Argazkilariak

Altarriba, Antonio

Argazkilari eta literatoa. 1952an Zaragozan jaioa. Frantziar literaturan katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean.

Antonio Altarriba eta Pilar Albajar (1948an Huescan jaioa) argazkilariek bikote berezia osatzen dute, beren lana, nagusiki, giza gorputzaren irudi-serietan oinarritu dutena. 1988. urtetik Antoniok giza gorputzari dagozkion serie eta elementuetako gaiak sortu ditu eta Pilarrek argazkiak ateratzen ditu, jarraibide estetikoak aintzatetsiz. Argazki narratiboak sortzen dituzte, pinturaren eta literaturaren mundua ere ukituz modu nabarian.

1996an Houstoneko Argazki jaialdian Manufacturas izeneko seriea aurkeztu zuen Pilar Albajarrek, giza gorputzaren irudi-serie bat, artistaren hitzetan "sineskorrak izan daitezkeen ezinezko irudiak". Ordenagailua baliatuz argazki-muntaiak egiten hasi ziren bikotearen estiloari muzin egin gabe, baina dagoeneko teknologia berrien eremuan barneratuta. Artistaren iritziz, nolabaiteko bilakaera bat eman da, eskuzko modutik, argazki-muntaiak egiteko guraizeak eta itsaskorrak erabiltzetik, langintza hori doitzen duen ordenagailua erabiltzera igarotzeraino, irudi irreal bati egiazko irudi baten efektua emanez.

Ez dago kopiarik, irudi guztiak jatorrizkoak dira, lan paregabeak dira. Aurrez aipatutako serieaz gain, beste hainbat ere egin dituzte: Sexo, Pecados, Errores, Cámaras, La muerte del padre, Miedos, Vitoria salvaje, Irrupciones, Vida Salvaje 1 eta Vida Salvaje 2.

Beren lana sarritan izan da ikusgai, bakarka nahiz kolektiboki, 1990. urtetik. Era berean, beren argazkiak bilduma publiko eta pribatu askotan ikus daitezke, esate baterako: Accademia Carrara di Belle Arti (Bergamo, Italia); Arabako Lurralde Historikoko Artxiboa (Gasteiz); ARTIUM-Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoa (Gasteiz); Isla de Tenerife Argazkilaritza Zentroa (Santa Cruz Tenerifekoa); En Foco Incorporated Bilduma, (New York, Estatu Batuak); Caja Vital Kutxa Fundazioaren Bilduma (Gasteiz); Fotofest Laser Disc Library (Houston, Estatu Batuak); International Library of Photography Library (Houston, Estatu Batuak); MNBA-Arte Ederren Museo Nazionala (Buenos Aires, Argentina); Berangako Udal Museoa (Kantabria); L' Imagerie de Lannion (Frantzia); in Focus Galeria (Kolonia, Alemania); Kur Galeria, Donostia; Regards de Provence Fundazioa (Marseilla, Frantzia) edo Asociación Stenopé (Clermont Ferrand, Frantzia).

Hain zuzen, artistek azaltzen dute nola aurkezten dituzten gure kulturari dagozkion gaiak, gure sentsibilitateari dagozkionak, modu sakon batean; eta haiek behatzen saiatzen dira, gero, haien inguruan berriro gogoeta egiteko xedez.

"Para ello, ponemos en funcionamiento ciertas dinámicas de relación entre los diversos elementos de la figuración, establecemos asociaciones, combinamos o inventamos objetos y cuerpos con el fin de crear fotografías donde las claves simbólicas o metafóricas sustituyen los tradicionales valores documentales. Se trata pues de un trabajo que no exige la identificación sino la interpretación".

Alderdi literarioan Antonio Altarribak Sueños en el cuarto oscuro (1993), El filo de la luna (1994) eta 1996an Contratiempos izenarekin argitaratutako kontakizun laburren bilduma kaleratu ditu. 2003an finalista izan zen Sonrisa Vertical literatura erotikoko sariketaren XVIII. edizioan, Cuerpos entretejidos kontakizun-liburuarekin. 2003an Euskadi Saria jaso zuen gaztelaniazko literatura modalitatean La memoria de la nieve (Espasa-Narrativa) eleberriarekin.

Komikien gidoilari ere bada eta gai hori sakonki ezagutzen du. Hala, hainbat entsegu idatzi ditu horren inguruan, esate baterako, La España del tebeo, La historieta española de 1940 a 2000 edo Los tebeos de la transición. 2009an, Kimen marrazkiz lagunduta, El arte de volar eleberri grafikoa kaleratu zuen, bere aitaren biografian oinarritua, sari garrantzitsu ugari eskuratu dituena, adibidez, Komikiaren Sari Nazionala 2010ean.

Gainera, ohiko kolaboratzailea da El Mundo del País Vasco egunkarian.


Art Aretoa

Bere obraren lagin bat Euskonews aldizkariaren 290 zenbakiko Art Aretoa atalean ikusi ahal da.