Revistas

Literatur Gazeta

Donostia, 1985-1989

Donostiako Porrot (1984-90) aldizkarikoek, Felipe Juaristi eta Koldo Etxabe buru zutela, 1. zenbakia ateratzeko prozesuan murgilduta, maiztasun handiagoarekin eskuratu zitezkeen literatur lanekin beste aldizkari bat eratu zezaketela pentsatu zuten kolaboratzaileekin egindako bilera batean. Pentsa eta egin, biurtekari monografikoaz gain, bihilabetekari literario eta kritiko bat argitaratzeko prest agertu ziren. 1985eko otsailean hasi ziren batzarrak egiten eta uztailean kalean zen aldizkaria. Horrelaxe sortu zen Porrotetik Literatur Gazeta (1985-89).

1985eko uztailaren 18an plazaratu zuten 1 zenbakia, formatu handiko (25'5x36) 24 orrialdeko kazeta. Informazioa eta kritika biltzeko zorro zuri bat bezala definitu zuten aldizkaria "Dieciocho de julio" editorialean. Kutsu marjinal, jarrera politiko edota korronte ideologiko jakin batetik ihes eginik, literatura eta bereziki literatur kritika normalizatzeko asmoarekin jaio zen Literatur Gazeta. Literatur munduko eta munduko literatura ezberdinetako berriak eta kritikak jasotzen zituzten bertan. Euskal liburuei arreta berezia eskaini zioten, euskal literaturaren kritika zorrotza eginez, munduko edozein literaturaren pare. Informazio kritikoa eskaini zuten, eurentzat kritika informazioa baitzen.

Liburu iruzkin soilak eta liburu kritikak desberdindu nahi izan zituzten, azken hauek sormen lantzat jotzen baitzituzten, argumentuak eskaintzen zituzten lanak izanik.

1. zenbakian bertan, esaterako, Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa (Pamiela, 1985) liburuaren kritika egin zuen Joserra Gartziak, eta Joseba Sarrionandia berak José Gomes Ferreira (1900-85) portugaldar idazle hil berriaren Calçada do sol liburuarena. Martuteneko kartzelatik 1985ean ihes egin baino astebete lehenago igorri zien Literatur Gazetakoei bere idazlana. Hauts ugari harrotu sortu zuen kritikaren batek edo bestek, Joserra Gartziak Laura Mintegiren Bai... baina ez (Susa, 1986) liburuari buruz 5. zenbakian (1987ko maiatza) eginikoak kasu.

Literatur kritika ez ezik, itzulpena ere nabarmendu beharko genuke; literatura unibertsaleko pasarte ugari bildu zituzten. Literatur kritikak bezala, itzulpen kritikak leku propioa izan zuen aldizkarian. Sormen lanari ere eskaini zitzaion tarterik, bereziki narrazioei; poesiak presentzia urria izan zuen, 1988ko iraileko 10. zenbakian izan ezik, poesiari eskaini baitzioten ale hura. "Lau poeta" izenburuko gehigarri bat ere plazaratu zuten bertan, Patziku Perurena, Felipe Juaristi, Juan Kruz Igerabide eta Inazio Mujika Iraolaren hainbat poema argitaratuz.

Gai jakinei buruzko artikuluak bildu zituzten hainbat aletan. 4. zenbakian (1987ko urtarrila), esaterako, erotismoa izan zen protagonista eta gai monografiko horren karietara liburu bat plazaratu zuten gehigarri modura: Eros, Eros..., Patri Urkizuk prestatutako XVI. mendetik XX. mendera arteko bertso eta poema erotikoen aukeraketa. 3. zenbakitik 4.era bi urtetako etenaren ondoren indarberrituta bueltatu zen Literatur Gazeta, "Ibai zaharraren gainean zubi berria" editorialean azaldu zuten moduan.

Beste gai batzuk ere izan zuten euren espazioa aldizkarian, hala nola, Europako literaturak 6. zenbakian (1987ko uztaila), abenturak 8. zenbakian (1988ko uztaila) edota poesiak 10. zenbakian (1988ko iraila).

Mikel Azurmendiren hartu-emanei esker, La Primitiva Casa Baroja argitaletxea arduratu zen Literatur Gazeta-ren edizioaz. Erredakzio Kontseiluan, besteak beste, Mikel Lasa, Mikel Azurmendi, Patxi Apalategi, Esteban Antxustegi, Koldo Etxabe eta Felipe Juaristi aritu ziren. Idazkari lanak Koro Barojak egin zituen. Felipe Juaristi izan zen kontseiluaren burua eta koordinatzailea.

Kolaboratzaile asko izan zituen Literatur Gazetak. Ale batean baino gehiagotan parte hartu zutenen artean honakoak aipa genitzake: Mikel Lasa, Felipe Juaristi, Joserra Gartzia, Nerea Azurmendi, Mikel Azurmendi, Joseba Sarrionandia, Juan Antton Zubikarai, Esteban Antxustegi, Patri Urkizu, Koldo Izpizua, Begoña del Teso, Juan Luis Zabala, Jon Kortazar, Pako Aristi, Jesus Maria Lasagabaster, Jose Angel Ayucar, Patziku Perurena eta Inazio Mujika.

10. zenbakitik (1988ko iraila) 11-12.era aldizkariak izan zuen sei hilabeteko etenaren ostean, 1989ko apirilean kaleratu zuten lau urtez literatur kritikaren plaza eta erreferentzia izan zenaren azken alea.