Novela

Itsasoak ez du esperantzarik (1972). Luis Haranburu Altuna

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Lur argitaletxeak eman zuen argitara Luis Haranburu Altunaren (1947) lehen literatur lana, orain aztertuko duguna. Tom Waits kantariak abestutako Sea of love doinua dakarkigu burura hasiera baten. Eleberria Euskaltzaindiak eratutako sarira aurkeztu zen eta, gezurra badirudi ere, euskal kulturarentzat eta euskararentzat garai latzak ziren 70. hamarkadako hasiera hartan itsasotik etorritako kresal usaineko haize freskoa bezalakoa izan zen euskal irakurleareentzat kontatzen zaigun amodio eta desamodioei buruzko istorioa.

Kontakizuna xumea da oso, baina argitaratu zen unean euskaraz idatzitako liburuak nekez lor zitezkeela, eta euskal literaturan oso ohikoa ez zen gaia zela kontutan izanik, ondo uler daiteke zergatik izan zen hala moduzko best seller-a euskal irakurleen artean, batez ere gazteen eta unibertsitateko ikasleen artean, istorioa hurbilekoa izateaz gain kontakizuneko bi protagonistak, istorioko pertsonaia bakarrak, Ines eta Xabier, unibertsitateko ikasle giroko gazteak baitira.

Protagonista bietako batek lehen pertsonan kontatua, maitale zeharo desberdin biren maitasun-nahiari eta urruntzeari, eta deselkartzeari buruzko istorioa da Altunarena, udagoieneko arratsalde alper bateko ordu geldoak jarraituz hiru ataletan antolatua: "Bostak", "Seirak" eta "Zazpirak". Hauetako bakoitza azpiataletan banaturik dago, sei azpiatal ditu "Bostak" atalak, beste horrenbeste "Seirak" atalak, eta bat-bateko heriotza hirugarren azpiatalean, "Zazpirak" atalak. Antolaketak eta flash-backaren erabilerak agerian uzten du kontakizunean denboraren joanak duen garrantzia, geldoegia maitasun istorioak duen arrapaladako ebazpena kontutan izanik. Horrela, denbora horren neurkera behin eta berriro agertuko da eleberrian zehar: "ORDU LAURDEN bat iragan da Inesek hots eginez gero", eta Inesen deitik aurrera, Xabierrengana berriz agertu arteko hiru orduetan, jada iraganekoa den harremanari buruzko oroitzapenak isuriko ditu narratzaileak kontakizunean. Orden kronologikorik jarraitu gabe eta oroitzapenen aukeren mende. Deborari emaniko garrantziak aipatu dugun erritmoaren geldotasunari abagune emango dio, geldotasuna eleberrian sarritan gertatzen den errepikapenaz azpimarraturik. Errepikapen hau, behin gertatutakoa behin eta berriro kontatuz, olatuaren joan-etorri etengabeaz erabat obsesiboa bihurtzen du izan zitekeen eta jadanik ez den maitasun istorioa. Orden kronologikorik jarraitu gabe eginiko oroitzapen errekurrentzian, kronologiak, eta zenbait ekintza behin bakarrik eta oso era eskematikoan agertzeak kontrapuntu zehatza markatzen du hala ere narrazioaren garapenean.