Historiadores

Escobedo Romero, Rafael

Historialaria, 1977an Iruñean jaioa.

Nafarroako Unibertsitatean (UNAV) historian lizentziatua (1999) eta doktoratua (2004), bertako Historia departamentuko irakaslea da 2004. urteaz geroztik.

Bere doktorego tesia XVIII. mendean Espainiako koroak tabakoaren gain zuen monopolioaren inguruan burutu zuen; tesia lantzen ziharduen artean, Agustín González Encisoren gidaritzapean eta "Grupo de Investigación de Historia Financiera" (GRHIFI) zeritzonaren baitan, gaiari buruzko hainbat ikerketa landu zituen, beti ere, Aro Berriaren mugen barruan (XVIII. mendea, bereziki). Ikerketak burutu ahala, hainbat lurraldetara bidaiatu zuen ikertzaile bisitari bezala: Austinen (Texas, EEBB, 2001), Londonen (Bretainia Handia, 2002), Marburgon (Alemania, 2003), Pessac-en (Frantzia, 2003), Cambridgen (Bretainia Handia, 2004), eta Chicagon (EEBB, 2009) egin zituen egonaldiak. Piuran (Peru, 2002) ere egon zen, historiako irakasle bisitari lez. Honako argitalpenak dira garai horietako lanen adierazgarri:

  • "El contrabando y la crisis del Antiguo Régimen en Navarra (1778-1808)". Príncipe de Viana; 221. Iruña: Institución Príncipe de Viana, 2000, 695-730 orr.
  • "Sospechosos habituales: contrabando de tabaco y comerciantes extranjeros en los puertos españoles". Non: Actas del I Coloquio Internacional "Los extranjeros en la España moderna". I. alea. Málaga: Ministerio de Ciencia y Economía, 2003; 313-323 orr.
  • "El contrabando transpirenaico y el monopolio de tabacos español durante el siglo XVIII". Non: POUJADE, P.; MINOVEZ, J.-M. (arg.): Circulation des marchandises et réseaux commerciaux dans les Pyrénées, XIIIe-XIXe siècles. I. alea. Toulouse: CNRS / Université de Toulouse-Le Mirail, 2005; 119-132 orr.
  • El tabaco del rey. La organización de un monopolio fiscal durante el Antiguo Régimen (tesia). Iruña: Eunsa, 2007.
  • "Finanzas, política y honor: los superintendentes y directores generales de la Renta del Tabaco durante la primera mitad del siglo XVIII". Obradoiro de Historia Moderna; 18. Santiago de Compostela: Universidad de Santiago, 2009, 263-280 orr.

Zenbait sinposio eta kurtso ere eman izan ditu, XVII-XVIII. mendeetako komertzio eta finantza gaiei buruz.

2009-2010 urteez geroztiko bere ikerketak, ostera, XX. mendeko historiara bideratu ditu, eta "Historia de España del Siglo XX" ikerketa taldeko partaide lez, Antonio Garrigues Díaz-Cabañate Washington-en Espainiako enbaxadan egon zen garaian (1962-1964) Espainia eta Estatu Batuen artean zeuden erlazioen gorabeherak ikertzeari ekin dio, frankismotik demokraziarako trantsizioaren testuinguruan. Bere ikerketen ibilbide honen berri, argitaratzear dauden lan hauek ematen digute:

  • "Catholic support to processes of democratization in Spain. New literary review (Santiago MARTÍNEZ SÁNCHEZekin batera, errusierazko artikulua; argitaratzear: "Espainiako prozesu demokratikoari katolizismoak emandako sostengua". Literatura behatzaile berria aldizkarian).
  • "La embajada en Washington de Antonio Garrigues Díaz-Cañabate (1962-1964): ¿Una diplomacia para el aperturismo?". Historia y Política; 23. Madrid: Biblioteca Nueva, 2010, 243-273 orr.

Unibertsitate mailako irakaskuntza eta ikerkuntza lanez bestalde, helduen hezkuntzan ere aritu izan da. Besteak beste, Aizoaingo (Nafarroa) kuartelean "Mando de Personal del Ejército de Tierra para tropa" deritzenei Geografia eta Historia klaseak eman izan dizkie (2008-2009), eta Nafarroan zeharreko leku ezberdinetan, baina bereziki Iturramako Jubilatuen Elkartean (Iruñea) historiari eta ekonomiari buruzko hainbat hitzaldi ere eman izan ditu, konferentzia zikloetan. Halaber, udako kurtsoren batzuetan antolatzaile lanetan ibilia da ("España ante el Islam. Confrontación e integración de civilizaciones", 2006, eta "Tejer y destejer Europa. Guerras y paces en la historia europea", 2005).