Mitologiarekin lotutako herri askotan, harri eta horma grabatuak edo zizelkatuak topa ditzakegu. Beraz, ez gara oraingoan inskripzioak dituzten oroitarriei buruz arituko -aldareak eta estelak esaterako- , baizik eta gure mitologiarekin lotutako marrazkiak dituzten arrokei eta hormei buruz. Harrian grabatutako -eta batzuetan margotutako- irudiak dira, hortaz. Haitzuloetan agertu ohi dira gehienetan, eta gutxi batzuetan, aire zabalean. Animalien irudiak eta gizonen figura eskematikoak izaten dira. Aipatu behar da labar-irudi horiek, haitzuloetakoak bereziki, historiaurrekoak direla: paleolitikokoak, neolitikokoak edota Burdin Arokoak. Haitzulo ia guztiek zerikusi zuzena dute historikoki gurtza erlijiosoetarako erabilitako tokiekin. Santimamiñeko haitzuloa, esaterako, ermita baten aldamenean dago, eta Madeleine aldiko pinturak eta grabatuak ditu. Isturitzeko Laminazilo kobak grabatu eta eskultura paleolitikoak ditu, eta kondairek diote Otsozelaia toki sakratuarekin harremana duela. Haristoi kobak ere Madeleine aldiko pinturak eta grabatuak ditu, eta toki sakratu berarekin lotuta dago, kondaira herrikoiek diotenez. Urtiagakoa Salbatoreko baselizaren azpian dago, eta Madeleine aldiko grabatuak ditu. Goikolauko kobak ere Madeleine aldiko (?) eta Burdin Aroko grabatuak ditu, eta erromatar garaian, hilerria izan zen. Erabilera bera izan zuen Solacuevako kobak ere, eta bertan, Burdin Aroko grabatu eskematikoak aurki ditzakegu.
Ukaezina da gurtza erlijiosoarekin harremana dutela. Tradiziozko mitologiak haitzuloetako iluntasunean bizi diren numenen irudikapen gisa hartzen dituen animalien figurak, eta arrokan grabatuta edo margotuta egon dira, hainbat mende eta milurtekoz. Hor ditugu, besteak beste, Aatxegorri, Akerbeltz, Erensuge, Zaldixuri, eta Aari, baita giza figura eskematikoak ere.
