Historialariak

Apraiz Buesa, Odon

Odonek bere burua abertzale eta independentetzat hartzen zuen, politikaz ari zenean. "Eta ezkertiarra, ehuneko ehunean" gehitzen zuen.

Europar erakundeetarako XX. mendearen hirugarren hamarkadan euskal abertzaleek diseinatutako estrategian Odonek parte zuzena hartu zuen, modu nabarmen eta erabakigarrian. Europako Nazionalitateen Kongresua -hau da, estatu gabeko europar nazionalitateen erakundea- 1925ean sortu zen eta lau urte geroago lehen saiakerak egin ziren euskal abertzaleen aldetik erakunde hartara sartzeko. Odon Apraiz izan zen eragilea, 1929an Ginebran burututako ENKren V Batzarrena abertzale independente gisa joan baitzen, euskal abertzaleen izenean. Bere ahaleginei esker, 1930ean euskal nazionalitatea onartua izan zen Kongresuan.

Odon Apraiz ANVren militante izan zen alderdiaren sorreratik -1930eko azaroaren 30. Alderdi laiko, ezkertiar eta abertzalea zen eta errepublikaren aldekoa, beti ere Euskal Herriarentzako autonomia estatutu sendoaren helburuarekin. II. Errepublika sortu eta berehala, ANVren aginduei jarraiki, "Gobierno Republicano Vasco provisional" deritzan txostena gertu zuen Odonek. Bertan zehazten du Hego Euskal Herriko lau probintzietako alderdi ez alfontsinoetako ordezkari banak osatuko zutela Gobernua, integristak, jaimistak, tradizionalistak eta langile zein nekazarien erakundeak barne.

Eibarko Institutuan irakasle lanetan ari zen garaian, ANVren ordezkari moduan ihardun zuen, Deba Goienean.

Tenerifen zegoenean, 1939ko urtarrilean polizia joan zitzaion Odoni eta espedientea ireki zioten. "Comisión Depuradora del Profesorado" zeritzanak salakuntza aurkeztu zuen Odon Apraizen kontra: "Profesar el ideal separatista vasco en sumo grado, habiendo hecho obstentación de su ideología en cuantos actos ha podido demostrarlo y haber simpatizado con tendencia izquierdista, contribuyendo a sostener el ideario del llamado Frente Popular, que traicionó la unidad, entregó al extranjero y arruinó la Patria Española" Ondorioz, kartzelan egon zen, bi hilabete eta bi egunez.