Revistas

Korrok

Iruñea, 1984-1989

Pamiela (1983-86/1991-93) literatur aldizkariaren 1. zenbakiko kolaboratzaileak izandako lau lagunek sortu zuten Korrok, euskara hutsean Iruñean argitaratutako lehenengo literatur aldizkaria.

Estafeta kaleko taberna batean erabaki zuten aldizkariaren izena Jon Alonso, Josetxo Azkona, Ana Iribar eta Mikel Tabernak eta 1984ko urtarrilaren 5ean plazaratu zuten 1. zenbakia. Doan banatu zituzten idazmakinaz konposatutako 36 orrialdeko sorta grapatuak (14,5x21). Pamielak bezala, Iruñeko Alde Zaharreko Auzolan liburu-denda izan zuen aldizkariak bere lehenengo helbidea. Beraien babesa izan zuten 2. zenbakian ere (1984ko martxoa) eta orduan ere doan banatu zituzten aleak.

Hasieran, abokatu laboralista batzuen bulegoan egiten zuten aldizkaria, beraien idazmakina elektrikoa erabiliz. Geroago Zaldiko Maldikon elkartzen hasiko ziren. Pamielan aritutako lau kideez gain, 2. zenbakirako Xabier Diaz Esarte eta Josune Aranburu gehitu zitzaizkien. 3. zenbatik aurrera Patxi Huartek ("Zaldi Eroa") talde eragilean parte hartu zuen. Javier Alonso, Jonen anaia, marrazkiez eta ale batzuen muntaiaz arduratu zen.

Fanzineen moldeak segituz, 1984ko lehenengo lau zenbakiak Korroken aro ikonoklasta eta undergroundaren ispilu dira. Formatuari dagokionez, 2. zenbakitik 4.era 17x24ko neurria erabiliko dute. 1000 aleko tiradarekin, hamar durotan saldu zituzten.

Aldizkariak harrera ona izan zuen eta salmentatik diru apur bat aurreratzea lortu zuten. Horrez gain, publizitatea sartzeko eta diru-laguntzaren bat lortzeko bidea ikusirik, ordura arteko modu artisanala uztea erabaki zuten eta inprentan argitaratzen hasi ziren. 5. zenbakiarekin (1984ko udazkena), formatua aldatu zuten (19x26), idazmakina alboratu eta muntaia eta maketazioa profesionalizatu, kalitatea eta itxura hobetuz. Ikonoklasta izateari utzi gabe, baina modu serioago eta normalizatuago batean ekin zioten lauzpabost aletan, 8. zenbakira arte (1985eko azaroa).

Kultur eta literatur gaiak jorratu zituzten. Sorkuntza lanez gain elkarrizketek, gogoetek, iritzi artikuluek eta liburuen iruzkinek euren tartea izan zuten. Itzulpenak ere landu zituzten (León Felipe, Blas de Otero, Pablo Neruda, Celso Emilio Ferreiro, Bertrand Russel, Bertold Brecht, Franz Kafka, Heinrich Boll, Cesare Pavesse, Fernando Pessoa,...)

Marrazkilari eta komikilarientzat ere plataforma izan zen Korrok. Bertan kolaboratu zuten, besteak beste, Javier Alonsok, Patxi Huartek, Ester Fernandez Casasesek, Xabier Idoatek, Asisko Urmenetak, Joaquin Pastorrek, Carlos Urrutiak edo Tomari Asironek.

Hasieratik amaierara arte, nafarren eskuetan egon zen aldizkaria. Nafarroa abiapuntu geografikoa bazen ere, euren asmoa Euskal Herri osora zabaltzea izan zen. Behin baino gehiagotan naufragotzat jo izan zituzten euren buruak; euren esanetan, Nafarroako irla hartatik izkribuak bidaltzen zituzten botila batean sarturik, beste itsasoetara edo beste uharteetara, baina ez zieten jaramon askorik egiten.

8. zenbakiaren ostean, gainbehera etorri zen, nekatu egin ziren. Bi urteko etenaldiaren ondoren atera zuten 9. zenbakia, 1987ko irailean. Taldeko zenbaitzuk aldizkaria utzi egin zuten eta Mikel Taberna eta Patxi Huarteri esker atera zuten alea. Aurreko aleen ildotik segitu zuten, jende berria hurbilduko zitzaienaren esperantzarekin. Ez zekiten aurrera segituko zuten ala ez, baina Patziku Perurenaren "Bapateko bertsolaritzak jada ez dit balio niri" artikuluak sortu zuen zalapartak lagundu zien aurrera egiten. Patziku Perurenaren polemika hari esker, euren presentziaz ohartuko zen bat baino gehiago. Baina leitzarra bilakatu zen protagonista, eta ez aldizkaria. Aldizkariak berak ez zuen eragileek espero zuten oihartzunik lortu.

10. (1988ko otsaila) eta 11. zenbakietan (1988ko ekaina) kolaboratzaileen kopurua nabarmen hazi egin zen; ohiko lagunen artean, berriz, aipatzekoak dira Xabier Agirre, Joakin Balentzia, Xanti Begiristain, Aingeru Epaltza, Txiki Idoate, Patziku Perurena, Isidro Rikarte, Gorka Setien eta Bixente Serrano Izko. Hasierako dozena erdiko taldetik hogeita bostekora pasatu ziren. Diru aldetik arazo handiegirik ez zuten eta sasoirik egonkorrenean zeudela zirudienean etorri zen hondamendia. Lagun talde txiki bat zirenean, talde-lanak eta aldizkariak bazuten koherentzia bat, baina kolaboratzaileen kopurua handitzen joan zen heinean talde eragilea sakabanatu egin zen; barne-lotura handiegirik gabe geratu ziren, talde-sintonia galduz. Literaturaren munduan beste bide batzuk jorratzea ere hautatu zuten hainbat kidek.

Hurrengo zenbakia ateratzeko deialdiak erantzun nahiko kaskarra izan zuenez, Josetxo Azkonak eta Patxi Huartek elkarrekin atera behar izan zuten 12. zenbakia (1989ko maiatza) eta azaleko "Alea jacta est" oharrarekin amaitutzat eman zuten Korrok literatur aldizkariaren ibilbidea.

Hilabete batzuk lehenago, 1988ko neguan, Patxi Huartek berak beste lagun batzuekin batera, Napartheid sortu zuen eta, horrela, Korrokeroen izpirituak bizirik iraun zuen. Are gehiago, Korrokeroei soberan geratu zitzaizkien diru apurrak Napartheidekoei eman zizkien 1991n 5. zenbakia atera ahal izateko. Eta beraiei esker aurrera egin ahal izan zuen komiki aldizkariak.

Korrokek harrobia zaindu eta sortu nahi izan zuen eta Iruñea aldean euskaraz idazteko tresna bat sortu zuen. Korrok trebatzeko eta lotsagabetzeko bide bat izan zen. Adibidez, lehen plaza izan zen Patziku Perurena, Aingeru Epaltza edota Joakin Balentziarentzat. Aldizkariaren desagerpenarekin literaturgintzarako plataforma garrantzitsu bat galdu zuen Nafarroan euskal literaturak.