EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Jose Manuel Etxeitaren (1864-1915) lehen nobela dugu Josecho (1909). Euskal nobelagintzaren lehen aldietan agertu zuen, beraz, nobela idazleak. Nobelaren zertzelada nagusia autobiografia da, Jose Manuel Etxeitak 1886. urtean (badago edizio berri bat 2003. Urtekoa, eta orduan bizi izan zen Manilan, Filipinetan) biografia berezia agertu zuen: Amoríos de Juana y Manuel izenburupean. Testu autobiografiko horretan emaztearekin, Juanarekin, ezkontzeko izan zituen arazoak kontatzen ditu. Arazo nagusia bere amaren baimenik eza zen, Juanaren egoera soziala zelarik ukaziorako arrazoirik nagusia, nahiz eta ezkongaiak lehengusu-lehengusina omen ziren, eta beraz, ezkontzeko Aita Santuaren baimena izan behar zuten. Deigarria da, alabaina, nolako errespetua agertzen duen Jose Manuel Etxeitak amarekiko, haren gogoa betetzen baitu gizon sendoa eta marinako kapitaina denean. Neurri horretan autobiografia gizarte talde tradizionalistetan gertatu ziren konbentzio sozial estuen adibide garrantzitsua da.
Bere semeari liburua eskainita, bizitzan izandako gorabeherak ere paperean jarri zituen Etxeitak. Nola oso gaztetan ezagutu zuen Juana, nola ikasi zuen eta prestatu zen itsasoan lanbidea lortzeko, zein ontzi agindu zuen, nolako bidaiak egin zituen, non hondoratu zitzaion ontzia, eta zeinen tira-bira gogorrak izan zituen. Emaztegaiarekin izan zituen joan etorriak ere kontatzen ditu, nola joan ziren erromes, nolako serenatak egiten zituen...
Autobiografiaren idazketan foiletinaren edo nobela sentimentalaren ezaugarriak darizkio, hala nola azpitituluan, hau baita izenburu osoa: Amoríos de Juana y Manuel y lo que es la madre á pesar de los pesares.
Nobela, neurri batean, autobiografia bihurtzeko prozesua da. Josecho eta Eladiren arteko maitasun istorioa, Jose Manuel Etxeitak bizi izandakoa da, eta autobiografikoak dira neurri handi batean itsasoko istorioak. Paralelotasun zehatzak aurki ditzakegu Jose Manuel Etxeitaren bidaien eta Josechoren joan-etorrien artean: Cabo de Hornoseko ekaitza, Mexikoko egotaldia, Filipinetako egoerako aipamenak, batzuetan bigarren mailako pertsonaien bidez emanak.
Baina nobela egiteko prozesuan, Jose Manuel Etxeitak berriro joko du nobela sentimentalaren aipamenetara. Jakina denez, nobela ijito talde batek dakarren haur bat Mundakako Ondartza etxean uzten dutenean hasten da, umea seme alabarik gabe bizi diren Txomin Txiki eta Juana Mariren zaintzan utziz. Haur hori Josecho da, eta nobelak haren bidea erakusten du, lanari eta negozioari esker, bai alde profesionalean bai alde sentimentalean, gizon aberats bihurtu arte Eladirekin ezkontzen delarik, eta benetako gurasoak ezagutu arte.
Askotan aipatu izan da Jose Manuel Etxeitak Truebaren zenbait ipuin itzuli zituela euskarara, eta, ondorioz, Truebaren egitura narratiboen eragina nabarmendu da mundakarraren nobelan. Ez da berea nobela errealista, eta hasieran bertan adieraziko litzateke zein urrun aurkitzen den hiriko espaziotik eta gizarte modernotik. Baina joera ideologiko kontserbatzaileak eta tradizionalak oso nabarmenak badira ere, Josechoren kontaketa teknikan badira zenbait zertzelada interesagarri. Aipatu izan da zein neurritan makurtu den nobela sentimentalaren legeetara, nola erabili duen argumentu oso ezaguna (umezurtzak edo galdutako haurrak egiten du gurasoen ezagutza), narratzailea ere orojakilea da, ohiturazaletasuean, kostunbrismoan egiten den bezalatsu, narrazioan parte harturik eta bere balorazioa eginik.
Baina baditu, dena den, autobiografiarako joeran ere aipatzeko moduko ezaugarriak, nobela egituratzeko egin duen ahalegin simetrikoa adibidez.
Kapitulu batean, esaterako, Josechok itsasoan egiten duen bizitza kontatzen da, eta hurrengoan Eladiren bizitza. Txandakatzea da egilearen teknikarik garrantzitsuena. Espazioaren tratamendua izango litzateke aipagarriena: Josechok toki asko ezagutzen ditu, bere lana dela medio, batez ere Hego Ameriketakoak. Espazioaren tratamendua ez da manikeoa, beste idazle kostunbristek ohi dutenez, esperientziari loturikoa da. Dena dela, norberaren lurraren goraipamena egiten da, nostalgia nagusitzen delarik espazioaren tratamenduan.
Nobela sentimentalak agintzen duen moduan, konfliktorik eza izango da nobelaren alde narratiborik ahulena; ekintzen tratamenduan ere maiz erabili izan da Jaungoikoaren izena ekintzen eragile gisa.
Truebaren eragin zuzena izan daiteke paisaiaren deskribapenari ere egin zaio tokia nobelan. Baina Jose Manuel Etxeita saiatzen da kontakizunaren erritmoa bizkortzen elkarrizketa ugarien bidez. Une askotan eta batez ere kanpoko herri eta hirien, portuen deskribapena egiten duenean, errealitatetik hurbil dagoela ematen du, kronika egile baten estiloa darabilelarik. Diruari egindako tokia giro ekonomiko berrien agerpena da, baina errentak lortzeko moduak ez dira industriarekin lotzen, garraioekin eta inperioak sorturiko behar izanekin baino.
- AREJITA, Adolfo. "Etxeitaren idazlangintza. Sartaurre antzera" in ETXEITA, Jose Manuel: Josetxo. Labayru-BBK Fundazioa, 1995. 7-63.
- KORTAZAR, Jon. Jose Manuel Etxeita. Bilbao: BBK Fundazioa, 1999.