Abertzaleen Batasuna Ipar Euskal Herriko alderdi politiko abertzale eta ezkertiarra da. 1988an hauteskunde koalizio gisa agertu zen, eta 90eko hamarkada erdialdean Iparraldeko alderdi abertzale gehienak bildu zituen mugimendu politiko gisa egituratzen hasi zen. 2000ko hamarkadan zatiketa jasan zuen, bereziki Batasuna alderdiaren sorrerarekin eta borroka armatuaren inguruko jarreraren inguruan.
Abertzaleen Batasuna (AB) 1988ko Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen harira agertu zen lehen aldiz, EMA (Ezkerreko Mugimendu Abertzalea), EB (Euskal Batasuna) eta EA (Eusko Alkartasuna) alderdien arteko hauteskunde koalizio modura. Hurrengo urteetan hauteskunde koalizio hori hauteskundez hauteskunde errepikatu zen, EAren presentzia irregularrarekin, eta pixkanaka gorpuztu eta erakunde propio bihurtu zen. Koalizio honekin, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen zatiketa giroa gainditzeko urratsak hasi ziren. 1986ko hauteskundeetan EMA alderdia aurkeztu zen, eta urte berean sortu zen Euskal Batasuna alderdiak ez zuen bat egin hautagaitza harekin. Aurreko urteetan, abertzaleak ez ziren beti aurkezten hauteskundeetara. EHAS (Euskal Herriko Alderdi Sozialista) izan zen hauteskundeetan aurkezten azkena, 1979an. AB hauteskundeetan aurkezten hasi zenetik, Ipar Euskal Herrian izaten diren bozka guztietan parte hartu du ABk, bakarrik edo beste alderdi batzuekin koalizioan. Bataz beste %8-%12 inguruko emaitzak lortzen ditu hauteskundeetan: %5 inguruan Baiona-Angelu-Miarritze eskualdean, eta %20tik gora barnealdeko zenbait eskualdetan. Kantonamendu hauteskundeetan Legebiltzarrekoan baino emaitza hobeak eskuratzen ditu.
1995a urte mugarria izan zen ABrentzat. Ordu arte alderdi politikoetako zuzendaritzen arteko bileren bidez funtzionatzen zuen, baina 1995eko urtarrilean biltzar nagusi ireki bat antolatu zuten, koalizioa osatzen zuten alderdietako militanteei eta alderdi politikoetako kide ez zirenei irekirik. EMA, EB eta Oldartzen mugimendu politikoetako kideak eta Patxa taldetik ateratako kideak elkartu ziren. Alderdi gisa egituratzea erabaki zuen: jendeak ABko bazkide izateko aukera izan zuen, eskualdetako taldeak osatu zituzten, eta baita talde haien arteko koordinazio bat eta alderdiaren zuzendaritza ardura izanen zuen Idazkaritza bat ere, bazkideek aukeratutakoa. 90eko hamarkadan ABk hartu zuen Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen lidergoa, eta ordu arte elkarren aurkari ziren alderdi politikoak itzalpean gelditu ziren eta, ondoren, desegin.
Hastapenean, ABk bere burua ez zuen kokatu ezkerreko edo eskuineko alderdi gisa. Halaber, borroka armatuari buruzko jarrera ere ez zen ez aldekoa ez aurkakoa izan. Kide eta hautetsi bakoitzak bere jarrera hartzen zuen gai horiei buruz. Alderdi gisa egituratu berria zen erakundearen hastapeneko lehentasuna Ipar Euskal Herriko abertzale gehienen (EAJk ez zuen bat egin ABrekin) bilgunea izatea zen, eta horretarako zatiketa eragin zezaketen gaiak ez gehiegi zehaztea erabaki zuen. Gisa berean, Ipar Euskal Herriarentzat abertzaleek aldarrikatzen zuten erakundeari buruz ere ez zuen jarrera garbi bat hartu nahi izan autonomiaren edo departamenduaren alde, EMAkoak autonomiaren alde eta EBkoak departamenduaren alde baitziren, eta bataren ala bestearen aldeko jarrera hartuz, bi alderdietatik bateko kideek AB uzteko arriskua saihestu nahi baitzuen. Alderantziz, abertzale guztiek onartzen zuten erakunde berezi baten alde agertu zen, hala nola departamenduak baino eskumen gehiago zituen erakunde baten alde, baina autonomia izan gabe. Ipar Euskal Herriarentzako berezko instituzioaren aldeko kanpaina eta manifestazioa antolatu zuen ABk, 1997an.
Gai horietan guztietan ideia finduz joan zen alderdia ondoko urteetan. 1999an, euskal departamenduaren eta euskararen ofizialtasunaren aldeko kanpaina antolatu zuen, eta 6.000 laguneko manifestazio bat antolatu zuen Baionan, urtarrilean. Departamendua ez zela abertzaleek nahi zuten azken helburua zehazturik ere, lehen urrats gisa defendatu zuten. Bi urte lehenago, Ipar Euskal Herriko alkateen bi heren euskal departamendua sortzearen alde agertu ziren, eta hura izan zen 200 urte lehenago agertu zen aldarrikapena berpiztu zuen gertakaria. 1999ko urrian 12.000 lagun bildu ziren aldarrikapen beraren inguruan. Manifestazio hark alderdi abertzale eta ez abertzaleetako eta eskuineko zein ezkerrekoetako kideen babesa jaso zuen. 2002an, Batera plataforma sortzea bultzatu zuen, Ipar Euskal Herriko dozenaka elkarte, alderdi, sindikatu edo erakunderen artean, euskal departamenduaren aldarrikapena aurrera eramateko, euskararen ofizialtasuna, berezko unibertsitatea eta Euskal Herriko Laborantza Ganberarena bezala.
Euskal departamenduaren gaia zatiketa iturri izan bazitekeen ere 90eko hamarkada erdian, ABk aldarrikapen haren aldeko hautua egin zuenean, ez zen zatiketarik gertatu. Halaber, urte haietan proiektu politikoa zehaztu ahala, ezkerreko alderdi gisa definitzen hasi zen. Haren ardatz nagusia lurraren eta etxebizitzaren prezioaren ingurukoa izan zen: etxe asko hutsik zeudela eta bigarren etxebizitza asko zeudela salatu zuen ABk, espekulazioaren kontrako kanpainan. ABk ez zuen mozio bidez erabaki eta jakinarazi ezkerreko alderdi bihurtzen zela, baina pixkanaka ezkerreko alderdia zela erraten hasi zen. Hori ere zatiketarik eragin gabe gertatu zen.
Haatik, borroka armatuaren eta nazio ikuspegiaren gaiak zatiketa eragin zuen. ABk Lizarrako Akordioa izenpetu zuen 1998ko irailaren 12an, eta hurrengo hilabeteetan parte hartu zuen Akordio hartan eta haren inguruko ekimenetan. ETAk 1999ko abenduan su-etena hautsi zuenean eta 2000n atentatuak egiten hasi zenean, ABko kide batzuek borroka armatua gaitzestearen aldeko mozio bat aurkeztu zuten eta ez ohiko biltzar nagusi batera deitu. Tentsioa izan zen alderdiaren barnean, baina ez zen zatitu, borroka armatua ez gaitzestearen aldeko jarrera nagusitu bazen ere. 2001ean, ordea, Batasuna alderdia sortzeko prozesua abiatu zenean, AB bitan zatitu zen. Militante batzuek Euskal Herri osoko alderdi nazionala izanen zen Batasunaren alde egin zuten. ABko kideen bi herenak, ordea, alderdia Batasunean integratzearen kontra bozkatu zuen. Besteek AB utzi zuten Batasunaren sorreran parte hartzeko, horietatik bat zen Xabi Larralde, ordu arteko ABko bozeramailea. Richard Irazusta, Jean-Noel Etxeberri, Mertxe Colina, Jakes Borthairu edota Jakes Abeberri ABn gelditu ziren.
Nazio eraikuntzaren inguruko estrategia ezberdinak agertu ziren. ABk "asimetria" aldarrikatu zuen, hala nola Euskal Herriko eskualdeen erritmo ezberdinak kontuan hartzeko eskatu zuen. Horrez gain, borroka armatuari buruzko jarreran ere agertu zen Batasunarekiko desadostasuna, ABk ETAri borroka armatua uzteko eskatu baitzion. 2002ko Aberri Egunaren harira, ABk, Aralarrek eta EAk Lizarratik Garazirainoko ibilaldi bat antolatu zuten, Lizarra-Garaziko akordiora itzultzeko eta ETAri su-etena emateko eskatuz. Urte hartan, ABk Aberri Eguna Donibane Garazin ospatu zuen eta Batasunak Donibane Lohizunen. Hurrengo astean, ETAk agiri bat atera zuen AB, Aralar eta EAren jarrera gaitzetsiz.
Zatiketa hauteskundeetan ere nabaritu zen. 2002ko Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, 2004ko kantonamendu hauteskundeetan eta urte bereko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan zatituta aurkeztu ziren AB eta Batasuna. Batasuna ez zen alderdi gisa aurkeztu: herritar talde gisa osatutako plataformen bultzatzaile izan zen. Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, AB Berdeak alderdiarekin aurkeztu zen. Batasunak Herritarren Zerrenda plataformaren alde egin zuen. 2009ko Europako Hauteskundeetan Europe Ecologie zerrenda ekologistarekin bat egin zuen ABk, eta Batasunak, aldiz, Euskal Herriaren Alde zerrenda abertzalea bultzatu zuen. 2007ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, zatiketak gainditu eta AB, EA eta Batasuna batera aurkeztu ziren Euskal Herria Bai plataformaren baitan. 2008ko kantonamendu hauteskundeetan eta 2011koetan ere berdin egin zuten. 2012ko legebiltzarrerako hauteskundeetan ere aurkeztu da Euskal Herria Bai plataforma, baina EAren babesik gabe.
Udal hauteskundeei dagokionez, ABk ez du zerrenda propiorik aurkezten. Herri bakoitzeko abertzaleek beren modura parte hartzen dute hauteskundeetan, kasu batzuetan zerrenda propioa osatuz, Baionan, Donibane Lohizunen edo Uztaritzen bezala, eta beste batzuetan beste alderdi batzuen zerrendan sartuz, Miarritzen bezala. Miarritzen, adibidez, 1991n sartu ziren abertzaleak gobernu taldean, Didier Borotra alkate zentristaren zerrendako kide izan baitziren, Jakes Abeberri tarteko. Alain Iriart ABko kidea Hiriburuko alkate bihurtu zen 2001ean, hauteskunde zerrenda bateko buru gisa. Iriart kantonamenduko hauteskundeetan aurkeztu zen 2008an, hautagai independente gisa eta ABren babesik gabe, eta hauteskundeak irabazi zituen lehen itzulitik. Aurreko legegintzaldian Jean-Michel Galant ABko hautagaiak irabazi zituen hauteskundeak Baigorriko kantonamenduan, eta zazpi urtez izan zen Pirinio Atlantikoetako kontseilari nagusi. 2008an hauteskundeak galdu zituen bigarren itzulian.