Novela

Galdu arte (1996). Juan Luis Zabala

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Juan Luis Zabalak 1996an argitara eman zuen Galdu arte izenburudun nobela, eta, berehala, arrakasta handia izan zuen. Hurrengo urtean, 1997an idazleak nobela horri esker irabazi zuen Espainiako Kritika Saria, 1996an euskaraz argitaratutako narratibaren alorrean. Olaziregik adierazten duenez (Olaziregi, 2000, 45), kritikoen artean ez ezik, irakurleen artean ere izan zen arrakastatsua liburua, batez ere irakurle gazteen artean. Idazleak nobelaren gaiei buruz eta nobelan agertzen ziren gertakariei buruz (batez ere Azkoitiko gaztetxeari dagokionean) hainbat hitzaldi eman zituen, eta horrek irakurle asko bultzatu zituen liburua irakurtzera. Ildo honetatik, aipagarria da nobela berehala itzuli zela gaztelerara: 1998an agertu zen gaztelerazko bertsio bat: Hasta la derrota, siempre, Hiru argitaletxearen eskutik.

Nobelaren argumentua 1984an kokatuta dago, eta urte horretan Azkoitiko gaztetxearen inguruan sortutako gazte mugimenduaren historia kontatzen da. Nobelaren ardatza gaztetxearen sorreraren historia da, bai eta horrekin zerikusia izan zuten gazteen gorabeherak ere; baina, horrekin batera, pertsonaia berezi bat bilatu du idazleak istorioa garatzeko. Pertsonaia horrek Xepe du izena, eta haren ibilbideak markatzen du kontakizunaren haria. Gaztetxearen sorrera, baina, ez da kontraesanik gabe gauzatzen, eta hala islatzen da nobelan behin baino gehiagotan.

Gaztetxea sortu nahia punk mugimenduaren inguruko zenbait gazteengandik sortzen da, helduen mundutik aparte bizi nahi duten gazteengandik, alegia. Eraikina okupatzen dute, eraikinaren funtzionamendua euren nahien arabera antolatzen dute, asanbladan erabakitakoan oinarrituta. Edozein instituzionalizaziotatik urrun daude (edo egon nahi dute) gazteok. Baina, udaletxeak gaztetxe ofiziala egitea erabakitzen duenean, zirt edo zart egin behar dute: instituzionalizazioak planteatzen dituen mugen barruan mugitu ala ezer gabe geratu. Hamazortzi-hemeretzi urteko gazteek, edozer baino lehen, euren askatasuna baloratzen dute; hala ere, nolabait, instituzionalizazioa onartu beharrean ere egongo dira, egoera kontraesankor horrek euren artean tirabirak sortzen dituelarik.

Gaztetxearen historia kontatzeko, Xeperen istorioan zentratzen da narrazioa. Idazleak Maite Artola kazetariari emandako elkarrizketa batean dioenez, pertsonaia hori ez da benetako pertsona baten isla:

"Eleberrian badira pertsonaia zenbait oinarri erreala dutenak; ez dira asko, eta nagusia ez da horietakoa." (Artola, 1996, 41).

Edonola ere, ematen du pertsonaiaren ezaugarrietan idazleak ezagututako hainbat pertsonaren ezaugarriak biltzen direla, hala iradokitzen du idazleak berak nobelaren hitzaurrean (Zabala, 1996, 8).

Familiak inposatzen dizkion mugen barruan gaizki egokitzen da pertsonaia nagusia, behin eta berriro dauzka liskarrak etxekoekin, edozein arrazoirengatik: dela familia-ospakizun batera joan nahi ez duelako, dela lan egiten ez duelako. Tentsio-egoera horretan, gaztetxea sortzeko lehenengo eraikina okupatzen dutenean, etxea utzita, Xepe haraxe joaten da bizitzera.

Gazte inkonformista da, eta helduen ikuspuntutik inadaptatua eta errebeldea izanik, literatura erromantikoan agertu ohi diren zenbait heroiren ezaugarriak biltzen ditu. Izan ere, Xepek ezin du bere destinoa aurkitu gizarteak proposatzen duen munduan, eta horretarako bere neurriko mundua eraikitzen saiatuko da. Mundu idealizatu hori, ordea, helduen gizartea bezain mugatua irudituko zaio laster, bestek (asanbladak, gaztetxearen nolabaiteko instituzionalizazioak) inposatutako arauak egongo baitira mundu horretan ere. Bestalde, pertsonaia maiteminduta ere badago, baina, hasieran behintzat, horretan ere mundu errealarekin talka egiten duela esan daiteke, maite duen neska ezin lor dezakeen ideal baten moduan aurkezten baitzaio. Helduen gizartean, gaztetxean eta maitasunean bere lekua topatu ezinik, Xepe gaztetxetik urruntzen hasiko da poliki-poliki, eta drogen mundura joko du bere neurriko paradisu pribatuaren bila. Puntu horretan bukatzen da kontakizunaren atal nagusia, eta epilogoan Xeperen osteko ibilbidea laburtzen bazaigu ere, azken hori hainbat gazteren historia bezalakoa izango da, azken helmuga heriotza izanik, drogen munduan aurkitutako ustezko paradisu hura infernu bihurturik.

Pertsonaia horren eta gaztetxearen ibilbideak batera doaz nobelan, eta bi zutabe horien gainean eraikitzen den kontakizuna bigarren mailako anekdotaz beterik dago. Alde horretatik ulertu behar da idazleak hitzaurrean aipatzen duen adiskide baten iritzia, nobela askotan nahiko "folklorikoa" (hauxe da erabiltzen duen hitza) dela adierazten duenean (Zabala, 1996, 7), anekdoten "axalean" geratu balitz bezala. Edonola ere, liburu punk mugimenduko gazteen anekdoten bilduma folklorikotzat hartu arren, esan behar da "axal" hori behintzat oso ondo girotu duela egileak, eta batzuetan sakonean gertatzen ziren kontraesanak ere plazaratu dituela.

Kontakizunean giro baten berri ematen da, eta horrek batzuetan liburuari kronika-itxura ematen dio, M.J. Olaziregik eta idazleari elkarrizketa egin dion Maite Artolak dioten moduan (Olaziregi, 2002, 122; Artola 1996, 41). Hauxe erantzuten du Zabalak, elkarrizketa-egileak, liburuak kronika itxura duela adierazten dionean:

"Lehenengo asmoa giro baten berri ematea zen, gero etorri zen pertsonaiarena eta istorioarena. Litekeena da giro horretako elementuak erakusteko joera izatea eta horrek nolabait eleberria bortxatu izana baina istorioak ere badu bere indarra." (Artola, 1996, 41).

Olaziregik Juan Luis Zabalaren literatura subjektibitatea ardatz duen nobelagintzaren atalean kokatzen du, baina Galdu artek idazlearen norabide aldaketa erakusten duela adierazten du:

"Lan hartan Zabalak errotiko norabide aldaketa egin zuen, estetika errealista eta sozialagoetara hurbilduz." (Olaziregi, 2002, 122).

Horrekin lotuta esan behar da idazlea, 80ko hamarkadako gertakariak kontagai dituelarik, aldez edo moldez Euskal Herriaren egoera politiko eta sozialaz ere hitz egin beharrean egon dela. Argumentuan bi gizarte kontrajartzen direla ematen du: alde batetik, gurasoengandik datorren gizarte nolabait orekatua dugu, PNVrekin eta, neurri txikiago batean, HBrekin identifikatzen dena; eta bestetik, gazteen gizartea dugu, anarkista-edo izan nahi lukeena, alternatiboa. Dena dela, politika kontuetan gazteek ideiak oso nahasita dauzkate, eta Euskal Herrian gertatzen direnak kontraesanen iturri dira haientzat. Ez dute politika ofizialean (eta alde horretatik beraien ikuspuntuan HB ere politika ofiziala da) sinesten, politika ofiziala helduen munduarekin identifikatzen duten neurrian.

Horri gaineratu behar zaio herri identitatearen kontzientzia ahula. Narratzaileak dioenez, gazteek beti erabili izan dute euskara eguneroko bizitzan eta horregatik (hitza azpimarratu egin behar da) ez dira inoiz oso euskaltzale sutsuak izan. Hala gaineratzen du: "Abertzaletasunari beti egin izan diogun muzinean ere izango du eraginik horrek." (Zabala, 1996, 151).

Abertzaletasunarekin batera, badago euskal gizarte tradizionalean funtsezkoa zen beste osagai bat, gazteei zeharo arbuiagarria iruditzen zaiena: Eliza. Nobelaren hasieran eta amaieran, ia nobela osoaren egitura euren baitan bilduko balute bezala, bi pasarte agertzen dira, non eliza Xeperen erasoen helburu agertzen baita. Hasieran, arrebaren ezkontzaren ondoren, protagonistari bururatzen zaio Santa Engraziako ermitara joatea eta bertan triskantza bat egitea. Nobelaren bukaeran, Xepek udaltzainen autoa lapurtzen du, eta Arantzazura doa; autoa han utziko du maleta batekin, leherkaria dela irudikatu nahirik. Nobelako gazteek edozein botereren kontra daudela adierazi nahi dute, eta Euskal Herriaren egoera zein den kontuan hartuta, elizaren aurka aritzea boterearen aurka aritzearen paraleloa izango litzateke.

Gaztetxearen inguruan mugitzen diren gazteak punk mugimenduarekin lotuta agertzen dira, eta oso oinarri sinplea duen ideologia dute, hitz bakar batean laburbil daitekeena: askatasuna. Edonola ere, ideologia eta bizimodua halako printzipio soilean bermatuta, kontraesanak sortzen dira, lehenago adierazi dugun bezala. Askatasunaz zentzu absolutuan ulertzen dute gazteek, hau da, askatasuna norberaren askatasuna baino ez da, eta mugarik ez izatean datza. Nahi dutena nahi dutenean egin nahi dute, horixe baita, euren ustez, askatasuna. Baina, bestalde, gaztetxe barruan asanbladak nolabaiteko arauak planteatzen ditu, eta arauak planteatzea euren arteko konflikto-iturria izango da.

Askatasun absolutu horrekin batera, ekintza zuzenaren aldarrikapena dator. Xeperen ikuspuntua ardaztzat hartuta, pertsonaiek egin egin nahi dute, ondorioetan hausnartu gabe. Garrantzitsuena egitea da, egin ere, triskantza egiten duten arren. Egin behar eta egin nahi hori ezinbestekoa da. Xepek dioen moduan, burutu duen ekintza itxuraz absurdo bat azaltzeko:

"Egin beharra zegoan, ez zegoan beste erremediorik, eta gainera zer hostia!, harro nagok [...]" (Zabala 1996, 61).

Gazteek punk mugimenduarekin bat egiten dute, eta punk mugimendua zerbaitek identifikatzen badu ("no future" bi hitz hauez gainera), musika eta estetika bereziak identifikatzen du. Musika behin eta berriro aipatzen da nobelan, batez ere "La Polla Records" taldea, talde hori baita Xeperen bidelagun nagusiena, baina baita beste talde ezezagunagoak ere: gaztetxean antolatu duten kontzertu batean "Cirrosis", "Optalidón", "Basura" eta "Odio" taldeek parte hartu zuten, eta, kontakizunean kontzertu horren aipamena behin baino gehiagotan agertzen denez, pentsatzekoa da pertsonaientzat oso garrantzitsua izan zela. Musika, beraz, forma estetiko hutsa baino zerbait gehiago da, bizimodua, pertsonak identifikatzeko ere balio baitu.

Gaztetxeak errepresentatzen duen giroan drogen presentziak garrantzi handia du, eta, beste osagai batzuk bezala, pertsonaientzat kontraesan askoren iturri izatera heltzen da. Gazteek ondo pasatzeko hiru gauza behar dituztela baitirudi: garagardoa, musika eta drogaren bat (kanutoa, edota, gehienez, speeda). Baina, euren munduan badago beste droga bat, laster izurrite baten moduan zabalduko dena: heroina. Heroinazaleak gazteengandik hurbil daude, itxuraz, baina aparteko mundu bat osatzen dute, heroinazaleek ez baitute heroina ez beste helbururik. Bada, gaztetxean droga hori debekatzea erabaki dute asanbladan, gaztetxean, kanpoko gizartean bezala, bete behar diren arauak daudela erakutsiz; horrek, ordea, talka egiten du askatasunaz duten ideiarekin. Xeperen infernuratzean eta gaztetxetik urruntzean ere droga horrek izango du bere partea, haren eraginpean eroriko baita gure pertsonaia nagusia. Baina, gaztetxekoek, debekuak debeku, arriskuak sortzen duen lilura bereziarekin begiratzen diote droga horri, itxuraz haren erabileraren aurka badaude ere.

Aipagai dugun nobelako narratzaileaz zerbait esatea komenigarria da, batzuetan narratzailea bitxi xamarra gertatzen baita. Lehenengo begiradan, narratzailea lehenengo pertsonan hitz egiten duen pertsonaia da, gehienetan, kontatzen dituen gertakarien lekukoa, batzuetan gertakari horietan parte hartzen duelarik. Eta lekukoa edota partaidea ez bada, bere lanbideari esker (tabernaria da) dena jakitea lortzen du, tabernako barraren bestaldean konfesorearen papera betetzen baitu, bezeroek kontatu nahi diotena entzuteko. Tabernaria, Niko izena duena, Xeperen lehengusua da, eta, laster, adiskidea; beste gazte asko bezala, gaztetxearen inguruan mugitzen da. Horraino ez dago gauza berezirik. Pertsonaia horrek izaera autobiografikoa ere baduela esan daiteke, batzuetan narratzailea den pertsonaia eta idazlea bereiztea zaila gertatzen baita. "Nire karikatura" deitzen dio pertsonaia horri idazleak (Artola, 1996, 41). Baina narratzailea beste arrazoi batengatik ere bada aipagarria. Izan ere, ezaugarri horiek (pertsonaia izanik lehenengo pertsona gramatikala erabiltzen du istorioa kontatzeko, lekukoa izango bailitzan) dituen arren, narratzaile orojakilea balitz bezala jokatzen du, eta batzuetan hori egiteko ematen duen azalpenak (tabernaria izanik dena kontatzen diote) ez dirudi nahikoa denik berez ikuspuntu batean fokalizatuta eman beharreko informazioa hala emateko. Horrek ere narratzailea eta egilea nolabait identifikatzera eraman dezake irakurlea.

Idazkerari dagokionez, idazleari aitortu egin behar zaio estilo lanketa ikusgarria egin duela. Juan Luis Zabalak, idazle gutxik bezala, lortu du pertsonaien arteko elkarrizketetan gazteen hizkera irudikatzea. Aurreiritzirik gabeko hizkera erabiltzen du, bizia, gazteen neurrikoa eta gazteek adierazi nahi dutenerako egokia. Egiazko hizkeraren transkribapena izan daiteke, edo ez, baina, edonola ere, argi dago idazleak berebiziko ahalegina egin duela gazteen hizkera irudikatzeko eta horretan asmatzeko (eta horrek meritu handiagoa du). Nobelari bizitasun ikusgarria ematen dio hizkera horrek, bestelako artifiziorik erabili gabe, eta guztiz sinesgarri gertatzen zaio irakurleari.

  • ALDAI, Xabier. "Behin ere galdu ez zutenak". Euskaldunon Egunkaria. 1996/11/02.
  • ARTOLA, Maite. "Ez neukan barne sentipenetan gehiago sakontzeko gogorik" (elkarrizketa). Argia. 1593. zenb. 1996/09/29.
  • BORDA, Itxaro. "Lost generation". Argia. 1996/11/24.
  • JUARISTI, Felipe. "Gaztetxean". El Diario Vasco. 1996/11/09.
  • OLAZIREGI, Mari Jose. "Literaturaren irakaskuntza bigarren hezkuntzan. Testu-iruzkinetarako metodologia". Hegats . 28, 2000. 39-73. or.
  • OLAZIREGI, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia. Bilbo: Labayru & Amorebieta-Etxanoko Udala..
  • ZABALA, Juan Luis. Galdu arte. Iruñea: Susa, 1996.