Dantza

Andrazkoen Soka-dantza

Euskal Herriko dantza sozialik garrantzitsuena eta gizonek eta emakumeek nahastuta parte hartzen dutena, Soka Dantza izenez aipatzen duguna da, egun toki askotan Aurresku izenez ere ezagutzen dena.

Dantza honetako parte hartzaileak ilara batean jartzen dira plazaren inguruan zirkulu bat osatuz eta elkarri eskua emanez. Korda edo soka ilaran dagoen lehendabizikoak edo aurre eskuak gidatzen du. Dantza horren bilakaeran emakumeak ez duela eginkizun garrantzitsurik izan defendatu dela gaineratu behar dugu, inongo arrazoi sendorik gabe alegia. Gure folklorista asko nolabaiteko puritanismo morala zuten elizgizonak zirelako, emakumeari zeregin zehatz bat ezartzen zion garai bateko erromantizismoagatik edota idazten zutenean ez zelako dantza sarritasunez praktikatzen izan daiteke.

Aita Donostiak zera adierazten du:

"euskal dantzetan, hein handi batean eta beren izaera aintzat hartuz, gizonezkoek bakarrik edota emakumezkoek bakarrik parte hartzen dute; jatorrizkoetan ez ziren bi sexuetako pertsonak batera aritzen".1

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Beste elizgizon bat, Estanislao de Labayru Bizkaiko historialaria, haratago joango da honako hau esanez:

"euskal dantzetan, hein handi batean eta beren izaera aintzat hartuz, gizonezkoek bakarrik edota emakumezkoek bakarrik parte hartzen dute; jatorrizkoetan ez ziren bi sexuetako pertsonak batera aritzen".2

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Hau guztiz faltsua da, izan ere, sexuen arteko nahasketa Soka Dantzaren oinarria da. Interpretazio horiek oso zabalduta egon dira XX. mendeko euskal kulturaren ikastun nagusienen artean, eta, ikusten dugunez, baita historialari garrantzitsuen artean ere. Juan Carlos Guerrak dantza horietan emakumearen zeregina ikuspuntu guztiz erromantiko batetik definitzen du. Horrela egiten zutela adierazten du:

"emakumeak estatua bizidunaren jarrera hartzen du, publikoaren disimulurik gabeko begiraden ondorioz urduri jartzen da, bere apaltasuna dela eta lotsatu eta behera begiratzen du... ohore handia da berarentzat eta dantzan eramaten uzten da jainkosa bat balitz bezala, jendetzaren txaloen artean... ederra eta barregarria berez, eta izatez, loria zikindu gabe, apoteosia suntsitzeko keinurik egin gabe".3

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Idazle horien idazkiak irakurrita, eta testu horiek idatzi zituztenean agian dantza ohikoa ez zela kontuan hartuz, zenbait Soka dantzetan emakumeak idazle horien lanetan ageritakoa baino jarrera askoz aktiboagoa zuela erakusten duten idatzi historikoak aurkitu ez izana harrigarria da. Juan Ignacio Iztuetak adibidez, 1824an Gipuzkoako dantzei buruz idatzitako liburuan dantza mota hauen aldaerak aipatzen ditu, dantzak zuzentzen zituzten pertsonen arabera melodia bat edo beste erabiltzen zutela adieraziz. Lehena gizonezkoek bakarrik zuzendutako dantzari zegokion (Gizon-dantza), bigarrenak antzeko ezaugarriak zituen baina gazteek zuzentzen zuten (Gazte-dantza), hirugarrena andrazkoek (Etxe-andre-dantza), laugarrenak ez zuen hainbesteko handitasunik eta galaiek zuzentzen zuten (Esku-dantza-galaiena) eta bosgarrena, berriz, aurrekoaren modukoa zen baina kasu honetan neskek zuzendutakoa (Esku-dantzaneskatxena)4.

Guztietan dantza sexu bereko pertsonek osatutako talde batek hasten du. Soka ilaran dagoen lehendabizikoak zuzendu eta beste sexukoei beren dantza oparitzen diete. Iztuetaren garaian, XIX. mendeko lehen hamarkadetan, ezkondutako emakumeek eta neska gazteek dantza horiei hasiera ematen eta, halaber, dantza horiek zuzentzen hasi zirela argi dago. Autore horrek ezkondutako emakumeek herriko jaien hirugarren egunean beren senarrentzat dantzatzen dutela dio. Garai hartan egun hura emakumeei zuzenduta zegoen, eta gaur egun ere herri batzuetan tradizio hori gogora ekarri eta praktikatzen dute.

Gure folklorearen beste ikertzaile bat Resurrección María de Azkue klerikoa dugu. Aipatutako Iztuetaren lana irakurri zuen eta, beraz, bazekien emakumeek Soka dantza zuzentzen zutela. Dena dela, bera jaio zen hiribilduan, Lekeition, San Joan egunean emakumeek dantza egiten zutelari ez dio garrantzi handiagorik ematen. Era berean, idatzi zuen kantutegi herritarrean ez zituen dantzaren melodiak jasota utzi. Kantutegi hura 1915ean txapelketa batean saritua izan zen. 1974an dantza suspertzen saiatzerakoan, haren argitalpenak gainbegiratu zituzten dantzaren melodiak aurkitzeko asmoz. Dantzari buruzko aipamen bakarra berak zuzendutako Euskalzalea astekariko "Euskerazko eresiak" izeneko argitalpenean topatu zuten. Azkuek bilduma honetako pieza bati "Neska-dantzea" titulua jarri zion. Behealdean, Lekeition San Joan eguneko goizean danbolinaren melodiaren soinura emakumeek Aurreskua eta beste hainbat dantza dantzatzen dituztela dio ("emakumeak aurresku ta guztiko dantzea egiten dabe"). Baina honakoa Lekeitioko txistulari zaharrek eman dizkiguten hiru melodietatik bat baino ez da. Beste biak bere abesti bikainen bilduman jasotzen ditu, 'Rondo de tamboriles' izenburupean. Kasu honetan ez du Lekeition abesti horiek zein esparrutan erabiltzen ziren aipatzen5. Argi dago melodia horiek ezagutzen zituela, baina ez du gertakaria zehatz-mehatz azaltzen, melodia batzuk mozorrotzen baino.

Sarrera hau egin eta gero, Soka Dantzan emakumeen parte-hartzea prestakuntza handiko pertsonek zein bestelakoek urte askotan zehar adierazi dutena baino askoz garrantzitsuagoa izan dela erakusten duten hainbat datu historiko aurkeztuko ditugu.

Euskal dantzari bati buruzko irudirik zaharrenak neskato bat dantza egiteko posizioan aurkezten digula aipatuz hasiko gara. Christoph Weiditz alemaniarrak 1529an egindako grabatuen artean aurki dezakegu. Berez, horixe da inoiz euskal emakumeen irudiari buruz egindako bildumarik garrantzitsuenetakoa, eta, besteak beste, andrazkoek adar-formako burukoak zeramatzatela ikus dezakegu. Hori dela eta, bilduma hori oso ezaguna eta preziatua da. Grabatuetariko batean besoak dantzatzeko posizioan dituen neska gazte bat ageri da. Marrazkiaren goiko aldean gainera honako aipamen hau egiten dute:

"Bizkaian emakumeek horrela dantzatzen dute".

Argi dago aspaldiko garaietan ere emakumeak euskal dantzan parte hartze aktiboa zuela erakusten duen adibiderik nabariena dela .

Emakumezkoek eta gizonezkoek lehenago batera dantzatzen zutela erakusten duten datu oso zaharrak daude. Markinan Frantziako erregearekin bakea sinatu zela ospatzeko antolatutako jaietako gastuak jasotzen dituzten 1559ko kontuetan esate baterako, zera irakurri dezakegu:

"aipatutako hiribilduko biztanle askok aldiri, zelai etahariztietan zehar dantzatu zuten"... "gizonekoak zein emakumezkoak, dontzeilak zein mutil gazteak"... "danbolinaren edo abesten zuten beste pertsonen doinuei jarraituz".6

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Ohar horietatik danbolinaren soinuari zein pertsonen kantuari jarraituz dantzatzen zutela azpimarratzeaz gain, gizonezkoek, emakumezkoek, dontzeilek zein mutil gazteek dantzatzen zutela nabarmendu dezakegu. Dena dela, ez dakigu denak batera dantzan aritzen ote ziren edo, Juan Ignacio Iztuetak 1824an esan bezala, txandaka sexu eta adinaren arabera dantza egiten zuten.

Urte batzuk geroago, 1588an, Ibargüen-Cachopinen Kronikek era honetako dantzek hartutako itxura aurkezten digute, dantza bizkaitarra modu honetan egiten zela adieraziz:

"euretariko askok eta dantzan egin nahi duten guztiek eskuetatik helduz, horretara dantza-korru oso handia eginez, gizon biren artera emakume edo neskatxa bat ekarri eta eskuetatik oratuz".7

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

"Eskuetatik helduz" esaldia geroago gotzainek debekatu edota kontrolatu egin nahi dituzten neska-mutilen dantzak zehazteko, gizon eta emakumeen artekoak, erabiliko dute. Estilo koreografiko hura gure Soka dantzen oinarria da, eta horietariko batzuek Aurresku izena hartuko dute.

Gizonek eta emakumeek nahastuta parte hartzen duten dantza erabat sozial honi benetako izaera ematen diona aurre eskua duena da, sokako lehendabiziko postuan kokatzen dena alegia, dantzaren zuzendaria baita. Postu horretan doanak besteengandik nabarmentzeko aukera du. Herritar guztiak enparantzan biltzen ziren momentu ospetsuetan alkatea izaten zen aurre eskua zeukana, herrian boterea nork zeukan aditzera emanez. Batzuetan apaiza ere izan ahal zen, Bizkaiko Gizaburuagatik 1652an herriko jaien berri emanez idatzitako gutun batean adierazi bezala. Eskutitzak Lekeitioko bikarioak dantza nagusia zuzendu zuela dio. Herritar guztiek beren emazteekin parte hartu zuten dantza hartan "retaguardian" edo azken eskuan "andikiak" edo lekuko jaunak dantzatu zuen. Dantzan azken postuan joateak ere garrantzia duela esan behar da. Horren ostean, afaldu eta gero, bikarioa berriz dantzatzen ibili zen eta nola amaitu zuen modu honetan laburbiltzen du:

"itzulipurdika eta bueltak ematen ibili eta gero, leher eginda geratu zen".8

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Dirudienez gure elizgizona oso dantzari fina omen zen. 1818an, J. Antonio de Zamacola historialari bizkaitarrak honako hau idatzi zuen:

"oro har, dantzan hasten diren lehenak emaztegabeak izaten dira, ondoren senargabeak gehitzen zaizkie, hauen ostean ezkondutako gizonak eta, azkenik, dantzatu nahi izanez gero, emakumeezkonduak. Arratsalde osoan dantza egiten jarraitu dute aipatutako txandakako ordena errespetatu gabe".9

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Honekin dantzak nortzuk hasten eta gidatzen dituzten esaten digu. Urte batzuk geroago, J. I. Iztuetak informazio hau osatuko du arestian aipatutako bost dantza motak aurkeztuz. Halaber, herrialdeko beste autore batzuek emakumezkoek zein gizonezkoek zuzendutako dantza hauek aurkezten dizkigute.

Ez dira falta gure jaietako dantzei buruz idazterakoan emakumearen parte-hartzea nabarmentzen duten atzerriko idazleak ere. Horren adibide garbia, 1797an Bilboko erromeria baten inguruan diharduen C. A. Fisher dugu. Bi ilara sortu zirela dio. Bata neskek eta emakumeek osatzen zuten eta bestea, aldiz, gizonezkoek. Dantzan esku hartzen duten beste lagunak astiro ibiltzen diren bitartean, emakumeei buruz horrela ari da:

"eskuetatik helduta lerro batean mugitzen diren neskatoen eta emakumeen ilara bat ikusten duzu, eta nabarmentzen den ilarako lehendabiziko dantzariak baino ez ditu noizean behin, bere kideei begira, pauso batzuk egiten".10

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

XIX. mendeko datuek andrazkoek zuzendutako dantzak normaltasun osoz burutzen zirela erakusten dute. 1857an adibidez, Portugaleten uda hiribilduan igarotzera joaten ziren bilbotarrek antolatutako jaiak zeuden, eta gutun batean zera idatzi zuten:

"aurreskua ere dantzatzen zela esatearekin nahikoa da, egun batean Antonia jostunak, Emilioren emazteak, bikain dantzatu zuen".11

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Urteek aurrera egin ahala, 1875ean Katalunian liberalek garaipena lortu zutela jakiterakoan, Bilboko egunkari batek Portugaleten ospatutako festaren berri ematen du, bildutakoek gogo biziz txalotutako emakumeen Aurreskua azpimarratuz12.

Bizkaiko beste leku batean, Arratia bailarako Areatza-Billaro hiribilduan, 1872an txangoan joandako bilbotar batzuek, hiribilduko beste lagun batzuekin batera, Aurresku bat antolatzeko asmoa zuten, baina baimena eskatzera joaterakoan enparantzan neska batzuk Aurreskua dantzatzen ari zirela ikusi zuten13.

Baina ez ditut datu historikoak bakarrik gogora ekarriko, nire haurtzaroan, 1940ko hamarkadaren inguruan, bizitakoak ere gogora ekar ditzaket. Bizkaiko Ubidea herrian San Joan festetako hirugarren egunean plaza beraientzat zutenean emakumeek Aurreskuak zuzentzen zituzten. Otxandio hiribilduan ere hirugarren egunean ,"Koziñera egunean", dantza egiten zuten.

Ez diogu bakarrik historiari begiratu behar, gaur egungo errealitatea ere kontuan izan behar dugu. Durangaldeko herri batean ez diote inoiz emakumezkoek zuzendutako Aurresku tradizionala dantzatzeari utzi, batez ere Santa Ana egunean. Era berean, Oiz mendiaren inguruko beste herri batzuetan horrela izan dela gogoratzen da. Ez dakigu Euskal Herriko beste eskualde batzuetan ohitura hori mantendu ote den, baina J. I. Iztuetaren garaian, bere liburuan idatzi zuen bezala, Gipuzkoan ere nahiko errotuta zegoen.

Garain herriko jaiak Santiago eta Santa Ana egunetan ospatzen dituzte. Duela mende askotik hainbat dokumentutan festetan zortzi gaztek Dantzari Dantza edo Ezpata Dantza dantzatu eta emanaldia Aurresku tradizionalarekin amaitzen dutela jasota dago. Azken Aurresku horri Erregelak izena ematen diote. Santa Ana egunean emanaldia errepikatzen dute, baina mutilek bukatzerakoan emakumeek enparantza hartzen dute sokaren dantza zuzentzeko, gizonezkoei dantzatzeko gonbit eginez.

Parte hartu nahi duten andrazkoak bilduta daudenean, normalean ezkondutakoak, ilara batean ateratzen dira aurreskularia edota lehen eskua buru dutela. Emakume horrek Erregelak dantzaren doinu tradizionalaren pausoak markatzen ditu, gizonezkoen antzeko pausoak jarraituz, beti ere erlojuaren orratzen kontrako norabidea jarraituz. Ondoren, kordaren aurreko aldean atzeskularia edo azken eskua jartzen da, dagokion melodia dantzatuz. Laguntzaileek plazan dauden gizonen artean dantzari nagusien bikoteak izango direnak aukeratzen dituzte. Horren ostean, lehendabizi aurreskulariak eta jarraian atzezkulariak, beraientzat aukeratutako gizonen aurrean dantza egiten dute. Amaitzerakoan, eskuetatik heldu eta "ipurdikada-simulazio" bat egin eta gero, oraindik ere zuzentzen duten sokan dagokien postuan jartzen dira. Azkenik, beste dantzarientzako gizonak aukeratu eta taldera batzen dira, emakumezkoak eta gizonezkoak tartekatzen diren ilara handia sortuz. Korro handi batean Fandangoa eta Arin-arina dantzatuko dute, eta beste txikiago batean, berriz, aurreskularia eta atzeskularia dantzatu duten bi emakumeak beren bikoteekin arituko dira. Bukaeran, Biribilketa handi bat egin, udaletxeko atalondotik sartu eta azken solairura igoko dira, bertan parte-hartzaileei mokadu bat eskainiz.

Lekeitio emakumezkoen Soka Dantza mantentzen duen Bizkaiko beste herri bat da, baina, aurretik esan bezala, etenaldiak izan dira. 1682ko datu batek dagoeneko dantza hori existitzen zela dio, gizonezkoen dantzekin batera, zera adieraziz:

"nesken dantzak ere badaude".14

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Urte asko eta gero, XIX. mendearen erdialdean, berriz ere herriko festetan dantzan ari ziren neskei buruzko datuak aurkitzen ditugu. Gauzak horrela, 1856ko ordainagiri batean, udalak hurrengoak ordaintzen zituela jasota dago:

"ohikoa denez San Joan eta San Pedro egunetako bi goizetan eta bi arratsaldeetan dantzaldian parte hartutako andrazkoen mokaduentzako".15

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

XX. mendearen hasieran tradizioa mantentzen zen, egunean zehar hiru aldiz dantza egiten zelarik. Goizean, 7etako meza bukatzerakoan, "albakuan". Emakumeek perkalezko gona arrunt bat eta zetazko xal bat zeramaten, burua estali gabe. Eguerdian, meza nagusiaren ostean, gona luzea, bordatutako gonazpiko zuria, parpailadun baska, krepezko xala eta zapata beltzak janzten zituzten (malporteskuak). Azkenik, arrosarioaren ondoren, eguerdiko jantzi bera zeramaten, baina sorbaldako xala aldatzen zuten, oraingoan kaxmirreko xal handi bat jantziz. Horrela deskribatzen zuten dantza 1974an berreskuratu zenean aurretik ezagutzen zutenek. 1932an, hainbat urtetan dantzatu gabe egon eta gero, tradizioa berriz berreskuratu zuten, baina 1936an gerra hasi ondoren, ostera ere bertan behera geratu zen. Azken aldiz berreskuratu eta gero, dantza hau Lekeitioko plazan egon da urtero. Orain San Pedro egunean eguerdian baino ez da dantzatzen, Kaixarranka tradizionalarekin batera.

Bere koreografia eredu klasikoarekin bat dator, berezko pausoak ditu, baita aurretik aipatutako melodiak ere. Plazako emanaldia ospetsua eta kolorez beterikoa da. Emakumeek XIX. mende bukaerako jantziak janzten dituzte, aurreko garaietan andrazkoek Soka Dantzan edo Aurreskuan zuten parte-hartze aktiboa zehaztasun eta argitasun osoz erakutsiz.

Durangaldeko beste herri batean, Iurretan, lehendanik bertan ohitura hori zegoela jakiterakoan, duela urte batzuk San Miguel jaietan berreskuratzea erabaki zuten. Juan Ramón Iturriza historialari bizkaitarrak jadanik Durangon dontzeilen egunean dantza egiten zela zioen. Egun hartan dontzeilek elizan eskaintza bat egiteko ahalmena zuten, bertara ilea estali gabe sartzeko aukera izanik. Idatziaren arabera, dontzeilen emaginak edo etxezainak ziren dantzatzen zutenak. 1836an, Gerra Karlistaren garaian etorritako E. B. Stephens kazetariak datu berriago bat eskaintzen digu, neskek Iurretako plazan egindako Aurresku baten deskribapen aparta eginez. Idatzian dantza andrazkoen eta gizonezkoen arteko bataila bat bailitzan aurkezten du, hurrengoa adieraziz:

"eta emakume gazteen ilara luze batek operazio aktiboaren lehendabiziko erakustaldia egin zuen zelaian eskuetatik helduta agertuz, lerroko lehenak jauzi antzeko batzuk egitenbere heroien taldea zuzentzen zuelarik".16

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Azkenean sortutako giroari buruzko deskribapen zabala egiten jarraitzen du, ilara gizonekin osatu eta gero, ez direla kolpeak eta ipurdikoak falta gaineratuz. Horrela deskribatzen du:

"gizon eta emakume heroi bakoitza beste sexuko bi etsaien artean jarri eta txandaka biei aurre egin behar zien. Txandaka denak beren aldamenekoekin gudan zeuden".

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Azkenean zera esango digu:

"zirkulu handiko lotura guztiak istant batean mozten dira; borrokalariek besoak altxatzen dituzte eta bakoitzak bere aldetik dantza egiten du".

(Itzulpen moldatua gazteleratik)

Dantzaren momentu hura garai hartako idazle askok modu berean deskribatzen dute.

Gaur egun, Iurretan emakumeek zuzendutako Soka Dantza San Miguel eguneko arratsaldean egiten da, mutikoen Dantzari Dantzaren ostean, hain zuzen ere. Hauei goizeko Aurreskua zuzentzea dagokie ere. Bi Soka dantzen egitura antzekoa da. Ezberdintasun bakarra sokan daudenean jotzen duten melodia da (Erregelak). Izan ere, andrazkoentzat eta gizonezkoentzat erritmoa ez da bera.

Lehen ohitura hori zegoela jakinda, Deustun ere azkenaldian emakumeek zuzendutako Soka Dantza berriz antolatzen hasi dira. Lehen udal independentea zena, gaur egun Bilbora anexionatuta dago. 1846an argitaratutako idatzi batek San Pedro eguneko jaiei buruzko informazioa biltzen du, ondorengoa aditzera emanez:

"meza nagusiaren ostean emakumeek zortziko bat dantzatzea ohitura oso zaharra da, lehen postua, aurreskua alegia, herriko dantzaririk onenari emanez".17

Aurresku lehen eskua esan nahi duela gaineratzen du.

Duela urte batzuetatik, gaur egun San Jose egunean, auzo bilbotar honek bere jaiak ospatzen dituenean, emakumeak Soka Dantza dantzatu eta gidatzeko biltzen dira. Horretarako melodiak bilatu eta aukeratu dituzte, eta baita pausoak eta koreografiak ere, emakumeek haien artean dantzatuz gizonak ohoratzen dituztelarik. Halaber, Deustuko beste inguru batean, San Inazio auzoan, andrazkoek Aurresku bat zuzentzen dute santu horren omenezko festetan.

Amaitzeko, laburbilduz, historikoki frogatu ahal den bezala, pertsona askoren iritziaren kontra emakumeek Soka Dantza edo Aurreskua aktiboki dantzatu eta zuzendu dutela, eta Bizkaiko hainbat herritan dantzatzen jarraitu edo ohitura tradizionala berreskuratu dutela esango dugu. Honetaz gainera, emakumeak betetako eginkizuna berrezarriz, ohitura hau mantentzea edota beste inguru batzuetara zabaltzea espero dugu.

1P. DONOSTIA. "Txistu y danzas". Obra Literaria. Conferencias II. V. alea, 111. or. Eusko Ikaskuntza.

2LABAYRU, Estanislao J. de. Historia General de Bizcaya. I. alea, 730 or.

3GUERRA, Juan Carlos. El Aurresku. Euskaltzaindiak duen eskuizkribua. Mikrofilma: 4790-Guerra.

4IZTUETA, Juan Ignacio de. Gipuzkoako dantza gogoangarriak.

5AZKUE, Resurrección María de. Cancionero Popular Vasco-Canciones selectas armonizadas por el autor. Quinto grupo-Danzas sin palabras, 68. or.

6ARCHIVO MUNICIPAL DE MARKINA. Libro de Actas (1556-1563). Sig. C-6-A. 237 orria.

7Crónica de Ibargüen-Cachopín. Bizkaiako Foru Aldundiaren Artxiboa. Bestelakoak. 49tik 53ra bitarteko liburu zaharrak. III. alea. 65. Koadernoa.

8VALLE DE LERSUNDI, Joaquín. "Una familia de ferrones, los Beyngolea". Boletín RSBAP. 3. eta 4. koadernoak. 1979, 492. or.

9ZAMÁCOLA, J. Antonio de. Historia de las Naciones Bascas. II. alea, 258. or.

10FISCHER, Christian August. Descripción de Bilbao en el verano de 1797. Bilbo: Estudios Vizcaínos, 7-8 zbk. 1973.

11GORTAZAR, Juan Carlos de. Bilbao a mediados del siglo XIX. El Cofre Bilbaíno, 324. or.

12El Noticiero Bilbaíno. 1875eko abenduaren 20a.

13GOYOAGA, Baldomero de. Album de unos locos, 189. or.

14UGARTETXEA Y SALINAS, J. M. Obras completas. 1. alea, Lekeitio: 156-7 or.

15ARCHIVO MUNICIPAL DE LEKEITIO. Cuadernillo de documentos-Ingresos y gastos. 9. zbk. Imprevistos. 5. Liburuska.

16STEPHENS, Edward Bell. The Basque Provinces... London: 161-174. or. Itzulpena: Rosa Lejardi.

17P. L. - Deusto. Revista Pintoresca de los Paises Bascongados, 98-101. or. Bilbo: Adolfo Pean y Compañía. 1846.