Egungo grabatzaile gasteiztarra, 1956ko apirilaren 18an jaioa.
Aurrekari artistiko garbiak dituen familia batekoa da. Birraitona Jose Isaac Amann y Bulfy zuen, marrazkilari eta musikari modura nabarmendu zena Bilboko gizartean XIX. mendearen amaieran. Aitona Jose Maria Amann Amann zuen, marrazkilari eta pintore bikaina, "Joma" izengoitia hartu zuena genero kostunbrista deigarri eta nostalgikoa landuz.
Paloma Amann autodidakta da, nahiz eta grabatze-ikasketak burutu 1996-1998 bitartean Gasteizko Arte eta Ofizioen Eskolan. Teknika horrekin egin ditu, gaurdaino, bere agerraldi publiko gehienak, bakarka nahiz kolektiboki. 1998. urtearen amaieraz geroztik Gasteizko Línea 98 taldeko kidea da. Bertako kideak estanpazio grafikoaren prozedura ezberdinei begira daude, modu irekian.
Taldearen tailerrean egin zuten inaugurazioko erakusketa 1998ko abenduan. Ordutik Paloma Amannek talde horrekin batera beste hainbat erakusketa egin ditu, esate baterako, 2001ean Gasteizko Araba Aretoan, Donostiako Boulevard Aretoan eta Bartzelonako Udaleko Casa Elizalde Zentro Kulturalean. Urte hura amaitu aurretik, berriro erakusketa egin zuten grabatzaileek Gasteizen zuten tailerrean. Erakusketa kolektiboetan lagun duen Charo Cortsekin batera bere grabatuak Gasteizko Luis de Ajuria Aretoan (1999ko otsaila) eta Eduardo Dato Aretoan (2000ko apirila) ipini zituen. Halaber, hiriburuko beste zenbait espazio publikotan ere zintzilikatu dira haren lanak.
2002an Ciudad Realeko Elisa Cendrero Museoan egin zuen erakusketa bat eta 2010ean Mantxako hiriburura itzuli zen. 2006an Huelvako Casa Grande de Ayamonte Zentro Kulturalean erakutsi zuen bere lana eta 2011n Portoko Geraldes da Silva Galerian eta Monforte de Lemosen egin zituen erakusketak, eta Triple Art Gallery izeneko webgunean erakusketa birtual bat egin zuen. Urte hartan Gasteizen egin zuen erakusketa bat berriro, artista Arte eta Ofizioen Eskolako ikasleekin erakusketa egitera gonbidatu zutenean.
Portaera uniformeari muzin eginez, egileak grabatuarekin esperimentazio eta ikaskuntzarako interesa erakusten du. Bere lanetan kolore bizi eta egiak aukeratzen ditu gero eta gehiago. Modelo eta erreferente piktorikoetara garamatzate argiro tindaketa horiek. Estiloari dagokionez, sorrera purua jorratzen du, abstrakzioa. Artista gasteiztarra ez da serieko grabatuen zale. Ez du tiradarik egiten. Ez du kopiarik egiten. Oro har, konposizio originalak dira eta, horrenbestez, parerik gabeak.
2004-2008 bitartean Arabako Arte Ederren eta Artium Museoen Lagunen Elkarteko presidente izan zen, eta Arabako Foru Aldundiko Museoetara bideratutako Funtsak Eskuratzeko Aholkularitza Batzordeko kide.