Toponimoak

Andrearriaga

Horrela deitzen zitzaion Oiartzungo bailarako ermita zaharrari, gaur egun baserria dena. Baseliza San Feliperi eta Santiagori dedikatu zitzaien, baina Gurutzea eta Ama Birjina ere gurtzen zituzten bertan. Bertatik jaurtiki zituen Sansonek Hendaiako hondartzako bi haitz handiak: "Bikiak". Toki hartatik gertu oroitarri bat zegoen, gaur San Telmoko museoan dagoena. Harrian, zaldi gainean doan pertsona baten grabatua ikus daiteke, eta horren azpian, narriatutako inskripzio bat, hitz batzuk besterik irakurtzen ez direlarik: ULBELTES O NIS. Dirudienez, erromatarren garaiko jaierazko oroitarria da.

Bada kondaira bat harria eta grabatutako irudia eta inskripzioa azaltzen dituena. Lapurditik zaldiz zetorren emakume batek Anderregiko Ama Birjinaren eskuetan zintzilik zegoen arrosarioa hartu zuen. Lapurdira itzultzen hasi bezain pronto, pertsonaia misteriotsu bat agertu zitzaion, eta ostutako arrosarioa Ama Birjinari itzultzeko agindu zion. Emakumeak dena ukatu, eta arribiyur! esanez zin egin zuen (esandakoa gezurra bada, "harri bihur nadila"). Eta, hain zuzen ere, harri bihurtu zen: Anderregiko oroitarria da.