

Saskito-dantza

Baztango irri-dantza.

Baztango dantzen bilduman agertzen zaigun dantza hau ez da dantzatu izan bakarrik bailara honetan. Izan ere, Gipuzkoan zein Nafarroa Beherean eta Lapurdin ere bai jaso izan da dantza honen melodia. Nafarroa Garaian, egileen arabera, oso zabaldua izan den dantza izan da Almute Dantza eta Malerrekan, Basaburuan, Bertizararanan, edota Ultzaman eta Erroibar eta Esteribarren aurkitu izan da haren presentzia. Beste izen batekin ere izan da ezaguna hala nola Saskito dantza, Xarmanta edota dantzatzerakoan kantatzen ohi den kantaren lehendabiziko hitzekin: Aldapeko sagarraren. Xarmanta da Luzaiden ematen zaion izena. Hala ere eta almutearen gainean dantzatzen den arren, musika ez da Baztanen ematen den bera, baizik eta Zurrume dantzarena. Kasu honetan jauzien antzera egiten da dantza almutearen gainean. Zuberoan, Luzaideko musikarekin, Kokot dantza izena jasotzen du, baina gutxi gora behera Baztango erara dantzatzen da.

Saskitoa edo almutea Nafarroa Erresuma zeneko garaiko bolumen neurria da. Artoa, garia, garagarra (labore aleak) neurtzeko balio izan duen zurezko ontzia edo tresna da. Almutean 1,769 litro zereal sartzen ohi da, hau da, erreguaren hamaseierena eta gaitziruaren laudena.

Saskitoa oinarri karratuzko zurezko kaxoi txiki bat da. Bere altuera 9 zentimetrokoa gutti goitti behitti, eta aldeek, kanpotik neurtuta, 17 cmkoak.

Baina bere berezko erabileratik aparte, almute edo saskitoa dantzan ere izan da erabilia. Horretarako, buruz behera jarriko dugu, "ipurdiz goiti" eta dantzariek soinuaren konpasean dantzatu beharko dute. Lehendabizi oin punta bat almutearen gainean jarriz eta bestea airen mantenduz, ondoren airean zegoena almutean ipini eta txandakatuz joango dira oinak musikari jarraiki eta dantzatuz.

Esan bezala, dantza honen aztarnak Azkueren Cancionero Popular Vasco delakoan aurki ditzakegu (Lantz), hala nola Aita Donostiak egindako argitalpenetan. Baztango bertsioa Maurizio Elizaldek, Baztango txistulariak, jasotzen du bere 1943ko bilduman. Beste hainbat kasutan bezalaxe, txistularia ez zegoelarik (ala izanda ere, musikari laguntzeko) dantza honen melodia kanta batek laguntzen du (beste aldaeren artean):

Aldapeko sagarraren
adarraren puntan
puntaren puntan
txoria zegoan kantari.

Txiruliruli, txiruliruli
nork dantzatuko ote du
soñutxo ori.

Txiruliruli, txiruliruli
nork dantzatuko ote du
soñutxo hori.


Partitura ikusi

MIDI entzun


  • ARRARÁS, Fco. Danzas e indumentária de Navarra. Merindad de Pamplona, I y II. Pamplona: Institución Príncipe de Viana, 1987.
  • AZKUE, R.M. Cancionero Popular Vasco. Bilbao: Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
  • DONOSTIA, J.A. Cancionero Vasco. IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994.
  • SAGASETA, M.A. Luzaideko Ddantzak. Zamudio: Herritar Berri/Astero, 2011.