Bilbo, 1929-.
1929ko ekainaren 6an jaio zen Jose Antonio Retolaza Bilbon eta Gran Vía kalean zegoen Errotatxueta ikastolan hasi zen umetatik ikasten, ondoren Santiago Apostol ikastetxera joateko. Azken ikastegi honetan hartu zuen dantzarekiko zaletasuna eta zenbait dantza taldetan ibili zen harrez gero.
18 urte zituela Gasteizko apaiztegira joan zen 1947an; han, apaiz ikasketekin batera dantzan jarraitu zuen eta Txirinbil izeneko taldean aritu zen, bai eta ikuskizunetan parte hartu. Garai hartan, gainera, euskara berreskuratzeari ekiten dio bere kabuz eta ezkutuan hainbat gramatika eta ipuin liburu irakurriz Argia aldizkariari, 1996an eginiko elkarrizketa batean aipatu bezala:
"Txikitan hemen Muxikan euskaraz egiten sortu, gero Bilbora joan eta ahaztu egin nuelako; Gasteizko apaiztegian ene ikaskide baten aitak euskaraz egin eta ulertu ez nionean hain lotsatu nintzen ze, ikasteari ekin nion. (...) Zamarriparen gramatika eta Mendizabalen hiztegitxoa geneuzkan eta, ni ikasiagoa nintzenez, besteei irakasten nien, Uriarte orain gotzaina denari edo Manterolari, adibidez"
1957an, apaiza egina zelarik, Arrazolara bidali zuten eta han euskal munduan murgildurik meza euskaraz emateari ekin zion garai hartarako oso ezohikoa zen arren (Vatikanoko II. Kontzilioa beranduago etorri baitzen), eta horrela, 1959ko ekainaren 21ean euskarazko lehen meza eman zen Arrazolan.
Euskararen aldeko jarrera, baina, ez zuen mezak ematera mugatu. 1960an beste 338 apaizekin batera hegoaldeko apezpikuei askatasuna eta euskara errebindikatuz eginiko eskutitzean parte hartu zuen eta 1961ean Funcor ikastetxean irakasle zelarik euskaraz ematen zituen eskolak (hurrengo urtean zuzendari izan zen). Azken lanbide hori zela eta, eztabaida gogorra izan zuen apezpikuarekin eta, parrokia eta eskola utzirik, gurasoen etxera itzuli zen gaixo omen zelako eta 1963an Madrilera joan zen Psikopedagogia ikasketak egitera.
Vatikanoko II Kontzilioak mezak herri hizkuntzan ematea ahalbideratu zuenean Retolazak, apezpikuak erdararen aldeko jarrera ezagututa, liturgi euskaratu, inprimatu eta Bizkaiko elizetara bidali zuen Gotzaindegiko Liturgia Batzordearen izenean. Eta antzeko jokabidea izan zuen Bilbon euskaraz eman zen lehen mezaren aurrean, izan ere erdi ezkutuan, ordutegi berezian eta aparte samar egitea erabaki zenez, Jose Antoniok antzerki talde bateko gazteei ahopeka albistea zabaltzeko agindua eman zien. Horren ondorioz bildutako jendetza hain handia izan zen aldare nagusian eman behar izan zutela lehen meza hura.
Eliza kontuetatik haratago, eta Psikopedagogia ikasketak egin zituenetik buruan zuen ideia bati helduta, haurrentzako argitalpen bat, aldizkari bat egitea bururatu zitzaion Retolazari, eta horrela, 1966an, ezkutuan, Kili-Kili aldizkariaren lehen alea atera zen. 80 aleko tirada zuen eta multikopistaz egina zen. Laster, baina, 2000 aleko tirada izatera heldu zen eta herriz herri zabaldu. Harrera ona izanda ere hiru urtez besterik ez zuen iraun aldizkariak debekatu arte. 1969ko azaroan aldizkariaren desagerpena iragarri zen hile horretako alean.
Hurrengo urtetan haurrak alfabetatzeko materiala sortu eta banatzeari ekin zion Euskerazaleak elkartearen laguntzaz. Horrela, Lan eta lan, Ekin eta ekin eta Jarrai koadernoak plazaratu zituzten hiru maila ezberdinetarako:
"'Kili-Kili' teilatu bako ikastolea zen, klandestinoa bihurtu zen; errepresioa etorri zitzaion, horraitino, eta aldizkari egin beharrean `Cuadernos unitarios' zirelakoen atalean sartu genuen argitalpena, ni orduan Bilboko San Antonen nengoela baliatuz".
Ikaragarri zabaldu ziren koadernoak eta haiekin batera Kili-Kili sarea sortu, lehiaketak eta hainbat ekintza eginez (18.000 umetik gora aritu ziren, 7.500 Bizkaian, 6.000 Gipuzkoan, 4.000 Nafarroan, 500 Araban eta 100 Lapurdin). Retolazak, gainera, hainbat mezenas bilatu zituen argitalpen (euskaltzale dirudunak, erakundeak, kutxak,...), sari eta ekintzak ordaintzeko eta horrela haurrentzat dohainik izan zitezen.
1970eko hamarkadan, aldiz, aldaketa handiak izan ziren Euskal Herrian, egoera politikoa, soziala, kulturala... eta Jose Antonio Retolaza 1975ean, apaiza izateari utzita, Mila Arrietarekin ezkondu zen; bost seme-alaba izan dituzte eta egun, Muxikan bizi dira euskal giroan murgildurik.
Ezkondu ziren urte berean hil zen Franco eta franskismoaren ondoren Kili-kili erakundea berpiztu zen. Retolazak haurrentzako aldizkaria berriro plazaratzeko asmoa du, baina oraingoan komiki gisa, horretarako Tretzevents aldizkari katalanarekin eta Bruguera etxearekin jarri zen harremanetan beraien lanak euskaraz ateratzeko. Horrela, 1977an Asterix, Mortadelo ta Filemon, Okel leize-gizon, Zipi ta Zape, Jilda ahiztak, Txabi ta Txibi, Errobin eta "Sheriff", eta abar aurkeztu zitzaizkion euskal irakurleari. Komiki horiez gain hasieran lantzen zen gaiak, elkarrizketek, jolasek,... osatzen zuten aldizkaria.
Kili-kili ez zen aldizkari hutsa izan, haren inguruan ekintza asko antolatu ziren, irratsaioak, argitalpenak, Kili-kili egunak, tokian tokiko jaiak (Kili-jaiak),... 2001. urtean, 234 zenbaki argitaratu ondoren, aldizkaria Bizkaiko Ikastolen Elkartearen esku utzi zuen Retolazak euskal aldizkarien egoerak (Iparraldeko batzuk itxiak ziren, Ipurbeltz ere nahiko larri zebilen ordurako,...) eta Espainiako erakunde eta komunikabide batzuekin izanik eztabaidek bultzatuta. Aldizkariak, une horretan, 5.000 harpidedun baino gehiago zituen, baina urte beranduago, 2002ko abenduan BIEk aldizkariaren kudeatzeari utzi zion.
Aldizkariaren egoeraren inguruan kritika zorrotza egin zien instituzioei eta boterea izanik euskararen alde behar beste egiten ez dutenei, aldizkarigintzan ari direnak eskale moduan aritu behar izateaz euskal kulturaren alde ibiltzeagatik.
Izan ere Retolazak euskararen alde lan eskerga egin du; arestian aipaturikoez gain lau liburu ere argitaratuak ditu: Iparragirre. Bizitza. 1820-1881 (1967) biografia eta haurrentzako hiru lan: Ipuiñak (1967), Arrotz ipuinak 2 (1987) eta Arrotz ipuinak 3 (1988). Eta lan horren guztiaren ordaina dira, neurri batean, jasotako merezimendu eta sariak: 1992an Argia saria jaso zuen Kili-kili aldizkariak, Jose Antonio Retolaza, berriz, 1984an Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu zuten lau urterako; 1996an EIZIEk ohorezko bazkide egin zuen eta 2000. urtean Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain. 1993an Labayru Ikastegiak eta HABEk omenaldiak egin zizkioten, bai eta 1995ean Muxikako herriak.
- ASTIGARRAGA, Asier. Jose Antonio Retolaza. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza-Kultura saila, 2003.
- ETXANIZ, Xabier. Euskal literaturaren historia. Iruñea: Pamiela, 1997.
- JIMENEZ, E. (1996). "Ez dago euskararen aldeko bene-benetako borondaterik", Argia 1569, 1996. [Kontsulta data: 2012-06-25].