Dantza

Arrateko dantzak

Eibarko Arrate auzoan, Arrateko Ama Birjinaren omenezko baselizaren inguruetan, irailaren 8ko festan egiten dira Arrateko dantzak. Herri gunetik aparte, zazpi kilometrora, eta itsas mailatik 532 metrora dago Arrate, eta bertako elizari buruzko agiri zaharrenak dio 1498an gutxienez eraikita zegoela. Arrateko Amaren jaia abenduaren 8an ospatzen zen, 1563an Pio IV. Aita Santuak festa irailera aldatzeko baimena eman zion arte. Ordutik, irailaren 8an ospatu da, eta Gipuzkoa eta Bizkaiako hainbat eskualdetatik ohitura handia izan da luzaroan Arrateko erromeriara hurbiltzeko.

Musikari eta dantzarientzat festa kuttuna izan da XX. mendean Arratekoa. Bertan sortu zen 1927an Euskal Herriko Txistulari Elkartea eta, txistulariek bezala, trikitilariek ere beraien elkarteetako zaindaritzat hartu zuten Arrate. Irailaren 8ko prozesioan eta ondoko erromerian dantzak ohikoak izan dira luzaroan, eta horiek sendotzeko asmoaz, 2005. urtean, Arrateko dantzen errepertorioa osatu zuen Kezka dantza taldeak.

Ezpata-dantza eta trokeo-dantza dira Arrateko dantzen bilduma osatzen duten bi dantza sortak. Irailaren 8an, goizeko 11:00etan egin ohi den meza nagusian bertsolari, trikitilari eta txistularien parte hartzeaz gain, dantzariek sarrera egin ohi dute elizan, ezpata-dantza aldare aurreraino eramanez. Bertan, Arrateko ezpata-dantza dantzatzen dute dantzari bakarlariek eta, ezpatak altxatuz, berriz ere kanpora ateratzen da taldea. 12:00etan, meza nagusitik irteterakoan prozesioa antolatzen du Arrateko Kofradiak, baselizatik gurutzerantz abiatuz. Usartza txistulari taldearen doinura, ezpata-dantzariek parte hartzen dute Ama Birjinaren inguruan eta aurretik dantzatuz, eta ezpatekin zubiak eginez. Gurutzean, Eibarri begira otoitz egin eta Salbea kantatuta, elizarako itzulera bidea hartu ohi du segizioak. Baselizaren atarian, bigarren aldiz Arrateko ezpata-dantza eskaintzen diote dantzariek, eta horren ondoren Ama Birjinaren irudia elizara itzultzen da.

Prozesioa bukatuta, dantzariek beren emanaldi nagusia eskaini ohi dute zelaian. Ezpata-dantza osorik eta hiru trokeo-dantza dantzatzen dituzte: makil txikiena, makil handiena eta brokel-makilena. Berriz ere ezpata-dantza antolatuta, azken zubiak egin ondoren bukatzen da Arrateko dantzarien emanaldia. Tradiziozko dantza eta doinuak, berrikuntza koreografiko eta musikalekin osatuta ageri dira Arrateko dantzetan. Jose Migel Laskurain-ek eginak dira doinuen egokitzapen eta sorkuntzak. Genero bereizketarik gabeko dantzak dira Arratekoak, eta sexu desberdineko dantzariek ez jantzi ez dantzari dagokionez inolako ezaugarri bereizgarririk gabe parte hartzen dute bertan.

Dantza errepertorioa osatzeaz batera, Arrateko dantzarien kofradia sortu zen 2005. urtean. Arrateko dantzetan parte hartzen duten dantzariak kofradiako kide izatera pasatzen dira. Lehen urtean, 2005. urtean, 33 dantzarik parte hartu zuten ezpata-dantzan. 2013an 62 dantzari izan dira, eta Arrateko dantzariek kofradiak 100 kide baino gehiago ditu dagoeneko. Eibarko Kezka dantza taldeko dantzariez gain, urtero beste herrietako zenbait dantzari eta dantza-maisu gonbidatu ohi ditu kofradiak ezpata-dantzan parte hartzera eta bakarlari lanak betetzera.



  • ARAOLAZA ARRIETA, Oier. "Arrateko Amaren dantzak: XXI. Menderako tradizio bat". Jentilbaratz. Cuadernos de Folklore, 11. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2008.
  • SAN MARTIN, Juan. Antzinako Eibar. Eibar: Ego Ibarra, 1993.