Arquitectura

San Frantziskoren eliza. Gasteiz

San Frantzisko eliza Gasteizen dagoen eraikina dugu eta Luis Peña Ganchegui (Oñati, 1926-Donostia, 2009) arkitekto gipuzkoarraren lana da. Proiektua 1966koa bada ere, lanak ez ziren 1971ra arte amaitu. Gasteizeko beste bi eliza ospetsuekin batera, Miguel Fisacen Koroatzearen eliza eta Jose Maria Garcia de Paredes eta Javier Carvajalen Aingeruen Andra Mariaren eliza, ezinbesteko hirukotea eratzen dute. Funtsezkoak gertatzen dira ez bakarrik tipologia erlijiosoaren garapena aztertzerakoan, XX. mendeko arkitektura garaikidearen testuinguruan, baita Euskal Herriko arkitekturaren historia bera ere ulertzeko orduan ere.

Egileari dagokionean, Luis Peña Ganchegui Euskal Herrian XX. mendeko arkitekto garrantzitsu eta interesgarrienetakoa dugu. Berari esker hirurogeigarren hamarkadatik aurrera, gure lurraldean berreskuratzen hasi ziren arrazionalismoa eta funtzionalismoa, testuinguruarekiko lotura ezarriz organizismoa izeneko joeraren laguntzarekin. Horrela, bere arkitekturan testuingurua eta paisaiaren garrantzia azpimarratzeaz gain, historiarekin ere harremana eta lotura sortzen du, lan osatuagoak lortuz.

Fisac, Carvajal eta Garcia de Paredesen urteetan ez bezala, Vatikanoko Bigarren kontzilioaren (1962-1965) ondoren erlijio tipologian berrikuntzak proposatzea eta arkitektura modernoaren aldeko apustuak egitea errazagoa izan zen. Hala ere, bitxia bada ere, Gasteizen berrogeita hamargarren hamarkadaren amaieran eman ziren hain proposamen ausartak ez ditugu Euskal Herrian hurrengo bi hamarkadetan aurkituko. Berez, Euskal Herrian eliza asko gauzatu badira ere, urte horien ostean krisia areagotu egingo da erlijio arloan zein arkitektura esparruan, laurogeigarren hamarkadan alegia, eta gutxi izango dira tipologia mota honetan berrikuntzak proposatuko dituztenak.

Frankismo garaiko azken bi hamarkada horietan gure testuinguruan benetan nabarmendu behar diren lanak bi dira eta garai hartako azken urteetan eginak daude: Iruñean Santiagoren eliza (1966-1971, Magdalena kalea, 10. zenbakia) Francisco Javier Guibert arkitekto nafarraren lana, eta Gasteizen San Frantziskoren eliza (1968-1970, Fermin Lasuen kalea), Luis Peña Gancheguiren lana.

Luis Peña Gancheguiren lan honetan nabarmendu behar diren alderdiak bitxiak dira. Arkitekto gipuzkoarrak garai berriei aurrea hartu zien, hau da, gero postmodernitatea esango diogun garaiari. Hirurogeita hamargarren hamarkadaren amaieran San Frantziskoren elizan Gasteizeko XVIII. mende amaierako eraikin bati omenaldia egiten ausartzen da: Justo Antonio Olaguibelek diseinatutako Espainiako plazak duen egitura errepikatzen baitu bere elizan. Horrela, arkupeak klaustro estalian bilakatzen dira eta perimetroan hainbat jarduera bideratzeko ikasgelak daude. Izpirituarekin lotutako jarduerak hartzen dituzten elementuak zeharka kokatzen ditu plazaren erdian, ertz batean sarrera kokatuz eta bestean aldarea. Azken horren inguruan sakramentu funtzioak betetzen dituzten elementu guztiak daude. Azken finean San Frantziskoren elizan Peña Gancheguik neoklasizismoa, organizismoa, espresionismoa eta postmodernitatea eraikin berean elkartzea eta uztartzea lortuko du.

Materialei dagokienean kanpoaldea eta barrualdea oso desberdinak dira. Horrela, barrualdean burdina eta hormigoia erabiltzen dituen neurrian, azken hau gainera agerian utziz modu brutalista batean, kanpoan nahiago du arbela erabiltzea fatxadetan zein sabaian, inguruarekin bat egiteko asmoz, testuinguruan txertatzeko itxaropenarekin. Agerian geratzen den burdina gorriz margotuko du, berriro ere eraikinari kutsu postmodernoa emanez.

  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier: Euskal Herriko Arkitektura. Bilbo: Ibaizabal, 2004.
  • MAS SERRA, E.: 50 años de arquitectura en Euskadi. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1990.
  • MOZAS, J.; FERNANDEZ, A.: Vitoria-Gasteiz. Guía de Arquitectura. Gasteiz: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, 1995.
  • URRUTIA, A.: Arquitectura española siglo XX. Madril: Catedra, 1997.