Derioko hilerria egiteko orduan, hainbat faktore kontuan hartu zituzten, baina azpimarratzekoak dira irizpide higienistak eta lurraren zabaltasuna, asetasunaren arazoei aurre egiteko. Izan ere, baldintza higieniko txarrak eta kokapenaren mugak ziren Bilbon zegoen hilerriaren arazoak. Gogora dezagun kanposantu hori, Mallonakoa, XIX. mendearen lehenengo erdikoa zela (1828-1830) eta estilo neoklasikoan eginda egon arren, bertan ez zela indarreko arautegia betetzen.
Derioko hilerria XIX. mendearen azken urteetakoa da. 1895. urtean hasi ziren egiten eta 1902an inauguratu zuten. Hilerriaren proiektuan Edesio de Garamendik eta Enrique Epalzak, udal arkitekto biek parte hartu zuten. Jatorrizko planoak Garamendik sinatu zituen baina 1899. urtean hil zen eta, horren ondorioz, Epalzak burutu zuen proiektua.
Kokapenari dagokionez, arazo teknikoak gainditu ondoren eta irizpide higienistei jarraituz, aldirietan dagoen Derio udalerria aukeratu zuten.
Ugari dira erabilitako materialak: gertuko harrobietako harria, bai harlanduz, bai harlangaitzez gauzatuta, adreilua, hainbat lekutako marmolak eta arbela.
Estiloaren aldetik, jakina denez, garai hartan historizismoak hartu zuen gaina arkitektura esparruan, eta, bereziki, alderdi erromanikoa berreskuratu zen proiektua diseinatzeko orduan. Dena den, neogotiko estiloaren elementuak azaltzen dira. Hortaz, hartutako estetika Erdi Arokoa dela esan daiteke, neoklasizismoaren tradizio klasikotik urrun.
Sarreran atariak, kapera, administraziorako eta ehorzketarako eraikinak eta biltegiak kokatzen dira. Ondoren eta goiko maila batean, eskailera-atala igo eta gero, ehorzketarako espazioa zabaltzen da.
Kanposantuaren oinplanoa erretikulatua da, hau da, sare laukiduna osatzen du. Antzinako hirien egiturak gogora ekartzen diguna. Erdiko gunean gurutzatzen dira bi ardatz nagusiak, gurutze latindar itxurako gune handia osatuz. Horren inguruan antolatzen da gainerako espazioa, kaleen eta etorbide nagusien bitartez, Begoñako etorbidea eta plaza zirkularra leku nabarmenenak izanik. Multzo osoa modu erregularrean eta irizpide funtzionalen arabera moldatuta dago.
Lehen aipatu den bezala, Begoñako plaza da leku esanguratsuenetakoa. Izan ere, gune horretan eta gainerako leku pribilegiatuetan kokatzen dira burgesiako familia dirudunen hilobi garrantzitsuenak. Panteoi guztiak desberdinak dira eta, estiloari dagokienez, egiptoar, tradizio klasiko, neorromaniko, neogotiko, errenazimentu eta barroko garaiko eskultura-lanak aurki daitezke.
Egileen artean, entzute handiko hainbat eskultore eta arkitekto azaltzen dira eskultura-obrak eta hilobiak burutzen. Garrantzi handikoak direnez, horiek azpimarratzea merezi du. Alde batetik, Enrique Epalza arkitektoak egindako lanak aipatu behar dira. Izan ere, hilerriaren arkitektoa izateaz gain, hainbat panteoien egilea da: Nicolasa Martinez de las Rivasen panteoia, estilo neogotikoan; Martinez Rivas familiaren hilobia, neobizantziar estiloan egindakoa; Tomas Epalzaren panteoia, obelisko batekin koroatuta; eta Federico de Echevarria familiaren panteoia, neoerromaniko estiloan proiektatuta. Epalzaz gain, beste arkitekto ezagun batzuek diseinatu zituzten burgesiako familien hilobiak, adibidez: Alfredo Acebal, Manuel Maria de Smith e Ibarra, Ricardo Bastida eta Mario Camiña.
Beste alde batetik, aipatutakoaz aparte, ugari dira proiektatutako hilobiak eta eskultoreak, bai ospe handikoak, bai ezezagunak: Quintin de La Torre, Higinio Basterra, Manuel Basterra, Nemesio Mogrovejo, Paco Durrio, Joaquín Lucarini, Valentín Dueñas, Enrique Barros eta Juan Daniel Fullaondo dira hauetako batzuk.
Derioko hilerriak hainbat handitze lan izan ditu. Besteak beste, 1985. urtean Juan Beascoak, Ramon Carnicerrek eta Alfonso Fernandez Aldayk egindako zabalkuntza aipatu behar da. Arkitekto horiek proiektatu zutena atari arkupeduna izan zen eta beharrezko nitxoak gorputz berri horretako hormetan jarri ziren. Jarraitutako irizpideek eta erabilitako egiturak jatorrizko estiloarekiko begirunea erakusten dute eta ez dute jatorrizko multzoa indargabetzen. Hala ere, alde hundia dago bi zatien artean. Jatorrizko atala enfatikoagoa eta erromantikoagoa da, eta 1985eko zatia, berriz, neurrizkoagoa eta irizpide funtzionalei erantzuten die. Izan ere, denbora pasa ahala, panteoi eta proiektu monumentalak gutxitu egin dira eta lurraren errentagarritasuna ezarri da hilerri guztietan.
Enrique Epalza, esan dugun bezala, Bilboko Udaleko Herri Lanetako arkitekto burua izan zen eta zenbait lan egin zituen. Derioko kanposantua egiteaz gain, Basurtoko ospitaleari dagokion proiektua zehaztu zuen eta bi horiek dira bere lan esanguratsuenak.
- HH.EE. Una arquitectura para la muerte. Sevilla: 1991.
- ARNAIZ, A.: Vista Alegre, un cementerio para Bilbao. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1995.
- ARNAIZ, A.: "Escultura y arquitectura para la memoria de la vida. Vista Alegre, el cementerio de Bilbao" Ondare. Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales. Ondare Revisión del Arte Vasco entre 1875-1939. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2004.
- BARAÑANO LETAMENDIA, Kosme; GONZALEZ DE DURANA, Javier; JUARISTI, Jon. Arte en el País Vasco. Madril: Catedra, 1987.
- BERMEJO LORENZO, Carmen. Arte y Arquitectura funeraria. Los cementerios de Asturias, Cantabria y Vizcaya (1787-1936). Oviedo: 1998.
- CASTAÑER LOPEZ, Xesqui (argit.). Arte y Arquitectura en el País Vasco. Donostia: Nerea, 2003.
- CENICACELAYA, Javier. ROMAN, Antonio. SALOÑA, Iñigo. Bilbao. Arquitektura metropolitarraren gida. Guía de Arquitectura metropolitana. Guide to metropolitan Architecture. Bilbo: COAVN, 2002.
- PEREZ DE LA PEÑA OLEAGA, Gorka. Arquitectura religiosa contemporánea en Bizkaia 18651875. Del Romanticismo al Movimiento Moderno. Bilbo: Elizbarrutiaren museoa, 2004.