Arquitectura

Lardamuño baserria

Lardamuño edo Larrondobuno baserria Zizurkilen kokatzen da. Buztinballaran aurkituko dugu, herrigunetik 400 metrotara sortalderuntz. Baserria Santakruzgain muinoaren hego-hegalean sortzen den lautada txiki batean eraiki zen. Ekialdera begiratzen du teilatuaren gailurra lekuko sestra kurbetara lerrokatu nahiean. Kokaleku honetan baserriak herriguneari arpegia ematen dio, Buztinballara eta bertatik herrigunera doan bidearen gainetik lurraldea ahal den heinean menderatuz. Baserriaren kanpoko itxura barroko bikainak XVII. mendearen azken urteetan kokatzen bagaitu ere, bada bere zurezko barne egituran XVI. mendean eraikitako dolare-baserria izan zela pentsaraziko gaituen arrastorik.

Zizurkilgo udalerria Aiztondo Bailararen parte da Asteasu, Alkiza, Larraul eta Adunarekin batera. Billabona inguruan, Oria ibaiaren ezkerraldean -Ernio eta Andatzako mendiguneen artean- irekitzen den nortasun bereizgarriko eremu geografikoa da, 53 km²-ko lurraldean zehar zabaltzen dena. Bailara Asteasu errekak egituratzen du eta orografia leun eta irekia izateagatik bereizten da. Bertako paisaia haran-azpiek eta gain laueko muinoek osatzen dute, ibaiarekiko 350 m-ko altuera gainditzen ez delarik. Baserriek orokorrean mendi hegalaren erdia bilatzen dute, Larrondobuno baserriak bezala, baina ez dira falta gainak zein haranen behekaldeko lurretan ezarri direnak.

Aiztondon populazio handia biltzen da gaur egun eta baserri zahar mordoa aurkitu daiteke han. XV. mendearen bukaeran eta XVI. mendean Euskal Herriko bailaretan zehar hedatu zen baserri-eredu berriaren sorrera garai hartako ekonomia oparoaren ondorio izan zen, besteak beste. Itsas aktibitate garrantzitsua ematen ari zen orduan eta landa-eremuekiko merkataritza harreman sendoak sortu ziren. Testuinguru honetan, Aiztondo bailarako geografia aparta zen nekazal eta batez ere abeltzantza ustiapenerako. Gainera, kostaldearekin oso ondo komunikatua zegoen Oriaren ardatzaren bitartez. Guzti honek paraje hauetan baserri anitz eraikitzea ekarriko zuen, hauen artean asko dolare-baserriak.

Historialariek Larrondobuno etxearen inguruan aurkitu duten lehen aipamen idatzia 1553 urtekoa da (Moraza, 2010). Pedro Etxeberria eta Maria Juaniz Larrandobunoren arteko ezkon hitzarmena jasotzen duen notario-eskritura da non Larrandobuno etxea ematen da ezkonsarian.

Hala ere, Larrandobunotarren inguruko lehen aipamen idatziak XIV. mendearen bukaerako agirietan aurkitu dira. Hauen artean Zizurkilgo biztanleak elkartasunean jardun zuteneko orain arteko lekukotzarik zaharrena dago. Andatzako eremuaren jabetzari buruzko auzia jasotzen duen 1389-ko dokumentu bat da (Mora, 2005). Bertan Johan Perez Larraondobuno herri-zinpekoa aipatzen da. Hortaz, ordurako Larrondobuno sendia denbora luze zeraman lurralde haietan finkaturik beren bizilagunen begiruneaz gozatzen zuten eta, herritarren arteko asuntu publikoetan parte hartuz. Beraz, XIV. mendean Larrondobuno izeneko establimendua eta etxea jada esistitzen zirela ondorioztatu daiteke. XV. mendearen azken urteetan eta XVI. mendean zehar euskal bailaretako erdi aroko bizileku guztiak beste eraikin berri batzuengatik ordezkatu ziren, gaur egun ezagutzen dugun baserri-eredua jarraintzen zuten eraikinengatik alegia. Era berean, Larrondobunotarrek etxe zaharra bota eta haren tokian baserri berria altxa zuten. Hau askoz handiagoa zen eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapena aurrera ateratzeko behar ziren espazio guztiak elkartzen zituen.

Artikulu hau osatu dugun egileok, esan bezala, XVI. mendeko momenturen batean kokatu dugu gaur egun ezagutzen den baserriaren eraikuntza, nahiz eta oraingoz hipotesia berritsiko duen dokumentaziorik aurkitu ez den. Baieztapen hau baserrian bertan eginiko azterketetan dago oinarriturik. Baserriaren zurezko barne egituran XVI. mendeko dolare-baserri gipuzkoarrei dagozkien elementuak aurkitu dira. Beraz, dolare-baserri bezala eraiki zen, baina ondorengo gizaldietan izan duen bilakaeraren ondorioz baserri eredu honen berezko elementu zahar gehienak galdu ditu. Lardamuñoren jatorriari buruzko gogoeta hauen inguruan, Lopez de Isastik bere 1625-eko "Compendio Historial de Guipuzcoa" liburuan etxea aipatzeak aurkeztutako hipotesiaren alde egin dezake.

XVII eta XVIII. mendeen artean baserria haunditua izan zen aurrekaldetik habearte berria atxikituz. Konposizio eta materialen aldetik fatxada nagusi berri bikaina eraiki zen garaiko gustu barrokoan oinarrituta. Eraldaketa garrantzitsu honek XXI. mendearen hasieran aurkezten duen itxura eman zion baserriari.

XVI. mendean, sagardoa elementu elikatzaile eta gaitzen babesle moduan, landa eremutan kontsumitzen zen produktu nagusietako bat zen. Ondorioz, baserri gehienek bazituzten bere lurzoruetan nahikoa sagardoa ekoizteko moduko sagastiak. Sagardoaren produkzio erraldoi honek, baserriaren arkitekturan islada nabarmena izan zuen, nagusiki Gipuzkoan. Sagarrak zanpatzen zituen zurezko tolare erraldoi bat baserriaren bihotzean kokatzen zen eta honek neurria ematen zion eraikinari. Lardamuno baserriaren zurezko egituran topatu daitezke oraindik hainbat elementu, tipologia hau identifikatzen dituena.

Hipotesi hauen arabera, jatorrian, Lardamuno baserria fatxada nagusiarekiko paraleloak ziren lau portizkoz osatua legoke: fatxada nagusian bat, beste bat atzeko fatxadan eta tarteko biek, neurri handiko tolare bat edukiko zuten erdiko bi zutabeen (berniak) bitartez. Era berean, bernia pare hauek gailur bikoitz bat eusten zuten, estalkiko bi isurialdeak osatuz.

XVII. mendearen bukaeran, eta zihurrenik tolarearen erabilera galduta zuela, baserriak eraldaketa nabarmen bat edukiko zuen, non portiko bat erantsi zitzaion fatxada nagusian eta honekin batera, harrizko barne horma bat txertatu zitzaion oinaren erdian, jatorrizko tarteko portiko bat desagertu zelarik.

Lardamuño, harri-hormak eta zurezko egitura duen baserria da. Neurri handiko eraikina dugu, 20 x 24 m2 azalerako oinplanoarekin, bi pisutan antolatua eta bi isurialdeko estalkiarekin burutzen dena. Baserriaren irudi esanguratsuena, XVII. mendearen bukaerako barroko garaiko Ekialdeko fatxada nagusia da, bao guztiek harlanduzko azpadurak azaltzen dituztelarik. Fatxada horretan nabarmena da behe oineko arkupeak hartzen duen lekua: dobela luzeko erdi-puntuko hiru arku ditu harlanduzko zutabeen gainean, eta gaur egungo etxebizitzetarako sarbidea da. Perimetroko harri-hormak karez zurituak ditu, mendebaldeko fatxadakoak izan ezik, agerian bait daude.

Baserria guztiz berrituta dago barrutik, barne banaketa guztia eraldatua duelarik bizitza desberdinak jasotzeko.

Barrukaldean, fatxada nagusiarekiko paraleloa den aldetik aldeko horma bat, egungo fatxada nagusi barrokoarekin batera eraikia izan zitekeena, jatorrizko zurezko egiturari gainjarria azaltzen da, honen funtzio batzuk ordezkatu dituelarik. Edozein modutan, mantentzen dira oraindik jatorrizko egitura honen hainbat elementu, Lardamuno XVI. mendeko dolare-baserri izan zela adierazten dutenak.

  • ELORZA, Mikel; GOIKOETXEA, Imanol. Conocer el valle de Aiztondo, 1994.
  • MORA AFAN, Juan Carlos. Zizurkilgo Historia. Bailaratik hiribildura (1186-1615). Tolosa: Lizardi Kultur Elkartea, 2005. (Tolosaldea Historia Bilduma, 08).
  • MORA AFAN, Juan Carlos. Gizarte tradizionala Zizurkilen (1615-1800). Tolosa: Lizardi Kultur Elkartea, 2006. (Tolosaldea Historia Bilduma, 11).
  • MORAZA, Alfredo (et al.). Zizurkilgo Baserriak. Tolosa: Lizardi Kultur Elkartea, 2010. (Tolosaldea Historia Bilduma, 15).
  • SANTANA, Alberto (et al.). Igartubeiti, Gipuzkoako baserri bat. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2003.
  • SANTANA, Alberto (et al.). Euskal Herriko Baserriaren Arkitektura. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 2001.
  • SANTANA, Alberto. Baserria. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1993. (Bertan bilduma, 4 zenbakia).