Poetas

Olaso Bengoa, Xabier

Otxandio, 1964.

Otxandion jaio arren txikitatik Gasteizen bizi den idazle honek Irakasle ikasketak egin zituen eta euskaltegietan zenbait urtez euskara irakasle ari ondoren ikastola batean dihardu. Bere hasierako literatur ibilbidea helduentzako poesiari loturik ageri zaigu, Amilamia literatura aldizkariko batzordekidea eta kolaboratzailea izan da urteotan eta zenbait poesia lehiaketa irabazi ditu: Urretxu eta Zumarragako udalek antolaturik Iparragirre lehiaketa eskuratu du 1995, 1996, 1997, 1998 eta 2000 urteetan, eta Arabako Foru Aldundiaren Ernestina de Canpourcin VIII. Poesia lehiaketa 1997. urtean. Sari horien guztien ondorioz honako poesia liburu hauek plazaratu ditu: Gauaren magalean (Bermingham, 1996), Ariaren hariak (Arabako Foru Aldundia, 1998), Urtaro (Bermingham, 1998), Datak eta posdatak (Bermingham, 1999) eta Azalaren memoria eta Itinerarium (Bermingham, 2001).

2001. urtean hasi zen haurrentzako liburuak idazten, Ausako! (Igarkzun eta aho-korapiloak) (Pamiela, 2001), Pupuan trapua (Pamiela, 2004), Hotsateko basoa (Aizkorri, 2005), Gurarien esku-jolasa (Aizkorri, 2008), Paulen abentura miresgarria (Aizkorri, 2011) eta Tximeletrak (Pamiela, 2012); bere lanetan tradizioa eta modernitatea uztartzeko asmoa ageri da zenbait kasutan, hala nola poesian nahiz igarkizun eta jolasetan. "Iker ankerraren/ aker okerrak/ ezkerreko hanka/ okerturik dakar"; edo "Bela, bela, kandela/ egin ezazu lolo,/ begiak bil itzazu/ ene potxolo." poema hasieran bezala. Eta, hain zuzen, horixe izan zen Pupuan trapua lanarekin Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria eskuratu zuenean epaimahaiak eginiko balorazioetako bat:

"Epaimahaiak aho batez baloratu du liburu honetan agertzen den poemagintza garatzeko baliabide ugari eta aberatsak. Tradizioaren usaina ekarri digu liburu honek formetan eta moldeetan, baina gaurko egunean kokatua. Aurkezten duen erreferentziazko mundua oso oso zabala da, eta irakurleari jolasez, erritmoz ... eskaintzen dio".

Baina horrekin batera, umorea ere, txantxa, jolasa, dibertimendua, presente dago Olasoren obran. "Diktaketa" izeneko poema dugu horren adibide bat:

Diktaketa.

Sudur gainean bi begi
itsas guztietan biltegi.

Puntu eta segi.

Urmahelean bi ahate,
lepotik dilin bi ahate.

Puntu eta aparte.

Hegazkina idazluma,
hodeia borragoma.

Puntu eta koma;
itsasontzian bi txoropito
eta biak urbidean ito.

Puntu eta kito.

Eta, tradizioa eta umorearen alboan hirugarren hanka bat genuke Xabier Olasoren poesigintza: musikalitatea. Idazleak hizkera zabala baina era berean sinplea darabil, onomatopeia ugarirekin, folklorearen hain ohikoa den musikalitate hori poema modernoetan islatuz. Horixe ikus dezakegu, esaterako, "Otsoa eta atsoa" poemaren zati honetan:

"Otsoak ikusi du atsoa,
atsoak ikusi du otsoa,
otsoa motel,
atsoa totel:
atso, otso, hutsa,
hotza,
hitza, hautsa, etsi,
atzo."

Helduen poesian ere nabaria zen sinpletasuna, Felipe Juaristiren hitzetan, edo haikuen eragina, Jon Kortazarren kritiketan, tradizioarekin bat eginda ageri da haurrentzako literaturan. Juaristik, Datak eta posdatak liburua zela eta, honako hau zioen:

"Egitura sinpledun liburua dugu, baina horrek ez du esan nahi liburu sinplea denik, askotan, idazle orok daki hori, sinpletasuna (itxurazko eta azaleko erraztasun hori) estilo-modurik zailena da lortzen. Liburu honetako poemek, esaterako, gehiago dirudite gregeria edo aforismo. Burumuinak nekatu ondoren sortutakoak dira. Bihotzaren fruitu bainoago, arrazoiak kanpora bultzatutakoak, neurri handian. Umoretsuak dira gehienak, ironiaz kutsatutakoak. Ondo pentsatutakoak, arrazoimenari zuzenduak, sentimenduei bainoago. Laburrak ezinbestean. Eta hor (laburrean) erakusten du poema batek bere maila".

Kortazarrek, aldiz hauxe dio:

"Azalaren memoriak pertsonaia nagusiaren bizitzako ibilbide poetikoa eskaintzen du, haren egoerak eta egoerari buruzko gogoetak aurkeztuz. Oihartzun literarioak ez dira falta bere poesian: Juan Mari Lekuona, Patxi Ezkiaga, Joan Mari Irigoien, Joseba Sarrionandia gaurko euskal poesia munduko izen ospetsuak agertzen dira bere testuetan. Baina horren azpitik, Olasok badu anekdota pentsakizun ahul bihurtzeko joera nagusia. Denborari buruzko hausnarketak osatzen du ardatza testuan, eta horretarako haurtzaroko paisaiarekin batera bidaietan ikusitakoa ekartzen du hizpide."

Narratiban, aldiz, haurrentzako bi ipuin ditu argitaraturik Olasok, Gurarien esku-jolasa eta Paulen abentura miresgarria, eta fantasia, jolasa eta irudimena nabarmenak dira hauetan. Paulen abentura kontatzen duen ipuinean, esaterako, gurasoen ohera sartu eta han bidaia bat egiten duen Paul marinelaren istorioa kontatzen zaigu:

"Esan eta egin. Aho bete arnasa hartzen ahalegintzen da, uffffffff. Eta, ez bat eta ez bi, buruz behera murgildu da. Itsas harrotua dela dioen izara zuri eta ohe-azal urdinaren sakon ilunean galdu da."

Ikusten den bezala Olasok sartu-irten txikiren batzuk egin baldin baditu ere prosa arlora batik bat poesia landu du, helduentzat eta haurrentzat, baina beti landutako sinpletasunaren bila, poema modernoak tradizioan eta gure aurreko idazleengan oinarrituta.

  • JUARISTI, Felipe. "Poesiaren 'bonsai'a", El Diario Vasco, 1999-09-18
  • KORTAZAR, Jon. "Itinerarium", Bilbao, 2002-05
  • OLASO, Xabier. Pupuan trapua. Iruñea: Pamiela, 2004.
  • OLASO, Xabier. Paulen abentura miresgarria. Bilbo: Aizkorri, 2011.