Revistas

Zintzhilik

Gasteiz, 1986-1996

Gasteizko Filologia eta Geografia-Historia fakultatean euskal adarrak bultzatu eta euskal filologia bera euskalduntzeko asmoarekin, euskara batzorde bat eratzeko bilera erabakigarria egin zuten 1985eko martxoaren 12an. Uste baino lagun gehiago hurbildu ziren bertara, tartean hainbat irakasle ere bai. Bilera horren ondorioz, behin euskara batzordea eratuta, hurrengo ikasturteari begira lantalde ezberdinak osatu zituzten, horien artean euskal aldizkari bat ateratzeaz arduratuko zena.

1986ko udaberrian kaleratu zuten Izenaren bila izenburua zeraman fanzine tankerako 32 orrialdeko (26,5x20,5) 0. zenbakia. Eskuz idatzitako aurkibidearen segidan, deiturarik gabe izenez edota goitizenez sinatutako narrazioak, poemak eta fakultateko egoerari buruzko artikuluren bat edo beste bildu zituen fanzineak, baita beste aldizkarietatik euskaratutako komikiak ere. Irakurleek izenburua asma zezaten proposatu zuten eta sorkuntza lanez gain, marrazkiak ere onartzen zituztela ohartarazi.

1986/87 ikasturtean, 1986ko abenduan, plazaratu zuten 1. zenbakia, oraingoan irakurleek aukeratutako izenburuarekin: Zintzhilik.

Irudiz eta marrazkiz lagunduta, poemak eta narrazioak, jatorrizkoak edo itzulpenak, ziren nagusi aldizkarian. Horiez gain, unibertsitateko kultur ekitaldien berri emanez eta fakultateko euskararen egoera salatuz gehigarri bat ere plazaratu zuten. Aldizkariak ez zeukan editorialik eta deiturarik gabeko izenez edo goitizenez sinatzen jarraitu zuten (3. zenbakitik aurrera hasi ziren deiturak erabiltzen).

1. zenbakiarekin formatua apur bat aldatu (29,7x21), lau orrialde gehitu (36) eta urtekaria izateko asmoa finkatu zuten (udaberriro atera zuten ale bat). Banaketari dagokionez, unibertsitatera mugatu zen. Fakultate sarreran kutxa handi bat jarri zuten anonimotasuna ziurtatu nahi zuten ikasleek bertan euren idazlanak utzi ahal izateko.

Oihartzun berezia izan zuten Zintzhilik aldizkarian argitaratutako hainbat lanek. Esaterako, 4. zenbakian (1989ko udaberria) Juan Luis Zabalak argitaratu zuen "Eguneroko bizitzaren... urtebetetzea", Bernardo Atxagak hamar urte lehenago Etiopia (1978) liburuko zortzigarren zirkuluko poema ezagun hura omenduz. Zabalaren idazlan hori bera urtebete beranduago 1990ko abuztuaren 31n Hemenen argitaratu zuten.

Iban Zalduarenak ere sortu zuen zeresana. 7. zenbakian (1992ko udaberria) kaleratu zuen "Poesiaren kontrako manifestua", 6. zenbakiaren aurkezpenerako prestatutako hitzaldia. Egun hartan ez zekien ondoan zeukana poeta zela, Gerardo Markuleta alegia, Zintzhilik aldizkariaren sortzaileetarikoa. Enkontru horrek urte batzuetara "Poesiaren alde eta poesiaren kontra" izenburuko emanaldia sortarazi zuen, zeinetan Gerardo Markuletak, Kirmen Uribek, Arantza Ozaetak, Pili Kaltzadak eta Iban Zalduak parte hartu baitzuten.

6. zenbaki hartan (1991eko udaberria) gehigarri bat ere plazaratu zuten: "Carpe Diem" izeneko poema bilduma, Fakultatean ospatu zuten Euskal Jaiaren egitarauaren barnean 1991eko urtarrilaren 16an Arantzazu Loidik eta Gerardo Markuletak burutu zuten poema errezitalerako prestatutakoa. Bertan Joseba Sarrionandia, Jon Iriberri, Marijose Kerejeta eta Patziku Perurenaren poemez gain, Felix Grande, Luis de Gongora, Jose Angel Valente eta Francisco de Brinesen poemen itzulpenak bildu zituzten.

Aurreko alean, 5. zenbakian (1990ko udaberria), "Gau ilunetatik sorturiko gogoetak" eskuz idatzitako poema bilduma berezia ere kaleratu zuten gehigarri moduan.

1992/93 ikasturtean eskuartean nahikoa diru zutela eta, I. Zintzhilik literatur lehiaketa antolatu zuten eta 8. zenbakian (1993ko udaberria) irabazleen lanak argitaratu zituzten: Poesia erotikoaren atalean, Amaia Irureta izan zen irabazlea; ipuin beltzaren atalean ez zen inor aurkeztu; eta fakultatea gaitzat hartzen zuen saioaren atalean, Miel Anjel Elustondok irabazi zuen. Hurrengo ikasturtean, 1993/94an, Elustondok irabazi zuen saioaren eta narrazioen atalean, eta poesiarenean, berriz, Iñaki Azurmendik.

Ikasturte horretan,1993ko abenduaren 13tik 15era, "Berpiztu dezagun Aresti" Gabriel Arestiren omenezko jardunaldiak antolatu zituzten Zintzhilik taldekoek Zirri-mirrika kolektibokoekin batera eta 9. zenbakian (1994ko udaberria) gehigarri modura plazaratu zuten jardunaldiek emandakoa. Gehigarri berezi horretarako idatzi zuten egileak Iñigo Aranbarri, Harkaitz Cano, Juanjo Olasagarre, Jose Luis Otamendi eta Rikardo Diaz de Heredia izan ziren. Arestiri buruz Ibon Sarasolak, Jon Kortazarrek eta Andolin Eguzkitzak esandakoak ere bildu zituzten. Sasoi hartan taldekideen sakabanaketa gertatu zen eta sartu berrien ardurapean geratu zen aldizkaria eta ozta-ozta atera zuten 9. zenbakia.

Urtebeteko etenaldia izan zuen aldizkariak eta 1996an 10. zenbakia eta azkena plazaratu zuten. Ordura arte kolaboratzaile izan zirenen lanekin osatu zuten alea. Talde-dinamika amaitzearekin bat aldizkariak ere bereak egin zuen hamar urteko ibilbidearen ostean.

Zintzhilik aldizkaria unibertsitateko gazte askoren lehen plaza izan zen eta horietako batzuk gerora liburuak ere argitaratu zituzten. Aldizkarien eragileen (gehienen izenak ezkutuan mantendu zituzten) eta kolaboratzaileen artean, besteak beste, honakoak aipa genitzake: Gerardo Markuleta, Iban Zaldua, Gidor Bilbao, Ane Loidi, Iñaki Andueza, Xabier Munduate, Aitor Guridi, Kike Amonarriz, Juan Luis Zabala, Xabier Etxaniz Erle, Gorka Granados, Jon Andueza, Esteban Pellot, J. Barandiaran, Patxi Zubizarreta, Andoni Egaña, Antonio Duplá, Petiri Errekart, X. Azkue, Andolin Eguzkitza, Fernando C. Otxandio, Lourdes Oñederra, Felix Ugarte, Joxemiel Bidador, Koldo Ameztoy, Amaia Irureta, Eukene A. Alzibar, Vicent Gil de Paules, Amaia Ezkiaga, Miel Anjel Elustondo, Jose Luis Padron, Auxtin M. Mina, Imanol Esnaola, Iñaki Azurmendi, Iñigo Aranbarri, Harkaitz Cano, Juanjo Olasagarre, Jose Luis Otamendi, Rikardo Diaz de Heredia, Xabier Lasa, Pello Mugarza, Asier Otamendi, Amaia Madina, Iñaki Irurain, Xabier Zabaleta, Jon Elordi, Monika Navarro, Nekane Artolazabal, Mario Unamuno, Arantxa Urbieta, Jone Etxeberria, Julian Barreña eta Juan Lopez de Gal.