Ikastolas

Eguzkibegi Ikastola

Galdakao (1967)

Ikastolaren hasiera 1966 urteko uztailan kokatzen da, guraso talde batek ikastola zabaltzeko asmoa adierazi zuenean. Helburu argi bi zeuden elkarren arteko osagarritzat ulertuak: heziketa euskalduna eta kulturaren inguruan eskaintzea eta era berean kalitatezkoa izatea, pedagogia berritzaile eta askatzaile baten bidez.

Guraso talde haren nahia 1967ko urtarrilean gauzatu zen. Haurrak bilatu, lokalak konpondu eta legalizazio prozesuari hasiera eman ondoren Juan Bautista Uriarte Haurtzaindegia martxan jarri zuten. Era honetara ba, Zabalean Galdakaotar betek eskainiko etxean, 35 ikasle 2 irakaslerekin lanean hasi ziren. Baina hasierako urte hauetan oztoporen bat edo besteri aurre egin behar zitzaion, Administrazio desberdinek. Ordezkaritzak eta Udaletxeak hainbat traba jarri zuten hasita zegoen legalizazio prozesuan zehar; esate baterako, eskola tokia irakasle baten izenean jarri behar izan zen, gurasoenean ezinezkoa gertatu zelako.

Arazo ekonomikoak ere ez ziren txikiagoak izan; gurasoen 1.000 pezetatako matrikula eta hilero 250 pezetako kuota ordaintzeaz gain, soluzio bideak aurkitzea etengabeko lana bihurtu zen. Dirua lortzeko ekintza aipagarrien artean, kupoia, gabonetako loteria eta baita Kurtzetako jaietan herriko hainbat gazteren ardurapean JOTAKE taberna jartzea zeuden, azken hau, Ellakuria izeneko etxean zabaltzen zelarik.

Espainiar ohiturak ere arazo bihurtu ziren. Espainiako bandera izatea derrigorrezkoa zenez, mehatxupean eta eztabaida handia sortu ondoren jarri egin behar zen. Ordea, denbora aurrera joan ahala, arazo berriak sortu ziren. Horrela hezkuntza sistema berrien moldaketa dela eta, ikasturte batetan mozketa gertatu zen eta ikasleek bide desberdinak hartu zituzten. Batzuk ikastolan jarraituz beste ikastetxe batera, Gandasegira, joaten ziren azterketak egiten. Beste batzuk, ostera, Santutxuko ikastolara, Eubara eta abarretara alde egin zuten. Beste aldetik, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko sistema ezarri zenean, ikastolak izen berri bat hartu zuen, "Colegio Andra Mari", hain zuzen, baina oso epe laburrerako (3 hilabeterako).

Ordea, eta oztopo guztiak gainditu ondoren, urterik urtera ikasle kopurua gorantz zihoan eta gela berriak zabaldu ziren, bi gela Juan Sebastian Elkanon, lau Gaztain kalean eta bost Institutoan. Garai hartan Basauri eta Galdakaoren artean eskualde mailako ikastola egiteari buruzko eztabaida sortu zen. Proposamenak ez zuen aurrera egin eta guraso eta irakasleek gaur egungo eraikuntza egitea erabaki zuten. Proiektu berri honekin batera beste aurrera pauso garrantzitsu bat aipatu beharrean gaude: 1972ko urriaren 25ean ospaturiko Batzar Orokorrean, kooperatibaren eraketa onartu zen, familia bakoitzak berrogei mila pezetatako kuota ordaindu behar zuelarik.

1974ean 5.400.000 pezetatan terrenoak erosi eta proiektua idazten da, Udaletxeak urtearen amaieran eraikitzen hasteko baimena ematen duelarik. Baina Ministeritzak arazo teknikoak direla medio prozesu guztia urtebete atzeratzen zuen. Ministeritzak aldaketak egitera behartzen du:, proiektu berria idaztera, ondoren onartua izango delarik. Asmoa OHO eta BBBerako eraikitzea izan bazen ere, bigarren honen ideia deseustaturik gelditu zen baimenik ez zelako lortu. Gorabehera guztiak gainditu ondoren, 1976an eraikitze lanei hasiera ematen zaie. Bi urte iraungo dute eta 1978ko irailean ikasle eta irakasleak ikastola berrian daude. Hurrengo urtean EGUZKIBEGI izena jartzen zaio, izen hau irabazle suertatu zelako, besteak beste, GALDAKOA HAZIONA eta IBAIZABAL-en artean.

1979an ikastola eskola publikoan bihurtzeko prozesuan sartu zen eta gaur egun publikoa da.

Ver versión en euskara.