Politikariak eta Kargu publikoak

Areilza Martinez de Rodas, Jose Maria de

Mutrikuko kontea

Bilbon 1909an jaiotako politikari eta diplomazialaria. Madrilen hil zen 1998ko otsailaren 22an.

Industria ingeniari izateaz gain, Salamankan zuzenbidea ikasi zuen eta ikasketak 1932an bukatu zituen. 1933an Jons aldizkarian esku hartu zuen, sindikalismo abertzalearen inguruan, eta urte berean lan egin zuen JONS erakunderaen alde, Donostian burutu zen ekitaldi batean ere parte hartuz. Bertan izan ziren besteak beste: J. A. Primo de Rivera, Ramiro Ledesma, Julio Ruiz de Alda nafarra eta Alfonso Garcia Valdecasas. Bloke nazionalaren agiria izenpetu zuen eta Falagerentzako aholkulari gisa aritu zen. 1936ko altxamendu militarraren prestaketan esku hartu zuen, Bilbon Mola jeneralarentzat bitartekotza lanak eginez. Gerraondoko Bilboko lehen alkatea (1937-1938) eta industria zuzendari nagusia (1938-1940). 1941z geroztik hainbat idazlan kaleratu zituen besteak beste, Reivindicaciones de España, horren bitartez Espainiako Literatura Sari Nazionala erdietsi zuelarik. 1944tik 1947ra bitartean Madrileko Zientzia Politikoetako Fakultatean irakasle lanetan aritu zen. Garai horretakoa da Embajadores sobre España idazlana, enbaxadore aliatuen ekimenak landuz.

Argentinan enbaxadore izan zen Peronen garaian baina bere kargua utzi egin zuen merkataritza lanetan aritzeko. 1954tik 1960 bitartean enbaxadore gisa jardun zuen Estatu Batuetan, lan eskerga burutu zuelarik Espainia Nazio Batuen Erakundean sartzeko. Washingntonetik Parisera alde egin zuen 1960 Frantzian enbaxadore izateko. Lau urteren burua, politika utzi egin zuen. 1975etik 1976ra Kanpo Arazoetarako ministroa izan zen Joan Karlos I.aren lehen gobernuan. Madrilen hil zen 1998ko otsailaren 22an. Prentsan artikulu ugari idazteaz gain, zenbait libururen egile ere bada, horien artean: Escritos políticos (1968), Recuerdos de Portugalete, Cien artículos (1971), Así los he visto (1974) apartekoa, La Europa que queremos (1986), Prosas escogidas (1986), Cuadernos de la Transición (1986), Siete relatos (1987), Paisajes y semblanzas (1988) eta A lo largo del siglo 1909-1991 (1993).