Revistas

Mazantini

Iruñea, 1991-1993

Aurrez Korrok (1984-89) edo Bertze Pamiela (1991) literatur aldizkariez gain, Pamielaren enbor sendoak beste adar bat sortu zuen 1991eko abenduan, Mazantini. Pamiela aldizkarikoek euskaraz bildu zituzten idazlanek formatu duinago batean agertzea merezi zutela iritzita, aldizkari berri bat kaleratzea erabaki zuten.

Luis Mazzantini y Eguía (Elgoibar, 1856 - Madril,1926) jatorri italiarreko torero gipuzkoarraren abizenarekin jolas egitetik datorkio aldizkariari izenburua. Eduardo Gil Beraren ideia izan zen. Bera izan zen aldizkariaren alma mater-a. Irakurleak despistatzeko idatzi ei zuten "z" bakarrarekin. Izenburua eta 1. zenbakiko 1850eko Historia del toreo liburutik ateratako ilustrazioei erreparatuta kontrakoa dirudien arren, toreatzaileek edota zezenek ez dute ezelango aipamenik aldizkariko idazlanetan; erredakziokoak ere apenas ziren zezenzale. Lagunak berriro elkartzeko aukera izan zen Mazantini. Maiztasun finkorik gabeko aldizkaria egin nahi izan zuten, fagozitazio kulturalari aurre eginez iraungitze datarik gabeko idazlanak plazaratuz.

1991ko abenduan Durangoko azokan aurkeztu zuten 1. zenbakia. 32 orrialde zituen eta 20'5x28 neurriko formatua.

Erdal nahiz euskal idazkien pasarte hautatuak, elkarrizketa bat, fikziozko lanak, poesia eta artikuluak osatuko zuten nagusiki Mazantini. Eduardo Gil Bera buru zutela, idazle nafarrek, bizkaitarrek eta Iparraldekoek osatzen zuten erredakzioa, hala nola Aingeru Epaltzak, Txema Larreak, Aurelia Arkotxak, Jose Enrike Urrutia Kapok, Luigi Anselmik, Jesus A. Etxezarragak eta Dario de Zaurietak.

Arreta berezia eskaini zien euskalkiei. Ia galduta zeuden hainbat erregistro marjinal errekuperatzeko ahalegina egin nahi izan zuten. Hainbat idazle nafar eta bizkaitar, eta baita Iparraldekorik ere, automarjinaziotik ateratzeko ahalegina egin nahi izan zutela ere aitortu zuten.

Elkarrizketek tarte nabarmena zuten Mazantinin. 1. zenbakian, esaterako, Patziku Perurenari eskatu zioten Iñaki Eizmendi "Basarri" bertsolari gipuzkoarrari elkarrizketa egiteko. Aldizkariaren ia erdia hartzen dute elkarrizketak eta Perurenak idatzitako "Basarri-rekin saiheska bertsolaritzari buruz" artikuluak.

2. zenbakian, bestalde, Eñaut Etxamendi elkarrizketatu zuten eta 3.ean Jean-Baptiste Orpustan. Azken ale honetan, Ainhoa Lodoso kazetari elgoibartarrak "Gerratea Elgoibarren" artikulua idatzi zuen, gerra jasan zuten Jose Zubiaurre eta Pedro Barrutia lekuko elgoibartarren testigantzak bilduz.

Itzulpenek presentzia handia dute aldizkarian. Lau zenbakiotan, "Luma airosen markak" atalean idazle eta pentsalariek idatzitako hainbat pasarte bitxien itzulpenak ageri dira (Montaigne, Ibn Hazm Kordobakoa, B. Brecht, Voltaire,Ezra Pound, Tacitus, V. Nabokov, Diogenes Laertzio, Horazio, Sapho, Yeats, B. Russell, eta abar). Eduardo Gil Berak itzulita, Oteizaren Itziar elegía y otros poemas liburuko bi poema-zati 3. zenbakian topa ditzakegu. Poema osoen itzulpenik ere badago, Pier Paolo Pasoliniren "Amen balada" Jose Ramon Utretxek euskaratua. 4. zenbakirako, Joseba Sarrionandiak Rainer M. Rilkeren "Zer gauza guti..." pasartea eta XIII. mende hasierako "Eta Aualon aldera abiatuko naiz" poema euskaratu zituen. Jesus A. Etxezarragak, berriz, William Wordsworthen "Gernikako haritza" eta Andolin Eguzkitzak, bere aldetik, William Butler Yeats en "Bigarren etorrera".

Ilustrazioek eta argazkiek ere garrantzi handia dute: ilustrazioen alorrean, 1. zenbakiko Urrabieta eta Mirandaren litografiez gain, Expressionist Portraits (1987) eta Expressionismus (1988 ) liburuetatik hartutako irudiak erabili zituzten 2. zenbakirako eta Jose Enrike Urrutia Capo arduratu zen 4. zenbakiko marrazkiak egiteaz. Argazkien alorrean, berriz, 1991an hildako Luis Otaegi argazkilari donostiarrak Arrasateko Santa Ageda zoroetxean 1976an ateratako argazkiak argitaratu zituzten 3. zenbakian.

Nafarroako Gobernuak sei ale plazaratzeko diru laguntza agindu zien, baina lau ale argitaratuta amaitu zen Mazantiniren ibilbidea.