Eskultoreak

Argüeso, Concha

1962an Bilbon jaiotako artista bizkaitarra.

1985ean Arte Ederretan lizentziatu zen, eskultura espezialitatean, Euskal Herriko Unibertsitatean. 1985-1989 bitartean Bizkaiko Foru Aldundiak beka eman zion Milanen eta Bilboko DZ Zentroan diseinu-ikasketak egiteko. 1990-91 bitartean Esseneko (Alemania) Folkswangschule izenekoan graduondoa egiteko beka jaso zuen Kultura Ministerioaren eskutik. 1990. urtetik Bochunen bizi da eta hiri hartako ordezkari modura hautatu eta beka eman zioten hiriak Bruselarekin egindako truke batean, eta Transfer izeneko proiektuan parte hartu zuen, Oviedon aurkeztu zena 1996an.

1997an lehen aldiz erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen bere jaioterrian, Bilbon. Aurrez, erakusketa kolektibo eta bakarkako ugari eginak zituen jadanik Kolonia Dreiseitel Galeriarekin (galeria honekin maiz aurkeztu zen Art Cologne izeneko Azokara), Berlin (Art Forum Berlin 2000 Vanguardia Galeriarekin), Bonn, Brusela, Bochun, Txile eta Madrilen. Bakarkako erakusketen artean 1990. urtean Berlingo Galerie Weekend galerian egindakoa, 1992an Bochumen egindako Eta ppenen Kunstraum Die Halle erakusketa edo 1993. urtean Bonneko Theisen Galerian egindakoa aipa daitezke. 1995ean Momentos y series aurkeztu zuen Madrileko Edurne Galerian, 1999an Two to two izenekoa aurkeztu zuen (Slobodanka Stupar, Christuskirche Kóln) eta 2001ean bere lehen bakarkako erakusketa aurkeztu zuen Bilbon, Fragmentos izenarekin, Vanguardia Galerian. Azken hari dagokionez, artistak zera adierazi zuen: "Nire lanak nire barnean dagoena islatzen du. Zenbaitetan argiago ikusten da eta beste batzuetan ezkutuago dago". "Nire lanetako batzuk urte zenbait dela egiten dudan meditazio-ariketa baten ondorio dira" (El Mundo, 2001eko urtarrilak 20); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).2005ean, berriro Bilboko galeria berean, Contemplaciones izenekoa erakutsi zuen. Berlinen bizi da eta hiri hartan erakusketa asko egiten ditu. Hiri hartan egindako bakarkako azken erakusketen artean daude honakoak: 2002an Übergang (gurutzea) Wandergalerie izeneko galerian. 2005ean Contemplaciones izeneko erakusketa Lorch&Seidel Galerian; 2007an Entre el suelo y el cielo aurkeztu zuen Schimmelfenghausen; eta, azkenik, 2009an La sonrisa de la serpiente izeneko erakusketa ipini zuen A trans Pavilion delakoan.

Argüesoren obra irudi sotilen laburpen bat da, puzzle bateko piezak bailiran elkarlotuz doazenak hartzen duten espazioa eraldatzen duten heinean. Formatu ezberdinak erabiltzen ditu eta lanen ezarpena ere nahiko pertsonala da. Horren ondorioz, obra bidimentsional horrek eskultura izaera hartzen du, arkitektonikoa, izan ere, espazioa eraldatzen du. Horrela, sarritan espazio huts handiak sortzen dira beharrezkoak ez diren eta apaindurazkoak diren elementuetatik ihes egiten duen ekialdeko kutsu batean. Tindadurak eta pigmentuak geometrikoki sakabanatzen dira kotoizko paper gainean, segida infinituaren ikurra den lerroa modu errepikatuan baliatuz, ur-kolore txiki batzuekin batera. Arrazoiak eta intuizioak bat egiten dute hala planteatutako kontzeptuetan nola hautatutako materialen erabileran.

Informazio gehiago Concha Argüesoren web-orrian.