Riañon 1956ko apirilaren 26an jaiotako aktore leondarra. Agian laurogeiko euskal zinetik sortutako aktorerik garrantzitsuena da.
Bere benetako izena Manuel María Arias Domínguez da. Bere sendia Imanol oraindik umea zela Euskal Herrira etorri zen. Lehen urteak Ermuan bizi zituen. Eibarren Industria Peritu ikasketak egin zituen baina interpretazioak gehiago erakartzen zuenez ikasketak bertan behera utzi zituen Euskal Herriko antzerki talde burujabeetan sartzeko.
19 urte zituela Madrilera joan zen bere aktore izateko ametsa lortzeko, hasieran egoera gorri asko, aktoreak berak elkarrizketa batzuetan aitortu bezala, igaro beharra izanez. 70eko hamarkadaren erditik aurrera Drama-Eskola Nazionalean sartzea lortu zuen, antzerki muntaia batzuetan parte hartuz. Zinean Pedro Olearen La corea (1976) filmean parte hartuz estreinatu zen. 80ko hamarkada hasi berri besterik ez zela zoria bere alde jartzen hasi zitzaion.
Humberto Solasek Cecilia (1981) kubatar ekoizpenerako aktore protagonista gisa hautatu zuen. Kubatar abenturaz geroztik, Pedro Almodovarrek bere Laberinto de pasiones (1982) filmerako bereganatu zuen eta Mario Camusek ere La colmena (1982) filmerako bere lankidetza izan zuen. Geroztik Demonios en el jardín (1982) -Aktore Supporting hoberenari Nueva Yorkeko kritikoen Saria- eta Jaime Chavarriren Bearn (1982) pelikuletan paper garrantzitsuak lortu zituen. Baina bere karrerako inflexio-gunea 1983an iritsi zitzaion Pedro Masoren Anillos de oro telebista seriean izandako entzute handia eman zion pertsonaiaz, eta Imanol Uriberen La muerte de Mikel filmean bere protagonista paperez. Istilu politikoak geldiarazitako Euskal Herriko herri baten bere sexu-egoeragatik beldurtutako farmazialariaren bere interpretazio sentikorrak Burdeosko Iberiar Zinemaldian Aktorerik Hoberenari Saria ekarri zion. Interpretazio horiekin espainiar zinearen modako galai bihurtu zen.
1984an Maria Luisa Bembergen Camila ekoizpen argentinar-hispaniarrean bere parte hartzeaz beste arrakasta gehiago lortu zuen. Merkatu iberoamerikarraren ateak ere euskal aktore gazteari erabat zabaldu zitzaizkion. Euskadiko zinearen baitan entzute handirik izan ez zuten film bi egin zituen: Fuego eterno (1984) eta Bandera negra (1986). Baina 1986an Vicente Arandarekin Tiempo de silencio filmean topo egin zuen. Zorioneko topo egitea, beharbada Imanol Ariasen dramarako gaitasun guztia ondoen ateratzen jakin izan duen zuzendaria izan baita. Bere zuzendaritzapean 1987an El Lute, camina o revienta egiten du, Donostiako Zinemaldian Aktorerik Hoberenari Saria lortuz eta El Lute, mañana seré libre (1988), oraingoan Aktore Protagonistarik Hoberenari Nueva York kritikoen Saria eskuratuz. Interpretazio horiek Imanol Arias ez zela zinema-galaia bakarrik erakutsi zuten. Azken baten, drama-aktore ospetsu bihurtu zen. 1988an errealizatzaile bezala estreinatu zen Delirios de amor telebista serieko Un instante en tu piel atala zuzenduz.
Espainiar zinearen esparruan aktorerik garrantzitsuenetako bat izatean sendotuta, 90eko hamarkadan bere ibilbide emankorrari jarraitu zion Gerardo Veraren Una mujer bajo la lluvia (1992), Vicente Arandaren El amante bilingüe (1993), Intruso (1993), Joaquín Trincadoren Sálvate si puedes (1994), Pedro Almodóvarren La flor de mi secreto (1995), Manuel Lombarderoren En brazos de la mujer madura (1997) edo Vicente Arandaren La mirada del otro (1997) film interesanteak diren izenburuetan berebiziko interpretazioak eginez. Gainera, 1995ean bere lehen metraje luzeko Un asunto privado filma, kritikak ondo hartu ez zuena, egin zuen. Bere protagonista, benetako bizitzan euskal aktorearen neska-laguna den Pastora Vega izan zen. 1998an Imanol Arias Euskal Zineari "El Mundo" Sarien VI edizioan Ibilbide Profesionalik Hoberenari Sariarekin saritua izan zen. 2000az geroztik, Emilio Martínez Lázaroren La voz de su amo (2000) filmean egindako komisario ustelaren bere interpretazio hobezinean, Quiero morir laburrean bere Marc paperean (Film Laburren Nazioarteko Chiletar Zinemaldian Aktorerik Hoberenari Saria) edota Carlos Molineroren Salvajes filmeko bere interpretazioekin zinemagintzan jarduera interesgarria izaten jarraitu zuen arren, bere ibilbideak telebistari esker beste aro arrakastatsu bat ezagutu zuen.
Severo Ochoa interpretatuz Sergio Cabreraren Severo Ochoa: la conquista de un Nobel (2000) seriean parte hartu ondoren Tito Fernándezek zuzendu eta TVE ekoiztutako Cuéntame (geroago Cúentame cómo pasó izenburua izan zuen) egin zuen. Espainia frankistan erdi mailako sendia bateko aitaren irudikapena den Antonio Alcántararen papera eginez, euskal aktoreak ikaragarrizko arrakasta lortu zuen, espainiar publikoaren artean serieak izandako entzule-kopuru gailenaren parekoa. Imanol Arias espainiar telebistako aktorerik ospetsuen bihurtu zen eta Aktorerik Hoberenari Urrezko TP Saria eta 2002an Telebistako Aktorerik Hoberenari Zilarrezko Fotograma Saria lortu zituen. Urte horretan, Aguilar de Campooko XVI Espainiar Zinemaldiaren baitan, Urrezko Arranoa Saria eman zitzaion, merituzko zine-ibilbideari aitorpen bezala zinemaldiak ematen dion saririk gorena. Eta Antonio Alcántararen pertsonaiarekin 2003an Telebistako Aktore Hoberenari Zilarrezko Fotogramak saria berriz ere eta Telebistako Arte eta Zientzien Akademiaren Sarien bosgarren edizioan Gizonezkoen Interpretaziorik Hoberenari Saria lortu zituen. 2003an ere Malagako Zinemaldiak bere 6. Edizioan Malaga Saria eman zion bere zinemagintza ibilbidearen aitorpen bezala.
2009an Arte Ederren Merituaren Domina jaso zuen. Gainera, Cuéntame cómo pasó (2009) telesailagatik Telebistako Sari Nazionala jaso zuen bere lehen edizioan. Handik denbora gutxira aktoreak eta Pastora Vegak bikote izateari utzi zioten eta albistea egunkari, bihotzeko aldizkari eta telebista saioetan ibili zen bolo-bolo. Imanol Ariasek hartu duen ospearen beste adibide bat da hori.
Hainbat eta hainbat izendapenen artean aipagarria ere litzateke 2011ean Kutxaren eskutik jasotako "Zinemari eskeinitako bizitza" Saria.
2010ean Pájaros de papel filmaketan murgildu zen. Telebistako jaun eta jabe den Emilio Aragonek egindako lehen film luzea izan zen hura. Filmean Arias protagonistetako bat da eta gerraosteko Espainiako vaudevilleko artista multzo baten gorabeherak aipatzen dira. 2011ean Miguel Ángel Bernardoren Mi primera boda filmean parte hartu zuen. 2013an aldiz Nacha Cuevas-en Victoria, Victoria... laburmetraian aritu zen lanean eta Agustín Crespi-ren Vicente Ferrer telebista garabaketan ere parte hartu zuen. Gainera, Battlefield 4 bideojokoaren pertsonaia baten bikoizketa lanak burutu ditu. Aktorearen hitzetan, "esperientzia, erronka eta era berean aukera berri bat" izan da. Zenbait proiektuetan lanean darrai, hala nola Alberto Arvelo-ren Libertador (post-produkzioan 2013) edo José Bergamín-en 33 días (pre-produkzioan, 2014).