Arquitectura

Hernaniko Udaletxea

Datuen arabera, Hernaniko udalerria XIII. mendearen hasierakoa da. Jakina da herriko hirigune historikoan kokatuta zegoen lehenengo kontzeju etxea XVI. mendekoa zela eta Domingo de Olazoaga maisuak diseinatu zuela.

XVII. mendearen azken herenean udal egoitza berri baten eraikuntza erabaki zen eta kokapenerako gaur egungo Gudarien plaza aukeratu zen, San Joan Batailatzailearen parrokia elizaren ondoan.

Behin eraikina non gauzatu erabakita, Villa Alcazargo Kondeak proposatutako trazak ez zuen onarpena jaso, txikiegia omen baitzen. Azkenean, Juan de Lizarraga maisuak proposatutako neurri handiko diseinua aukeratu zuten. Agirien arabera, 1673. urtean herriko erregidoreek udaletxearen eraikuntza agindu zuten eta, zenbait berritze lan eta hainbat arazo gainditu ondoren, 1700. urtean obra amaitutzat eman zen.

Aurkitutako planoen arabera, oinplano angeluzuzeneko eta hiru solairuko eraikina zen. Harlanduzko egitura zeukan eta aparejua isodomoz egina zegoen.

Fatxada nagusia, hegoalderantz orientatuta zegoen eta herriko plaza nagusira begiratzen zuena, euskal udaletxe eredura egokitzen zen. Beheko solairuan, erdi puntuko zortzi arkuz osatuta, arku multzoa zabaltzen zen, eta sarrera nagusia izateaz gain, bertan biltegiak, kartzela eta alondegia kokatzen omen ziren ere.

Lehenengo solairuko arku multzoaren gainean kokatutako platabanda lau batek bereizten zituen lehenengo eta bigarren pisuak. Gorputz honen gainean burdinazko karelak ateratzen ziren balkoi irtenak eusteko funtzioarekin. Bigarren pisu honetan, besteak beste, epaimahaiaren aretoak, herriko eskola eta irakaslearen etxea banatzen ziren.

Hirugarren solairuan zenbait bao irekitzen ziren eta aldameneko hutsuneen gainean kapitelez hornitutako dorreak altxatzen ziren. Pisu honen barruan hainbat areto, batzar areto nagusia eta medikuaren etxea zeuden. Bigarren mailako eskailerak jartzen ziren hemen.

Kanpoko konposizioari dagokienez, horizontaltasuna, soiltasuna eta zorroztasuna dira eraikinaren ezaugarri bereizgarriak. Hori dela eta, estilo arkitektonikoaren aldetik, barrokoaren garaiko joeraren arabera diseinatuta zegoela esan daiteke.

Tamalez, Juan de Lizarraga maisuak bururatutako eraikina ez da kontserbatzen eta orube berean beste eraikin bat altxatu behar izan zuten udalerriko beharrizanak kudeatzeko.

Geroago, egindako udaletxeak Napoleonen tropen erasoa jasan zuen eta Bigarren Karlistadan, 1875. urtean hain zuzen, barruan zegoen bolbora karga baten ondorioz lehertu eta erabat hondatuta gelditu zen.

Joaquin Fernandez de Ayarragaray arkitekto hernaniarrak eman zion traza udaletxe berriari eta hori da gaur egungo Hernaniko udal egoitza. Eraikin berria, toki berean altxatzen dena, 1899. urtean bukatu zen eta estilo eklektikoaz baliatu zen egilea diseinatzeko orduan.

Eraikinak oinplano angeluzuzena dauka eta hiru solairukoa da. Fatxada nagusiak ixten du herriko plaza baina, beheko solairuko arku bati esker, enparantzara sartzeko antzinako ate zaharrak kontserbatzen da. Alde honen beheko pisuan, lehen aipatu den bezala, atari bat dago, erdi puntuko zazpi arkuez osatuta. Zazpi arku horiek, apaingarriz hornitutakoak, zutabe karratuetan oinarritzen dira. Gorputz honen gainetik hainbat hutsune irekitzen dira, bigarren pisua osatuz. Erdian zabaltzen den balkoi nagusia erdizirkularra da eta alboetan agertzen direnak frontoi triangeluarraz koroatuta daude. Pisu honetan apaindura ugari biltzen dira: zutabe itsatsiak, ateetako apaingarri osagaiak eta solairua zeharkatzen eta bereizten duten moldurak, besteak beste.

Hirugarren pisua geroago eraiki zen eta, erdiko atala, gainerako multzoaren planotik atzerago dago. Gorputz honetan erlojua eta dekorazio ugari biltzen dituen arku multzoa nabarmentzen da. Alboetan, fatxadaren plano berean, bi dorre oktogonal altxatzen dira, eraikinaren horizontaltasuna arinduz.

Hernaniko udaletxeak eraberritzeko lanak jasan ditu, 1983 eta 1984 urteen artean, baina obra horietan berezko antolamendua eta osagaiak, barrukoak zein kanpokoak, mantendu egin dira.

  • ASTIAZARAIN, Maria Isabel: Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII. Manuel Carrera, Manuel Martin de Carrera. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Turismo Departamentua, 1991.
  • CENDOYA ECHANIZ, Ignacio: Arkitektura eta hirigintza Gipuzkoan. Bilbo: Ortzadar Bilduma. Gero-mensajero, 1995.
  • ISASA, Pedro; LINAZASORO, Iñaki: Gipuzkoako udaletxeen marrazkiak. Dibujos de las casas consistoriales de Gipuzkoa. Donostia: Kutxa Gizarte eta Kultur Fundazioa. Fundación Social y Cultural Kutxa, 1995
  • SAÑUDO-LASAGABASTER, Blanca: Estudio histórico y arquitectónico de las casas consistoriales guipuzcoanas de los siglos XVII y XVIII. San Sebastián: Colección Estudios e informes. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1985.
  • YRIZAR, Joaquin: Las casas vascas: torres, palacios, caseríos, chalets, mobiliario. Bilbao: Librería Villar, 1980.