Pintoreak

Alba Perez de Viñaspre, Juan Daniel

Pintore-dekoratzailea, jaiotzez nafarra, Lapoblacionekoa; ibilbide profesional osoa Gasteizen egin zuen, XIX. mendearen azken herenetik 1916an bertan zendu zen arte.

Arabako hiriburuan dekorazio tailerra ireki zuen, gaur egungo Manuel Iradier kaleko hasierako tartean, San Antoniorekin izkina egiten zuen tokian. Molinacho izenez ezagutzen zen txoko hura, inguruan errota txiki bat eraikitzen ari baitziren.

1884ko abuztuan Gasteizko Arte eta Industria Erakusketan zenbait dekorazio-motibo aurkeztu zituen. Dekorazio eta apainketa arteetan espezialista zenez, proiektu ugaritan hartu zuen parte. Besteak beste, Gasteizko Gotzainaren kapera dekoratu zuen. 1893an San Migel Goiaingeruaren Elizako Sorkunde Garbiaren sabaia Juan Daniel Albak pintatu zuela uste da. Sortze Garbia, Gizakundea, Mendekostea eta Jasokundea irudikatzen ditu.

Garai berean, badakigu etorkizuneko (mende bukaerako) Azoka plaza pintatzeko lanpostura aurkeztu zen artisauetako bat izan zela. 1895ean Urduñan egin zuen lan. Antiguako Ama Birjinaren Santutegiko barrualdea pintatu zuen Eleuterio Cirianorekin eta Simon Perezekin ("Mesaren Ondorengoak"). Pedro Roblesek, Gasteizko Arte eta Ofizioen Eskolako irakasleak, zortzi mihise margotu zituen.

Elizaren enkarguak alde batera utzita, Gasteiz hegoalderantz hedatzen ari zen, eraikin eta etxadi berriak eraikiz, eta hiri zerbitzu publikoak etengabe hobetzen ari ziren. Horren ondorioz, dekorazio lan handia zegoen garai hartan, eta hirian tailerra zuten pintoreek, eskultoreek eta tailugileek onurak lortu zituzten hedapen horretatik. Juan Daniel de Albaz gain, Laureano de Aldecoatarrak, Epifanio Diaz de Arcaute, Lesmes Mesanza, Jose Ibargoitia, Clemente Arraiz eta beste askok egin zuten lan han.

Juan Danielen iloba batek, Narciso Alba Palaciosek (1864-1917), Clemente Arraizekin egin zuen lan dekorazio pinturaren arloan. Enrique Suarez Alba pintore gasteiztarra (1921-1987) bien ondorengo izan zen.

  • SÁENZ DE UGARTE, José Luis. Músicos y pintores vitorianos, en Vitoria 800 años de historia. Gasteiz: Gasteizko udaletxea-Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 1986, 207 eta 208 orr.