Abeslariak

Arizu, Miguel de

Kontralto abeslari eta konpositore nafarra. Madrilgo Errege Kapera espainiarraren kide izan zen. Dirudienez, Aritzun izeneko Nafarroako herrian jaio zen 1593. urtean.

1604an Errege Kaperako haurren koruan sartu zen. Lau urte beranduago, Felipe III.aren flandestar kaperako haurren zerrenda batean agertzen da. Ahotsa aldatu zitzaionean, korua utzi behar izan zuen, baina Felipe IV.ak Madrileko Borgoina etxeko, flandestar kaperan kontralto gisa sartzeko aukera eskeini zion. Garai honetan latina, kantu eta musika instrumentala ikasi zituen.

1616 eta 1627 bitartean Gaztelako etxearen menpeko zen Espainiako Errege Kaperan abestu zuen. 1629an Borgoinako Kaperan postu arrunt bat eskuratu zuen, aurrekoa galdu gabe. 1642an Madrilen jasotzen zuen soldata, Iruñeko katedraleko fondoetatik zetozen 350 dukatetako errenta eklesiastikoarengatik trukatu zioten. Momentu honetatik aurrera ez dugu Arizuren bizitzako daturik ezagutzen.

1648ko maiatzaren 15ean Madrilen hil zen.

CRG 2003

Sablonara Kantutegian bere bi lan daude: Filis del alma mía (lau ahotsetako abestia) eta Vistióse el prado galán (hiru ahotsetarako erromantzea). Aldi berean, New Yorkeko The Hispanic Society of America Liburutegian autorearen gabon-kanta bat dago: Por coronar a María, las flores se deshojaron. Orokorrean bere lanek, garaiko Madrileko gortearen ahots-kamerako errepertorioa isladatzen dute, estilo deklamatorio homofonikoa seudoimitatiboaren gainetik nagusituz, hemiola eta erlazio faltsu ugari daudelarik.

KSE 2008

  • GÓMEZ PINTOR, Mª Asunción: "Arizu, Miguel de". Non: Casares, E. (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericano.[Madril]: Egile eta Editoreen Elkartea, 1999. 1. t., 688 or.
  • ROBLEDO, L.: Arizo [Arizu, Arizcum], Miguel de. Non: Oxford music online.
  • Bere lan batzuk Eresbileko artxiboan daude.

KSE 2008