Kontzeptua

Aritza edo Eneko dinastia

Tradizioz, baskoi-iruindar erreinuan gobernatu zuen lehen dinastia dela iritzi zaio. Jatorria kondairez josita dago, garai hartako informazio-iturri faltaren ondorioz. Dinastiak hiru jaun izan zituen: lehena Iñigo edo Eneko Aritza (?-851/852) izan zen, eta beste biak, haren semea Gartzia Iñigez (851/852-882?) eta iloba Fortun Gartzia (882?-905).

Indar musulmanak Iberiar Penintsulara heldu ostean, Iruña inguruak haien eraginpean geratu ziren. Dena dela, VIII. mendean zehar eta IX. hasieran, bi joera nabarmendu ziren: karolinjioen babesa onartzearen aldekoak -Belaskotarrak ditugu leinurik ezagunena-, eta Kordobako emirrarekin adostutako itunak errespetatzearen aldekoak. Azken horiek Aritzatarrak edo Enekotarrak buru zituzten, eta Banu Qasi familiaren laguntza eta aliantza zuten, Ebro eskualdeko erdialdean eta mendebaldean kokatuta zegoen familia muladia, alegia. Zehazteke dago zenbateko autonomia zuten familia horiek bi botere handien aldean.

Garaiko arabiar testuetako datu solteak eta mende bat beranduago osatutako iruindar tradizio genealogikoa batuz, historiografia modernoa erreinu baten jaiotza iluna argitzen saiatzen da, haren jatorria kondairaz inguraturik baitago. Garaiko dokumentazio eskasak gero beste europar erreinu kristauen pareko izango zen espazio politikoa sorrera gatazkatsua IX. mendean kokatzeko baino ez digu balio. Horregatik, zenbait egilek zalantzan jartzen dute botere faktiko horien jabeek orduko pentsamendu politikoaren arabera zuten egoera modu argian ulertzen zutenik, kontuan izanda eremu murriztua zela eta apezpiku-egoitza bakarra zutela. Horrek azalduko luke mendetako tradizioak seme-alaba aski ezagunak dituzten Iruñeko lehen hiru jaun horiei "errege" titulua eman izana, eta, hain zuzen ere, hiru horiek osatzen dute Aritzatarren edo Enekotarren dinastia, Banu Enekoren familia izenez ere ezaguna.

Eneko edo Iñigo Aritza -851. urte inguruan zenduaeta haren oinordekoak Iruñeko lurren eta aristokraziaren buru izan ziren hiru belaunaldiz. Gartzia Enekones edo Iñigez semeari -eta Fortun Garseanes edo Gartzia ilobari gerozegozkion errentak jasotzeko, banatzeko eta antolatzeko lanak, baita gudarosteak eta zaldunak mobilizatu eta zuzentzea ere, eta bakea, justizia eta ordena bermatzea.

Eneko Aritza monarkia hasiberri haren lehenbiziko jauna izan zen. Garaiko dokumentu gutxi dauden arren, haren buruzagitza hiru arotan bana daiteke. Lehenengo aroan (824. urtera arte), karolinjioen hedapenari aurka egin zion bandoa zuzendu zuen. Bigarren aroak 825 eta 840 artean iraun zuen, eta gerra-gertakaririk egon ez izana du bereizgarri. Azken aroa 840. urtean hasi, eta 852an amaitzen da, haren heriotzarekin. Garai horretan, Musa ibn Musa gobernariarekin aliantza estua mantendu zuen, eta etengabeko liskar belikoak izan zituen.

799. urtean, indar-kolpe batek Banu Qasi familiako Mutarrif ibn Musa agintetik kendu zuen, eta Iruñean karolinjioen aldeko gobernua ezarri zen; baina gutxi iraun zuen horrek. 803. urtean Aritza leinuak boterea berreskuratu zuen, eta aliantza estutu zuten Banu Qasi familiarekin. Aitzitik, 806an iruindarrek karolinjioen babesa eskatu zuten berriz ere.

Karlomagnok eta emirrak 812an bakea sinatu zuten, eta, horrek bidea libre uzten zion lehenengoari, mugan nahi bezala jarduteko. Aragoiko Pirinioetako haran garaiak eta Iruñeko lurrak karolinjioen eragin-eremuaren barruan zeuden. Hala ere, Inperio karolinjioak ez zuen inoiz bere administrazioa Iruñean ezartzea lortu.

Azkenean, 816. urtean, Belasko eta haren aliatuak garaitu zituzten, eta Iruñea Aritzatarren mende geratu zen. Karolinjioek Iruñean konderria ezartzeko saiakeran porrot egin zuten, eta tokiko nobleen ordezkari batek hartu zuen tronua: Enneco Aresta ziurrenik. Hark Kordobarekiko obedientzia politikoa eta urteroko zergaren ordainketa berrezarri zituen. Frankoek Iruñeko lurretan nagusitasuna galdu zutenean, Aritza izenez ezaguna den leinuari hasiera eman zitzaion. Enekok, Aritza deitutakoa (cognomento Aresta), Muza ben Muzaren alabetako bat ezkondu zuen. Azken hori Banu Qasi familiaren burua zen, eta Enekoren anaia amaren aldetik.

Karolinjioek Iruñean ezartzeko beste saiakera bat egin zuen 824an. Haatik, espediziotik bueltan zeudela, baskoiek garaitu zituzten, eta Eblo kondea -karolinjioen jeneralaatxilotu eta Kordobara bidali zuten preso. Beste buruzagia, hau da, Aznar kondea, aske utzi zuten, odol-ahaidetasuna zuelako.

Inperio Karolinjioak iruindar lurretan izandako porrot ugariak Aritza familiaren aurkaritza irmoaren ondorio izan ziren, Banu Qasi familia muladiaren laguntzaz. Azken horiek Omeiekin merkataritza-harremanak zituzten, eta, horri esker, Aritzatarrak euren jabetzako lurretan geratu ahal izan ziren. Dena dela, Banu Qasi familiarekin zuen aliantzaren ondorioz, Eneko Aritzak haien fideltasun aldakorraren zori berbera jarraitzen zuen, eta emirraren tropen erasoak jasan behar zituen, fideltasuna hausten zenean. Dena dela, euren lurretan nagusi izan ziren beti, emirrek ez baitzuten desjabetzea lortu.

Ordutik 840. urtera arte, ez dago berririk jasota; hortaz, pentsa dezakegu iruindar lurretan lasai samar zeudela, eta Kordobako emirrarekin harreman onak zituztela. Baliteke Eneko Aritzak aukera aprobetxatzea, bere boterea sendotzeko eta erresuma garatzeko oinarriak ezartzeko.

840. urtetik aurrera, Banu Qasitarren eta Kordobako emirraren ordezkarien arteko gatazkak borroka bilakatu ziren, eta iruinsemeak herrestatu zituzten eurekin. Kordobar dokumentuek diotenez, 843an Kordobako emirrak aman (bake-hitzarmena) bat hitzartu zuen Yannaquo ibn Wannaquo-rekin, historialariek Eneko Aritzarekin identifikatu dutena. Aman horren arabera, Eneko Aritzari lurrak aitortzen zizkion, urtero zazpiehun dinarreko zerga ordaintzearen truke. Argi dago emirrak Eneko Aritzari lurren gaineko jauntza aitortzen ziola. Eneko Aritzari emandako aman hura urtetan izandako egoera aitortzea baino ez zen. Hala ere, itun hori hainbatean hautsi zen, eta beste hainbatean berriz lehengoratu, Musa ibn Musa Banu Qasi leinuaren buruaren laguntzaz. Emirraren autoritatea eta indarra ez ziren inolaz ere nahikoak izan, sendo hartuta zuen lurraldea kentzeko.

845. urtean, kanpaina berria aurrera eraman zuten, eta orduan, Galindo, Enekoren semea, emirraren alde egin zuen. Geroago, 850. urteko kanpainan, bakea eskatu zuen, Banu Qasi familiarekin batera, eta Kordobari men egin zion.

Dirudienez, hamarkada horietan eta hil zen arte (851-852), Eneko Aritza osasunez ahul zebilen, eta, horregatik, haren seme eta oinordeko zen Gartzia Iñigezen eskuetan utzi zuen gudarosteen agindua. Nahiz eta azken urteetan porrot egin eta Kordobari obedientzia hitzeman, Eneko Aritzaren buruzagitza ez zen inoiz kolokan egon. Horrek erakusten du leinua erabat errotuta zegoela, eta hasiberria zen Iruñeko Erresuma sendotzen ari zela.

Lau seme-alaba izan zituen: haren oinordekoa, Gartzia Iñigez; Galindo, Kordobara ihes egin eta aita hildakoan itzuli zena; Assona, Musa ibn Musarekin ezkondu zena eta izen ezezaguneko beste alaba bat, Gartzia "Gaiztoa" Aragoiko kondearekin ezkondu zena.

Eneko Aritza hil zenean, Gartzia Iñigez semeak hartu zuen Iruñeko nukleoaren agindua (851/852-882), eta tradiziozko genealogietan, Iruñeko bigarren erregetzat hartua izan da. Gobernuari norabide berria eman zion, eta horrek kanpoalderako harremanak aldatu zituen. X. mende erdialdean, egoera politikoa aldatu zen: Asturiasko Ramiro I.a hiltzean (850) -Eneko Aritzarekin eta Abd al-Rahman II.arekin (852) batera kasik-, pertsonaia eta aliantza berriak agertu ziren.

Gartzia Musa ibn Musa buruzagitik aldendu zen, eta Ordoño I.a asturiar erregearengana hurbildu, zenbaitetan haren politika babestu zuelarik. Era berean, inperio karolinjiora -Karlos Burusoilari mandatua eman zion Verberieko asanbladan, 850. urteaneta Aragoiko konderrira gerturatu zen. Leodegundia Ordoño I.aren ustezko alaba bat Iruñeko printze batekin ezkondu ere egin zen. Horrek guztiak pentsarazten gaitu Eneko Aritza hiltzerakoan, etapa bat itxi zela, eta aukera berriak ireki. Hala ere, Gartziak bere azken hamar urteetan Banu Qasi familiaren alde agertu zen, eta, hortaz, Iruñeko kanpo-harremanak ezin daitezke kristauak versus musulmanak blokeetan sinpletu. Horrez gain, lan berriek zalantzan jartzen dute aita hil ostean Gartziak jarrera politiko berria hartu zuenik, eta oviedoar monarkekin koalizio egonkorra lortzen saiatu.

859. urtean, kordobar egileek jazoera bitxi baten berri eman zuten. Normandiarrak Ebro ibaian gora egin zuten, Iruñearaino. Gartzia Iñigez preso hartu, eta diru-zenbateko handia eskatu zuten (70.000 urre-moneta), haren askatasunaren truke. Hura bahituta zegoela aprobetxatuz, Musak eraso egin zuen, eta, ondorioz, asturiarrek kontra egin zieten, iruinsemeak laguntzeko. Tradizioak dio Ordoño I.ak Musa garaitu zuela Clavijon. Iruindarrek, bestalde, birkonkista hasi zuten pixkanaka, eta Faltzes, Murillo el Fruto eta Caparroso bereganatu zituzten. Musaren ahultasuna ikusita, Muhammad I.a emirrak gaztigu-operazioa abiarazi zuen: gotorleku horiek berreskuratu zituen, eta Gartziaren lehen semea Fortun Gartzia preso hartu (860), eta Kordobara eraman zuen, bertan egon zelarik hogei urtez.

Hurrengo hamarkadan (860-870), agian Fortun gatibu zegoelako edo emirrak beste gune kristau batzuetan interesa zuelako -Araba batik bat-, lasaitasuna nagusitu zen, eta horrek aukera eman zien iruindarrei Asturiasekiko aliantza sendotzeko. Aliantza hori sendotu egin zuten, gainera, Alfontso III.a asturiar errege berria Ximenarekin ezkontzean. Era berean, Oneka -Gartziaren alabetako batAragoiko Aznar Galindo II.a kondearekin ezkondu zen. Horrela, Iruñeako jaunak bere aliantzak eta eragina zabaldu zituen.

871. urtearen inguruan, Ebro Garaiko haranean emirraren kontrako altxamendu orokorra gertatu zen, Banu Qasi familia matxinadaren buru zela eta Gartzia Iñigezen laguntzaile zutela. Egun gutxitan, Musa ibn Musaren oinordekoek Tutera, Zaragoza, Huesca eta Monzon hartu zituzten. Iruinsemeek Banu Qasi familiari emandako laguntzaren ondorioz, Muhammad I.a emirrak hainbat eraso egin zituen, zigor gisa (873, 874, 878 eta 879). Aitzitik, orokorrean Iruñea inguruak arpilatu eta uztak suntsitu baino ez zuten egin, eta ez zen erresuma hasiberriaren kontrako eraso indartsurik egon.

Gartzia Iñigezek lau seme-alaba izan zituen: Fortun Gartzia oinordekoa, Antso Gartzia, Oneka Gartzia -Aragoiko Aznar Galindo II.a kondearekin ezkonduaeta Belaskita -Musaren semeetako batekin ezkondua, Mutarrif izenekoa-.

Nolabaiteko lasaitasunak zailtasunez jositako garai bati paso eman zion, eta IX. mende amaieran, Fortun Gartzia tronuan zela, une latzak izan ziren Iruñeko erresuman. 880. urtearen inguruan, Fortun itzuli zen, Kordoban hogei urtez gatibu egon ostean. Handik gutxira (882 aldera), aita hil zitzaion, eta Iruñeko erresumaren gobernua hartu zuen. Tradizioz, hirugarren erregea dela esan ohi da. Musulman iturriek "Begibakar (al-Anqar)" ezizena jarri zioten, eta kristauek, aldiz, "Monjea", azken egunak Leireko monasterioan eman zituelako.

Fortunen agintaldia hasi zenetik, Banu Qasi familiak presio handia egin zion iruindar erresumari: Muhammad ibn Lubb-en eskutik lehenbizi, eta haren seme Lubb ibn Muhammad-en eskutik gero. Horrek erresumaren egonkortasuna kolokan jarri zuen. Banu Qasitarrek, beren aldetik, mugak gotortu zituzten, eta iruinsemeekin borroka bortitzak eduki. Fortunek jasandako eraso ugarietatik nabarmentzekoak dira Oibarko konkista (882), arabar lurretan egindako arpilatzeak (886) eta Silbaniano gazteluaren konkista, oraindik identifikatu ez den leku batean kokatua zegoena (891).

Muhammad ibn Lubb-en heriotzak (898) ez zien bakerik eman iruindar lurrei, haren seme Lubb-ek politika militar bera mantendu baitzuen. 900. urtean, asturiar eta iruindar tropek porrot izugarria izan zuten Tarazonatik gertu. Arabiar autore batzuen arabera, 6.000 kristau hil ziren; baina beste batzuek horien erdia hil zirela baieztatzen dute. Hurrengo urteetan ere, Banu Qasi buruzagiak presioa egiten jarraitu zuen. Ondorioz, iruindar monarkia hasiberria ezinean ibili zen, eta giza zein lur ondasunen parte bat galdu zuen. Gerra horretan behin betiko errotuko zen iruindar monarkia. Gainera, Fortun Gartziaren zahardadeak -laurogei urte zituen iaez zuen egoera politiko eta militar ahula zuzendu eta berregituratzeko laguntzen. Orduan, 905. urtean, dinastia-aldaketa gertatu zen Iruñean: IX. mendean erresumaren gidari izandako Eneko edo Aritza familiaren oinordekotza hartu zuen Ximena familiak, Antso Gartzia I.a errege berriarekin. Fortun Leireko monasteriora erretiratu zen edo erretiratu zuten, eta bertan hil zen, 96 urterekin.

Fortun Gartzia Oriarekin ezkondu zen, eta genealogiaren arabera, bost seme-alaba izan zituen: Eneko, Antsa Gartziarekin ezkondua; Aznar; Belasko; Lope eta Oneka, Abd Allah printzearekin ezkondu zena lehenbizi, eta Aznar Antso Larraungoarekin gero.