Arkitektura

Aingeruen Andra Maria eliza. Gasteiz

Aingeruen eliza Gasteizen dagoen eliza dugu, 1960an eraikia eta Jose Maria Garcia de Paredes arkitekto madrildarraren (Sevilla, 1924-Madril, 1990) eta Javier Carvajal (Bartzelona, 1926) arkitekto kataluniarraren lana da. Eliza hau Koroatzearen elizarekin batera -hiri berean eta urte bat lehenago Miguel Fisac arkitektoak eginiko lana- eraikin erlijioso benetan interesgarriak eta harrigarriak gertatzen dira gure testuinguruan. Bi elizek modernotasuna eta estilo garaikidearen aldeko joera eta atxikimendua erakusten dute eta gainera, tipologia erlijiosoan oso proposamen ausarta burutzen dute. Ez dugu ahaztu behar bi elizak eraiki ziren urteetan Espainian frankismoak estilo eklektiko eta historizistak bultzatzeaz gain -bereziki Errenazimenduan oinarritutakoa aldarrikatuz, Inperio estilo izenarekin El Escorial eraikina eredutzat hartuta-, errejimen horren zutabe garrantzitsuenetako bat Eliza erakundea bera izan zela. Horren ondorioz, eliza horien garrantzia Euskal Herriko arkitektura garaikidearen historian itzela izan da, baita tipologia erlijiosoaren historian ere, kontutan hartuta gainera 1960 eta 1959ko eraikinak direla.

Arkitektoaren aldetik, Jose Maria Garcia de Paredes madrildarra eta Javier Carvajal kataluniarra garai honetan arkitektura garaikidearen aldeko apustua egin zuten bakanetakoak ditugu gainera gazteak izanik. Garai honetan arrazionalismoa eta organizismoaren artean mugituko badira ere arkitekto asko -Fisacen kasua bezala- beraiek beti arrazionalismoa eta funtzionalismo zehatzaren jarraitzaileak izango dira Javier Carvajalek gure artean erakutsiko duen bezala 1996an Iruñean Nafarroako Unibertsitatean Giza eta Gizarteko Liburutegiaren eraikuntza eraikitzen duenean.

Euskal Herriko arkitektura erlijiosoan eraikin berrien -eta bide batez liturgiaren irakurketa berriaren- aldeko benetako lehen apustua Gasteiz hirian hasi zen 1957an. Zabalguneko auzo berriek elizak behar zituztela ikusita, Francisco Peralta apezpikuak -Gasteizeko gotzaina garai horretan- zortzi eliza berri eraikitzeko aurreproiektua aurrera ematen saiatu zen. Apezpikuaren ustetan, eliza berriak eraikitzeko orduan bi ziren arrazoi nagusiak: batetik, industrian murgildutako garai berriei aurre egitea. Aipatzen ez bada ere, ezkerreko alderdiek bultzatutako laizismoaren aldeko mugimenduei zieten beldurra sumatzen da. Bestalde, Gasteizera heltzen ziren etorkinak fede kristauan murgiltzen saiatzea zen helburua. Beraz, eliza horiek liturgiarako lekuak izateaz gain, beste bi funtzio bete behar zituzten: kristautasunarentzat arimen konkista lekua izan behar zuten eta, era berean, komunitatearen bilera lekuak. Azken ezaugarri hori da esanguratsuena, bertan antzematen baita jarraian gertatu ziren aldaketak sumatzen hasiak zirela -Vatikanoko Bigarren Kontzilioa (1962-1965) hurbil zen-. Horrela, argi geratzen da Elizak garai hartan gizarteak izan zezakeen indarra bideratzeko nahia.

Aurreko hori guztia nahiko esanguratsua ez bazen ere, apezpikuaren asmotan arkitekturaren ikuspuntutik eraikin berriek beste hiru ezaugarri izan behar zituen: modernitatearen aldeko apustua egin behar zen, eraikinak garai berrietara egokitutako estiloan gauzatuz. Elizak liturgia modu berrietara egokitu behar ziren, entzule eta ikusleei garrantzia emanez eta espazioa antolatuz erritoetan horien parte hartzea bideratzeko. Eta azkenik, Elizaren baldintza ekonomikoetara egokitutako elizak eraiki behar ziren, hau da, kostua murriztuta, gardentasunez eraikiak eta ahal izanez gero, beraien ustetan fede kristaua izan behar zuen bezala, soila, luxurik gabekoa, horretarako elementu apaingarri gutxi erabiliz, hau da, eraikinak berak zituen formak adierazgarria izanik.

Gasteizeko elizak burutzeko gotzainak bederatzi arkitektoei dei egin zien eta gehienak gazteak: Alejandro de la Sota, Javier Carvajal, Jose Maria Garcia de Paredes, Miguel Fisac, Jose Antonio Corrales, Ramon Vazquez Molezun, Francisco Javier Saenz de Oiza nafarra, Luis Romani eta Rafael de La Hoz. Azkenean, diru arazoak zirela medio -edota heldu ez zaizkigun beste arrazoiren eraginez-, bakarrik lau proiektu garatu ziren. Bata Alejandro de la Sotak egin zuen, bestea Javier Carvajal eta Jose Maria Garcia de Paredes elkarrekin gauzatu zuten, hirugarren proiektua aldiz Miguel Fisacek aurkeztutakoa izan zen eta azkenik laugarrena Jose Antonio Corralesen eta Ramon Vazquez Molezunen artean burutu zen. Azkenean bi proiektu bakarrik gauzatu ziren: Koroatzearen eliza (1958-1959, Eulogio Serdan kalea, 9. zenbakia), Miguel Fisacek aurkeztua, eta Aingeruen eliza (1958-1960, Bastiturri kalea, 4. zenbakia), Javier Carvajal eta Jose Maria Garcia de Paredes elkarrekin egindako lana.

Lan horietan nabaria da bi arkitektoen saiakera behar berrietara egokitzeko. Horrela, eraikinetan bai oinplanoa bai forma nagusiak helburu bera lortzeko antolatuta daude: aldarearen zonaldea -presbiterioa- indartzea, azpimarratzea, baina era berean ikusleen garrantzia ere nabarmenduz eta, batez ere, parte-hartzea erraztuz. Helburu hori lortzeko Javier Carvajal eta Jose Maria Garcia de Paredes Aingeruen elizan hiruki formako oinplanoa aukeratu zuten, nabe bakarrekoa eta espazioan simetrikoa -orubearen formak baldintzatuta-. Aldarea erpinetako batean ipini zuten multzoari gezi baten itxura emanez. Eraikinean sabaiak ere funtzio garrantzitsua jokatzen zuen, aldarera hurbiltzen den neurrian gora egiten baitu, oinarekin ere gertatzen den bezala, sarreran zabalagoa baita eta buruan estuagoa. Azkenik, argiak ere garrantzi handia dauka, zeharka sartzen baita elizan sabaiaren alboetatik. Horrela, beste elementuekin bilatutako efektua ere lortzen da, hau da, euren funtzioa betetzen dute baina eduki erlijiosoa eta sinbolikoa galdu gabe.

Eraikinean erabilitako materialak soilak izateaz gain, gardentasunez erabilita daude. Horrela, Javier Carvajal eta Jose Maria Garcia de Paredes Aingeruen elizan sabaiko metalezko egitura agerian utzi egiten dute, eraikinaren beste elementu formal bat gehiago izango balitz bezala. Xehetasun horretan argi ikusten da garai honetako arrazionalismoaren barnean Carvajal eta Garcia de Paredesek arkitekturan non duten euren inspirazio iturria, hau da, Mies Van Der Roheren eraikin funtzionaletan. Kanpo aldean adreilua erabiltzen dute hormetan eta pizarra harria sabaian. Orokorrean, elizaren kanpoko itxurak ez du zerikusirik ohiko elizekin, inguruko beste eraikinekin baizik -etxebizitzak, lantegiak-. Horrela, gizarteak zituen beharrak ase nahian eliza eraikiko balitz bezala jokatzen zuten, baina ez bakarrik izpiritualak baizik eta baita beste motakoak ere. Azken finean, eliza horien -bai Koroatzekoa bai Aingeruena- helburu nagusia bertan liturgia garatzea bazen ere, horretarako sortu baitziren espazio berriak helburu horietara egokituta, aldi berean gai erlijiosotik kanpo zeuden beste ekimen eta ekintza biltzeko asmoa ere bazuten, hasierako kristauen izpiritu komunitarioa berreskuratu nahian.

Elizak garatutako apaingarri bakarra argia bera da. Sabaitik eta hegoaldeko horman kokatuta dauden beirate batzuetatik sartzen da. Horrez gain, presbiterioan dagoen Garcia Donairen eskultura dugu, Andra Mariaren irudia erakutsiz. Elizaren ondoan, estilo berean eraikita, parrokia etxea eta dorrea daude. Azken hori etxebizitza multzo bati atxikia, inguruarekin bat egin nahian.