Musikagile, organo-jotzailea eta zuzendaria. Errezilen jaio zen 1886ko abuztuaren 7an eta Andoainen zendu zen 1973ko azaroaren 23an.
Juan Maria Alustiza eta Faustino Sarasolarekin hasi zuen bere musika prestakuntza, Santiago Azurzarekin jarraitu zuelarik eta ondoren Beltrán Pagola, German Cendoya eta Eduardo Mocoroarekin segitu zuen. 1914ean Andoaingo Udal Musika Bandaren zuzendaritza bere gain hartu zuen, era berean San Martin parrokiako organista lanak eta parrokiako koruko, baita Andoaindar Abesbatza deitua, zuzendaritza ere. Gainera irakaslea izan zen bai bere kontura bai Andoaingo gazteen seminarioan. Bere lana zela eta esker oneko hainbat omenaldi jaso zituen (1949, 1964) eta 1982ean parrokiako koruak bere izena hartu zuen Alberto Agirre Abesbatza izanik aurrerantzean.
Erlijio arloko musika konposatu zuen eta José Luis Ansorenak dionez nabaria da Espainiako Erreforma garaiko musikaren eragina. Aipatu ditzakegu 4 meza, Lili zarzuela eta euskal kantak, hala nola Euskeldun zintzo 4 ahots eta organorako edo Nire kuttun polita solista eta 4 ahotsetarako.
- ANSORENA, J.L.: Aguirre Azurza, José Alberto. Casares, E. (zuzen), Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana (1 alea, 132 orria). [Madrid]: Sociedad General de Autores y Editores, 1999.
- ERESBIL: Partituras de música vasca: catálogo. Eresbil
