Dantza

Arizkungo Gaita

Arizkun Baztan bailarako herrixka bat da, besteak beste, bertako ohiturak eta folklorea bizirik mantendu duena. Honela ihauteriak, sanjuan bestak... ezagunak dira, hala nola bertan dantzatzen diren mutil-dantzak, sagar-dantza, zortzikoa, irri-dantzak, soka-dantza edota Arizkungo Gaita edo Baztango Gaita izenez ezagutzen den ingurutxoa; jarraian deskribatuko dugu.

Baztango gaita gizonezkoek eta emakuzmekoek bikoteka erlojuaren kontrako norantzan plazari itzulia emanez egiten den gizarte dantza da. Parte hartzen duten bikote kopurua ez da mugatua eta unearen arabera aldatzen da.

Bere izena izen bereko musika tresnatik etor liteke, baina klarinetearen aldeko albiste nahikotxo baditugu ere bai:

"...los afamados tamborileros de Santesteban tratan de despertarnos al son de los clarinetes (imitando a las gaitas de esa por San Fermín..." (El Eco de Navarra, nº 6996, 31-V-1900. Iruritako besten giroan jasotako albistea).

Edota Doneztebeko beste hau:

"Mi más modesto aplauso a D. Victor Arrarás... así como a los sres Ortiz, hermanos, músicos consumados y que tanto en la música, como en el chum-chum y en la gaita con los clarinetes, han hecho las delicias del público" (El Eco de Navarra, nº7303, 5-VII-1901).

Berez, ingurutxo dantza mota edo multzoan sailka daiteke, izena larrain edo plaza baten inguruan buelta emateagatik datorkiolarik. Nafarroako hainbat eremutan ezaguna da, herri batzuetan larrain-dantza izena hartzen du.

Dantza mota hau soka-dantzarekin erlazionaturik dago, hauetan higidura zentzu berean eta egiten baita: neska-mutilek soka eskuak lotuta edota zapi baten bidez osatzen dute eta plazaren inguruan erlojuaren aurkako norantzan aurreratzen dute eta lehenengo bikoteak zubi bat egiten ohi du.

Dantza multzo hauek Nafarroan nahiko hedaturik daude, bietako aldaera ugari izanik, batzuetan ziklo osoak dantzatzen dira elkarrekin eta beste batzuetan banaturik. Baztango kasua berezia da, bi dantzak ezagutzen dira, soka dantza (Arizkugo plazan 2007an egindako grabazioa hemen duzue ikusgai eta Gaita, baina independienteki dantzatzen dira, ez dute multzo bera osatzen.







Baztango Gaita beste ingurutxoetatik bereizten da bakarrik erritmo ternarioa duen melodiak dituelako, hau da, bakarrik inguru-txiki izenarekin ezaguna den zatia gorde du; balsa erritmoan dantzatutako urratsetan oinarritzen dena. Normalean hiru doinu jotzen badira ere gutxienez sei melodia ezberdin badira. Beste ingurutxoek, badute erritmo binarioko zatia, inguru-handi deiturikoa.

Baztango Gaita edo ingurutxoaren bukaeran, plazan bertan, fandango eta arin-arina dantzatzen dira, era antolatu batean. Honela, ziklo osoak hamar minututik gorako iraupena du.

Gizarte dantza mistoak izanik ohikoa da herriko bestetan, ihauterietan (sagardantzaren ondotik) edota bestelako ospakizunetan dantza hauek egitea; zenbaitetan modu antolatuago batean eta besteetan gainontzeko herri dantzekin batera jaietako egitarauetan aipatzen diren dantza saioetan, modu libre batez. Dantza hauen ikasketa plazan bertan ematen da.

Egun dantza tradizionalak Baztanen erakusten duen indarra agerikoa da. Herri askotan besten egitarauan berezko dantzak sartzen baitira, hala nola mutil-dantzak eta gaita, baita "Baztandarren biltzarra" festa eguneko programan ere (mutildantzak, Baztango gaita, muxikoak eta larraindatza).

Hala eta guztiz ere, neurri batean berreskuratutako dantza dugu, izan ere, iragan mendeko hainbat hamarkadetan zehar ez baitzen dantzatu. Honela adierazten digu 1919an jaio zen Felix Iriarte jaunak, Arizkungo atabalari ezaguna, beti Maurizio Elizalde txistulariarekin zebilena, Mediatekan eskegita dagoen elkarrizketan:

"iendero gaite jotzen tzuten leno, iendero, ta gaite munduguziek bazakien nola ez, baño izentzuen denbora bat etzuen iñork gaitik jotzen ta eontzen gibelatue, ba naiko gibelatue, ta gero gu asi ginen dantzarieikin, ta istorio, ta gaite gaten ginuen, ta berriz berritu da gaite. /.../ oai munduguziek baaki."

(elkarrizketa osoa hemen duzue entzungai: mediateka_)

Janzkera unearen araberakoa da. Honela, ihauteri egunean sagar-dantzaren ondoren egiten denean galtza eta atorra zuriarekin egiten da, bestetako une garrantzitsuetan ohiko "baserritar" jantziarekin eta gainontzeko daltzaldietan kaleko jantzi arruntekin, gainontzeko gizarte dantzekin gertatzen den moduan.

Musika txistuarekin jotzen da, danbolina eta atabalaz lagunduta. Bestelako musika tresnak ere erabili izan dira, hala nola klarinete edo errekintoa. Batzuren ustetan gaita izena Nafarroako gaita edo dultzainarekin jo izan delako dator (ikus dantza honen grabazioa 1990ean TVE-k Mikel Aranbururen zuzendaritzapean Ingurutxoaren inguruan emandako programan, 23. minututik aurrera)



Nafarroako hainbat gaitari taldeen disketan Arizkungo gaitaren doinua jaso da.